Hidrogeologoa, Lurpea Garbi-ko kidea

Euri jasak eta kobazuloetan pilatutako hondakinak

Inma Mugerza Perelló
2025eko uztailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren diru-laguntzarekin, Tolosaldeko zabortegi gisa erabiltzen diren kobazuloen katalogoa garatu ondoren (2024ko abendua), Lurpea Garbik egoera honi ahalik eta azkarren buelta eman ahal izateko urrats txikiak ematen jarraitzen du, horrela Tolosaldeko ingurune karstikoen lurpeko urak, kobazuloetako ekosistemak eta ondare arkeologikoa eta geologikoa babesteko.

Lurpea Garbik irmo jarraitzen du dibulgazio eta sentsibilizazio konpromisoarekin. Hitzaldiak, tailerrak eta erakusketak egiteaz gain, hainbat kobazulo garbitu ditu, eta garbitzen jarraituko du, boluntarioen laguntzarekin. Hala ere, badira kobazulo batzuk, zailtasun teknikoengatik eta bertako hondakin motagatik, boluntarioen laguntzaz gain, profesionalen esku hartzea behar dutenak. Horrek kostu bat dakar, momentuz, Lurpea Garbik bere gain hartu ezin duena. Une honetan, Administrazio Publikoak gaiari buruz esateko duenaren zain gaude. Bitartean, gure denbora agortzen ari da; eta gure esaten dudanean, espezie gisa ari naiz gutaz.

Gogoratu behar da 2025eko otsailaren 25ean Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkuran 6/2025 ebazpena onartu zela, Gipuzkoako lurralde historikoko leizeak eta simak garbitzeko eta horrek ingurumenean duen garrantziaz herritarrak kontzientziatzeko. Ebazpen hori talde guztiek onartu zuten, aho batez. Lau hilabete geroago, egoera ia ez da aldatu, Lurpea Garbik zerbait egin duen lekuetan izan ezik.

Administrazioak eta Naturak erritmo ezberdinetan egiten dute aurrera, eta hori arazo bat da.

Naturak bere bideari jarraitzen dio, harkaitza higatu egiten da, euria egiten du, urtaroak joan eta etorri egiten dira eta, bitartean, kobazuloetan pilatutako hondakinek hor jarraitzen dute, eta bertan jarraitzeaz gain, kantitatean handitzen doaz pertsona batzuen (gero eta gutxiago dira) ezjakintasunagatik, utzikeriagatik eta eskrupulu faltagatik, kobazuloak zabortegi gisa erabiltzen jarraitzen dute eta. Modu horretan, Gipuzkoako lurpeko urak eta mundu mailan hain garrantzitsuak diren kobazuloetako ekosistemak arriskuan jartzen dituzte, eta baita ondare geologikoa eta arkeologikoa ere.

Joan den ekainaren 13an, zaparrada handi bat izan zen Tolosaldean (Gipuzkoa). Batez ere Alegiari eragin zion, bi orduan 101 l/m2 jaso zirelarik. Prezipitazio gehiena (62 l/m2) 30 minutuan kontzentratu zen (22:40tik 23:10era). Otsailean Alegiako estazio meteorologikoan erregistratutako prezipitazio osoa 55,6 l/m2 izan zen. Horrek erakusten du euriaren intentsitatea zenbatekoa izan zen, ordu erdian estazio berean otsail osoan erregistratutako kantitatea gainditu baitzen.

EAEn, eurite biziak eta torrentzialak ez dira arraroak. Klima atlantikoak eta lur malkartsuak eurite ugariak eta, uda aldera, ekaitz torrentzialak eragiten ditu, ekainaren 13koa bezalakoak. Horiek errepikatu egiten dira, eta gertatzen direnean, askotan kaosa sortzen dute ibaiek gainezka egiteagatik, errepideen itxieragatik, uholdeengatik, ekonomia eta giza galerengatik, eta abar. Jendeak begirada zerura bideratu ohi du, euri jasa noiz geldituko zain eta atseden pixka bat hartzeko beharrean. Baina Lurpea Garbik beste nonbait begiratzen du, gizakiaren bistatik ezkutatuta dauden sakonera ilunetara, Tolosaldeko karst eremuetan dauden kobazulo eta barrunbeetara, akuifero garrantzitsuak, lurpeko bizitza aberatsa eta ondare historikoa eta geologikoa gordeta dauzkaten lekuetara. Toki horiek arriskuan daude tipologia askotako hondakinak dituztelako, eta, ahalik eta azkarren kentzen ez badira, karsta larriki kaltetu daiteke arazo konponezina bihurtu arte.

Kezkatuta geunden euri jasak kobazuloetan pilatutako hondakinak barrualdera bultzatuko ote zituen. Hondakin gehienak zituzten bi kobazuloak bisitatu ondoren, gure susmoak baieztatu egin ziren. Bi kobazuloetan, hondakinak metro batzuk beherago daude orain. Kanpotik higatutako euri ura eta lurra kobazuloetara sartu, eta hondakinak behera eta barrurantz bultzatu zituzten. Hondakin batzuk buztin lurzoruaren azpian partzialki lurperatuta daude.

Ez dakigu zenbaterainoko sakonerara iritsi diren hondakinak, baina badakigu zenbat eta denbora gehiago igaro orduan eta zailagoa, arriskutsuagoa eta ekonomikoki garestiagoa izango dela bertatik kentzea, lurpeko uren, ekosistemen, ondarearen eta, batez ere, geure buruaren, gizakion, kalterako.

Egiaztatu dugu aipatutako zaparradak Alkiza eta Asteasu bereizten dituen Kontzejal errekaren ibilguan sakabanatuta zeuden 150 pneumatiko baino gehiagoren zati handi bat ere arrastaka eraman zituela beherantz.

Lurpea Garbi taldeko kideok uste dugu oraindik garaiz gabiltzala; horregatik ez dugu amore ematen, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu egoera honi buelta emateko hartu dugun konpromisoan. Baina, horretarako, erakundeen inplikazioaz eta laguntzaz gain (GFA, Jaurlaritza, Tolosaldea Elkartea, udalak, URA...), eskualdeko biztanleena ere behar dugu.

Benetan lotsagarria litzateke, garaiz jokatu ez izateagatik, etorkizunean, adibidez, kobazuloetan metatutako hondakinek eragindako lurpeko uren kutsadura dela eta, akuifero bateko urak erabilezin bihurtzea; ekosistema antzu bihurtzea; gure parte den ondare arkeologikoa galtzea, eta gure ondare geologikoa desagertzea, klima aldaketari buruzko informazio iturri garrantzitsuenetako bat dena mundu mailan.

Ezer ez egiteak, ziurrenik, itzulerarik gabeko egoera batera eramango gintuzke. Prest al gaude itzulerarik gabeko puntu batera iristeko? Zer egingo dugu orduan? Denbora gure aurka ari da lanean... tik-tak, tik-tak, tik-tak...!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.