Europar Batasuna: Schumanen ametsa, gure aukera?

2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Frantziar hauteskundeek Europar Batasunean zehar izan duten oihartzuna ez da ohikoa. Ez denez ohikoa ezta ere Europar Batasuneko kide baten presidentetzak hainbesteko aldaketarako itxaropena piztea. Europarrok ari gara aintzat hartzen zein puntutaraino gauden interkonektatuak elkarren artean. Gure egunerokotasunean antzeman dugu nola Estatu baten galerak Europar ekonomia guztia kolokan jartzen duen, eta 62 urtetan aberrien integrazioan egindako lana zalantzan jartzen. Ekonomia, merkatuak, murrizketak, salerosketak, mugen kontrola… Horiek dira gaur Europar Batasunetik datozkigun hitzak. Hitz ubelak, krisiz bustiak, ezkortasunez blai eta bide ilunerantz doazenak. Ez naiz ni izango Europar Batasunaren krisiarekiko kudeaketari loreak botako dizkiona, baina ez dezagunahatz «Europa» horren atzean jendea dagoela. Herritarrek hautatutako jendea hain zuzen. Eta kudeatzaile horiek dira erabakiak hartzen dituztenak, onak edo ez hain onak.

Udal batek, parlamentu batek edo Estatu batek araudi «lotsagarriren» bat onartzen duenean, inori ez zaio burutik pasatu ere egiten erakundea zalantzan jartzea edota erakundearen etorkizuna krisian jartzea. Mallorkako gobernuburuak auziperatzen dituztenean ustelkeria leporatuta, ez da erakundea auzitan jartzen dena; presidente ohia da erruduna, ez instituzioa. Aldiz, EBk erabaki erratu bat hartzen baldin badu, azkar batean europar erakundeak jartzen ditugu jo puntuan, bide batez «europartasun» guztia zaurituz.

Galdetu al dio norbaitek bere buruari zer litzatekeen europar ingurugiroa EBrik gabe? Ba al dakigu EB garapenerako laguntzetan emailerik handiena dela, bigarrenaren —Estatu Batuak kasu honetan— laguntza bikoiztuz? Konturatu al gara EBri esker, Erasmus programaren bidez, 2 milioi ikaslek baino gehiagok beste herrietako unibertsitateetan ikasteko aukera izan dutela? Norbaitek irudika dezake zer-nolako mugarik gabeko inperio ekonomikoa liratekeen Txina edota Ameriketako Estatu Batuak, Europar Batasunaren kontrapisurik gabe? Zein egoeratan egongo litzateke Europako hegoaldea, eta orain ekialdea ere, egiturazko eta kohesiorako funtsik gabe? Inork pentsatu edo imajinatu al du zein ahulezia izango lituzketen gobernuek krisialdi ekonomiko honen aurrean pezeta, franko edo markoarekin agertuko balira? Nork galdetu dio bere buruari zein litzatekeen gure nekazarien eta abeltzainen egoera Nekazaritza Politika Bateraturik gabe? Gogoratzen al du norbaitek Irunetik Hendaiara igarotzeko egin behar ziren bisak, ilarak, pasaporteen joan-etorria?

Orain 62 urte, 1950eko maiatzaren 9an, II. Mundu Guda bukatu eta bost urtera hain zuzen, Frantziako kanpo harremanetarako ministro Robert Schumanek lehen urratsa egin zuen egun Europar Batasuna den proiektu sendoa eraikitzeko. Deusetik, eta beste etorkizun hobe eta batu bat posible zelakoan tematu zen, egun hartako diskurtso famatuan, bakea eta Europako herrien arteko harremanak sendotzeko Europar Batasunaren beharra aldarrikatuz. Eta harro diot gaur dela amets hori egia bihurtu izana ospatzeko garaia.

Europar Batasuna azkenaldian eta krisiari aurre egiteko momentuan erakusten ari den elkartasun, irudimen, ausardia, batasun eta ikuspegi faltak eragin du zenbaitzuek Europa banaketaren ikur gisa hartzea. Baina, berriro ere, Frantziatik dator aire berria. Hollande jaunaren hautatzea EBren erronkei aurre egiteko beharrezkoa dugun aldaketaren motorra izan daiteke. Espainiar estatutik datorren adibideari jarraituz gero, pobrezia, beldurra eta haserrea hazten jarrai dezakegu, xenofobia eta arrazakeria bultzatuz, edo gizarteko sektore ezberdinen arteko bereizketa nabarmenduz, horrela Schumanen proiektua eta hortik garatu ditugun ongizate maila guztiak putzu batean utziz.

Iruditzen zait egungo gizarteak ez dituela Europar Batasunak eskaintzen dizkigun ongizate mailak aintzat hartzen. Galdetu bada aurreko belaunaldiei nolakoa zen beraien Europa, eta ziur naiz erantzunak zer pentsa emango digula. Gaur dugun Europar Batasuna munduan dagoen tresna politiko handi, oso eta erabilgarriena da. Edozein erreminta bezala, baina, esku eta buru batzuk behar ditu erabilia izateko. Erabilpen horri nahi beste kritika egin ahal zaizkio, baina ez gailuari berari.

Alderdi kontserbadore eta atzerakoiak dira egun Europar Parlamentuko gehiengoa osatzen dutenak, eta Estatuburuen Kontseiluan joera bera dago. Orain, Frantziarrek Europar Batasunari beste aire bat ematea ere erabaki dute, eta haize berri horren ufada profitatu behar dugu. Izan ere, badirudi haizea popa politikoan ari zaigula sartzen, eta orain da momentua denak prest eta indarrez egon gaitezen. Denak diodanean gure moduko nazio edo herriei buruz ari naiz hitz egiten. Estatuek ikusi dute haize berrira ezin egokitu daitezkeela, akaso handiegiak direlako. Nazio txikiok, berriz, errazago dugu korronte onak harrapatzea. Eta korronte hau, aldaketa hau, gurearen moduko herriek gauzatuko dute; izan ere, Schumanek zioen bezala, «Herrien Europa sortu behar dugu, eta ez Estatuen Europa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.