Inaki Irazabalbeitia.

Europa bat ala gehiago?

2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Europaren eraikuntza-prozesuan estatu batzuk beste batzuk baino integrazio-maila handiago izan dezaketela ez da kontu berria. Zentzu horretan euroa adibide bat da, ez baitute EBko estatu guztiek euroa txanpon moduan. Schengengo tratatua beste adibide argia da. Estatu guztiek ez dituzte mugetako kontrolak ezabatu. Abiadura desberdineko Europaz hitz egin ohi da.

Abiadura desberdin partzial hauek erabateko bihur daitezke hurrengo hilabeteetan Europako hainbat erakundetan gertatzen ari den eztabaidan egiten diharduten hainbat proposamenek aurrera egiten badute.

Europar Kontseiluak joan den ekainaren 29ko goi-bileran Ekonomia eta Moneta Batasuna bultzatzea deliberatu zen. Aldi berean, EMBren oinarriak seinalatu ziren: finantza-esparru integratua, aurrekontu-esparru integratua, politika ekonomikoko esparru integratua eta legitimizazio demokratikoa eta kontuak errendatzea.

Zentzu horretan bi dokumentu ezagutu dira joan den irailean non Kontseiluaren mandatua betetzeko urrats praktikoak proposatzen diren. Horietako lehena Kontseiluko presidente van Rompuyk izkiriatu du Europako Batzordeko, Eurotaldearen eta Europako Banku Zentralaren presidenteen laguntzarekin. Agiriak Europako erakundeetan gertatuko den eztabaida ordenatzea da eta arestian aipatutako lau oinarri horietako bakoitzari buruzko galderak paratzen ditu. EMBaren alderdi finantzarioetan, aurrekontuzkoetan eta ekonomikoetan egiten du indar bereziki.

Bigarren dokumentua Eurozonako 11 estatutako kanpo-arazoetako ministroek sortu dute, horien artean Espainiakoa eta Frantziakoa daude. Dokumentu honek sakonkiago aztertzen ditu EMBren aspektu politikoak eta erakunde-arkitektura. Dokumentuak berak aitortzen du ez dela adierazpen ofizial bat eta guztiok ez daudela ados proposamen ororekin.

Dokumentuek esaten dutenetik eta horretatik igarri daitekeenetik hainbat alderdi azpimarratuko nituzke. EBZ euroaren erregulatzaile bakar moduan agertzen da. Bestetik azaltzen da batasun fiskalak beharrezkoak dituen aurrekontu-politika egokiak estatu zein Europa mailan. Horrek eska lezake Eurozonak ogasun-ministerio moduko bat izatea eta, ondorioz, horren pertsona arduraduna. Agintari finantzario existitzen bada, Eurozonak berariazko aurrekontua izan beharko luke, orain ez duena. Herman van Rompuy harantzago joatea proposatzen du: Eurozonako gobernuak lotzea urtez urteko kontratuen bidez zeinen bidez konpromisoa hartzen duten lan-merkatuaren, ongizate-estatuaren eta pentsio-sistemaren egiturazko erreformak egiteko. Alegia, eredu neoliberalean sakontzea proposatzen du.

Bestalde azpimarratu egiten da aurrekontu- eta zerga-politika integratuagoak bultatzeko beharrezko dela estatuetako parlamentuak eta Europako Parlamentua koordinatzea eta horretarako organo koordinatzaile iraunkorra sortu behar dela.

Orain arte azaldutakoaren harira galdera bat baztertu ezinezkoa da: zeinek legitimizatzen du eskema hori guztia? Bi dokumentuek azpimarratzen dute erabakien legitimizazio demokratikoa eta kontu errendatzea konpondu beharreko arazoa dela. Orain arte, Eurozonari eragin dioten neurri ekonomikoen eta politikoen legitimizazio demokratikoa kamutsa izan da, legitimizaziorik ez dutela izan ez esate arren. Europar Kontseiluak eman dio legitimizazio apur hori, nahiz eta Kontseilua bera herritarren kontroletik oso urrun egon. Hortaz, arazoari aterabide bat emateko Eurozonaren parlamentu moduko bat osatzea proposatzen da. Hasiera batean, Eurozonako estatuetako orain europarlamentariek osatuko lukete eta hari dagozkion arazoetan erabakitzen parte hartuko lukete.

Prozesu horiek guztiek ekarriko lukete Europako Batasunaren barruan gutxienez bi errealitate egotea: bata, erdigune integratuagoa Eurozonaren 17 estatuek osatutakoa eta, bestea, kanpo-zirkulua gainerako estatuek osatutakoa. Hirugarren gune bat ere irudika daiteke, Erresuma Batuak EBren egituretatik urrunketa-prozesu gero eta nabarmenago bati ekin diola ematen baitu. Ondorioz, abiadura askotako Europa errealitate egiaztagarria izango litzateke.

Ezkerreko abertzale moduan kezka handiz begiratzen diet urrats horiei, uste baitut gure eskubide sozialen eta politikoen kalterako izango direla.

Bruselako burokraziak EMBren bulkada probestu nahi du politika neoliberaletan sakontzeko eta ongizatearen estatua higatzeko. Europar Kontseiluko buru van Rompuyk argi eta garbi deklaratzen du diseinatzeko dagoen esparruak erraztu behar dituela lan-higikortasuna, lan-merkatu eraginkorragoak bultzatu behar dituela eta Eurozona barneko ondasunen eta zerbitzuen salneurrien eta soldaten doitzea erraztu behar dituela. Zaharra berri!

Euskal Herriko errealitate politikoa kontuan hartuta proposatzen duen eskemak argitu behar diren puntuak ditu. EAEk zein Nafarroak aurrekontu- eta zerga-eskumenak dituztenez, parlamentu «estatalen» eta Europako Parlamentuaren arteko koordinazioak eta koordinazio-organo iraunkorra sortzeak zein ondorio izan litzake gure eskumenetan? Bideak aurkitu behar dira zerga-eskumenak dituzten gure lurralde-parlamentuek, Batzar Nagusiek eta Nafarroako Parlamentuak, parte hartu ahal izan dezaten koordinazio-organo horietan. Horrexegatik hain justu galdetu dio Aralarrek Europar Kontseiluari Parlamentuaren bidez, ea parlamentuen arteko koordinazio-mekanismoak diseinatzeko orduan kontuan hartuko diren aurrekontu eta zerga-eskumenak dituzten eta estatalak ez diren parlamentuak eta nola uztartuko diren horiek erabakiak hartzeko prozesuetan.

Aipatutako bi proposamen horiek alderdi positiboak ere badituzte. Eurozonarentzat ad hoc parlamentu bat sortzearena horietako bat da. Erabakitze-prozesuen demokratizazioaren eta gardentasunaren bidean aurrera pausoa izango litzateke, baina ez-nahikoa izango litzateke parlamentu horrek Europako eskumenik izango ez balu gobernuko kideak aukeratzeko edota ekimen legegileak bideratzen hasteko.

Europar burokrazia eta estatuak bultzatzen ari diren Europa ez da gu gura duguna, baina ez genuke horratik jarrera antieuropeistetan jausteko tentazioa izan behar, besteak beste, Euskal Herria etorkizunean estatu independente izateko bermerik behinena Europako Batasuna bera eta bere oinarri demokratikoak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.