Karmelo Landa.

Europan jokatu eta irabazi

2014ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Hego-haize zakarra zebilen bart arratsaldez Ondarroan. Portu ondoko zumardiaren inguruan bildutako jendetza artean ari ginen, Europa gora eta behera, igandeko hauteskundeetan hartu beharreko jarreraz. Europan jokatu eta irabazi egin behar dugula, pentsatu nuen nire kolkorako, eta halaxe adierazi bertan. Leioatik heldua nintzen, unibertsitatean jarritako azterketa amaitu eta arrapaladan Ondarroako mitinera.

Errepidean nindoala entzun nuen Angelita Burgoaren ahotsa, prentsaurrean ari zela, Ibon Iparragirre preso eta gaixo larriari Espainiako kartzeletan egiten dizkioten maltzurkeria guztiak ozen salatuz. Andra adoretsua!— pentsatu nuen kotxean nindoala—. Zerk ematen dio indarra? Ondarroakomitinaren plazara ailegatu eta hantxe, jende-multzo zabalaren erdian eserita zegoen Angelita, lagunartean bizkor. Ondarroan bada indarrik, gero, bada kemenik, etorri zitzaidan burura. Herri honen ibilbidea azken hamarkada hauetan! Traba eta zigor guztiei gaindi egin eta irabazi egin duen herria da Ondarroa, gero. Euskal Herriaren beraren metonimia, esango nuke.

Baina lepo-gainean astun-astun daukagun berunezko Estatu espainiar baldar eta anker hori, eta bikote duen Estatu jakobinoa, nola kendu gainetik betirako, zama eta traba astun horiek? Herrian badugu indarra. Nazioartea behar dugu. Palanka dugu ezinbesteko tresna, Estatu horiek mugiarazi, pisu astuna gainetik kendu eta hemen bertoko indarra eta arrazoia gorpuzteko orduan. Egin izan dugu halakorik, Estrasburgoko palanka erabili eta Parot dotrina hura bazterreratzea lortu genuenean, agintari espainiarren setakeria gaindituz. Beste horrenbeste ari da gertatzen orain, Argentinako justizia bertora etortzea lortu dugunean, Estatu espainiarraren oinarrietan dagoen frankismo ustelaren krimenak begien bistan utzi eta era horretan Estatua bera akusatuz eta kolokan jarriaz. Kaltzada neba-arreben deklarazioak «mugarritzat» jo dituztela Servini epaile argentinarrarekin ari diren juristek, irakurri berri dut BERRIAn.

Beraz, Europako parlamentura ordezkaririk bidali ala ez eztabaidan, arlo honi dagokionez zalantzarik ez. Komeni zaigu euskal herritarroi, dudarik gabe, palanka hori indarrez erabiltzea Europan eta nonahi munduan, ikusi egiten ditugulako bere fruituak, Estatu espainiar eta frantziarraren itxikeria, blokeoa, kontrakotasuna mugiarazi eta arrazoia gure alde ekartzerako orduan.

Baina beste kontu bat zebilkidan buruan bueltaka atzo, egun osoz. Esan dut lehen, Ondarroako mitinera joan aurretik Leioan izan nintzela, Unibertsitatean. Bada, azkenaldian ikusi ez bezalako lanuzte eta protesta kontzentrazio zabala egin genuen atzo eguerdiz unibertsitatean, Leioako campusean dagoen Mikel Laboa plaza zabalean. Ikasle, irakasle, administrazioko langile ugari, baita errektoregoko arduradun zenbait ere manifestatu ginen, serio eta haserre, EHUko agora publiko hartan. Motiboa, oso larria. Bezperan, 52 urteko langilea hil zela aurrez aurre geneukan Biblioteka Nagusiaren eraikinean, kristalezko teilatutik behera erorita, 15 metroko altueraz. Lan arriskutsu hartan zebilela ez zeraman inolako seguritate-euskarririk, nonbait. Azpikontrata baten menpeko beste azpi-kontrata baterako lanean omen zebilen, autonomo gisa, eta hori guztia EHU erakunde publikoko Biblioteka egokitzeko lanetan. Eskandaluzkoa. Baina aurten Hego Euskal Herrian gertatu den hamazazpigarren eskandaluzko lan-heriotza, bestalde.

Baina zer demontre dago horren guztiaren atzean? Lan baldintzen merkatzea, prekarizazioa zein azpi-azpikontratazioa, gastuen murrizketak.... eta langileon lan eta bizi-baldintzen pobretzea. Eta nondik dator berau? Alde batetik, zoritxarreko Troika europarretik eta horren politika sozioekonomiko «neoliberal» deitutik, baina eta bestetik, hemen bertoko enpresaburu eta agintari batzuen jokabidetik. Gogoan ditut duela hilabete gutxi irratiz entzundakoak, gaur enpresario-elkarte baten buru den behinolako buruzagi jeltzale baten ahotan, beraien «kreatibitateari eta iniziatibari» jartzen omen zaizkien «gehiegizko marra gorriak neurri sozialetan eta exijentziatan» ozen salatzen zituela. Gehiegizko exijentziak?, galdetuko nioke gaur.

Krisia argudiatzen dute, baina uneko krisia da, benetan, oraingo hau? Benetan ari dira koiuntura okerra gainditu eta baldintza duinetara itzultzeko asmotan? Ez, ez dabiltza horretan. «Krisi» deitzen duten hau aitzakia besterik ez da beraien eskuetan, gaur egungo kapitalismo global honi dagozkion txakur-baldintzak behin betirako ezartzeko herritarren gainean, hiper-aberatsen kasta higuingarri globala elikatzen duten une berean. Hau guztia modu egokian borrokatu eta bestelako jendartea osatzeko ere, ezinbestekoa dugu Europan gure zain ditugun ezkerreko indarrekin bat egitea, Europako parlamentuan zein beste foro, lantegi eta kaleetan.

Aurreko guztia nahikoa ez balitz, gainera, Europar Batasun barruan abian da une honetan Estaturik gabeko Nazioen askatasun bidea, Eskozian, Katalunian eta beste hainbat kasutan. Euskal Herria ere hortxe kokatu behar dugu, denen ezagutzan eta denen babes bila, geure eskubidea dena gu guztion Estatu libre bihurtzeko bidean.

Badira arrazoiak, beraz, igandean botoa emateko Euskal Herria bide horretan kokatu nahi duen Euskal Herria Bildu koalizioari. Hori proposatu nien atzo bertan portu ondoko zumardiaren babesera bildu ziren ondarrutar guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.