Europako Batasunak 60 urte; demokrazia indartzeko aukera

Jon Inarritu,, Inaki Irazabalbeitia eta, Patxi Zabaleta
2017ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Europako sei estatuk 1957ko martxoaren 25ean Erromako Ituna sinatu zuten Europako Ekonomia Komunitateari hasiera eman ziona. Egungo Europako Batasunaren lehen gunea izan zen. Alemaniako Errepublika Federalak, Belgikak, Frantziak, Herbehereek, Italiak eta Luxenburgok zeintzuk Lehen eta Bigarren Mundu Gerren zauriak zuzenean nozitu baitzituzten, gatazkaren eta konfrontazioaren esparrutik irten eta elkarlanerako ituna sinatu zuten. Elkarbanatutako bakearen, demokraziaren eta oparotasunaren ametsa zuten.

Egun horretan sinatutakoa urtetako lanen ondorioa izan zen. Bigarren Mundu Gerraren osteko urte haietan Europaren ideia, bakearen berme moduan, hazi, koskortu eta zabaldu zen Mendebaldeko Europako intelektualen eta estatisten artean. Euskal Herriko ordezkari politiko hainbatere ideia horren inguruan ibili ziren eta Europako Mugimendu Federalistako kide izan ziren hasieratik. 1948ko maiatzean Hagan eginiko Europako Kongresuan, orduko lehen mailako europar politikoekin batera, Francisco Javier Landaburu jeltzalea, Juan Carlos Basterra ANVko zuzendaritzako kidea, bi-biak beren erakundeen ordezkari eta maila pertsonalean Jagi-jagiko Lezo Urreztieta jauna bildu ziren. Kongresu horren ondorio izan ziren Mugimendu Europarraren sorrera (1948) eta Europako Kontseiluarena (1949). Beraz, ezkerreko abertzaleok hastapenetik izan gara mugimendu europazalearen parte eta beldurrik barik esan daiteke Europaren eraikuntza gure DNAren geneetako bat dela.

Batasunaren sortzaileek batasun ekonomikoaren eta komertzialaren bidea hautatu zuten europarron artean harmonia lortze aldera. Bigarren urrats moduan ikusi zuten komunitate politiko moduan eratzeko prozesua. Gaurko ikuspegitik, osorik ez zutela asmatu esan dezakegu, integrazio politiko egokia delako egun Europako Batasunak dituen gabezia larrienetako bat. Prozesu horrek sortu duen Europako Batasunaren ereduak antzekotasun handiagoak ditu merkataritza-sare batekin antolaketa demokratiko batekin baino. Hortaz ez da harritzekoa Europako herritarrok Batasuna globalizazioaren bultzatzaile edo batzuen interes pribatuen mesederako eratutako makineria burokratiko moduan ikustea.

Urrats oso positiboak egon dira. Nork du dudarik? Egitura-funtsek eskualde asko atzerapenetik ateratzea lortu dute. Europako legeei esker ingurugiro-estandarrak izugarri emendatu dira. Europar guztiok ordezkatzen gaituen parlamentua dugu. Herritarrok Europan zehar arazorik gabe mugi gaitezke. Ikasleek beste estatuetako zentroetan ikas dezakete...

Prozesu horrek asko maite ez dugun egoerara eraman gaitu bestalde. Eurozonak moneta bakarra du, baina ez du aurrekonturik ezta gobernantza demokratikorik ere. Barne-merkatua eratu da non merkantziak eta zerbitzuak libreki zirkulatzen diren, baina langileak elkarren lehian daude, eta ez dituzte eskubide sozial berdinak. Are gehiago, ez dago politika fiskal komunik. Bi faktore horiek injustizia eta desoreka eragiten dituzte Europako herritarren eta lurraldeen artean. Lehiakortasuna eta merkatua loriatzea besterik ez dute ahotan EBren arduradun politiko nagusiek. Bien bitartean, zerbitzu publikoak eta komunaren kultura desegin nahi dituzte. Zenbait gobernu herritarren oinarrizko eskubideakbortxatzen dituzte eta Batasuna ez da deus egiteko gauza. Zer esan errefuxiatuen etorrera dela eta, egiten diharduen politika non garai bateko Europaren mamurik itsusienak berragertzen ari baitiren? Hizkuntza eta kultura aniztasuna izanik Europaren ezaugarrietako bat Batasuna ez da gai alor horretan politika egokirik egikaritzeko eta zenbait estatukhizkuntza-eskubideak zapal ditzaten lagatzen du.

Bestelako Europa bat nahi dugu, Europa subjektu politikoa ezinbestekoa ikusten dugulako gure herritarren ongizatea bermatzeko eta munduak etorkizuna izateko. XXI. mendearen desafioak globalak dira: klima-aldaketa, giza eskubideen errespetua, bioaniztasuna, energia-iturriak, lehengaiak urritzea, gerrak, populazioaren desplazamenduak, teknologia digitalak... Erronkok estatuen mugak gainditzen dituzte.

Europa berreraikitzeko garaia da. Herritarren interesak eta ongizatea helburu izango duen Europa gura dugu, elkartasuna eta guztien dignitatea ardatz izango duena non ekonomia tresna bat izango den eta ez helburua.

Europa demokratikoagoa, gardenagoa eta herritarrengandik gertuago nahi dugu, osatzen duten herrien eta nazioen dibertsitatea ardatz izango dituena. Horrexegatik Jean-Claude Junckerrek, Europako Batzordeko buruak, mahaiaren gainean jarritako etorkizunerako 5 eszenatokietako bat bera ere ez dugu egoki ikusten Europaren etorkizuna eraikitzeko.

Europaren eraikuntzak egungo tratatuak gainditu behar ditu eta gobernantzarako tresna berriak eratu behar dira. Europak eredu konstituzional bat behar du, konstituzio deitu ala ez. Eredu horrek botereen banaketa antolatu beharko luke, corpus konstituzional konpartitu baten arabera herritarren oinarrizko eskubide eta askatasunak seinalatu beharko lituzke, Batasunaren barne- zein kanpo-helburuak klaru zedarritu beharko lituzke, instituzio bakoitzaren funtzioak eta ahalmenak definitu beharko lituzke eta baita erabakiak hartzeko prozesua ere.

Europa demokratikoagoa, solidarioagoa, gardenagoa eta herritarrengandik gertuagoari bai!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.