Europar Parlamentua kili-kolo

2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Europar Parlamentua (EP) jakitun da datorren maiatzeko hauteskundeek bere etorkizun hurbilean izango duten eraginaz. Izan ere, ohiko eserleku banaketa baino garrantzi handiagoa duen zerbait egongo da jokoan hauteskunde horietan: EPk Europar Batasuneko (EB) arkitektura instituzionalean izango duen rola, hain zuzen ere. Eta hori, noski, ez da gutxi esatea.

EP ondorio hori ateratzera eraman duen ekuazioa oso sinplea da: eskuin muturraren ahalduntzea berdin EPren ahultzea. Alegia, baten irabazia, bestearen galera. Beste modu batera ere formula daiteke zero-sum game horren atzean dagoen logika: eskuin muturrak gora egingo duen neurri berean gutxiagotuko da EPren indarra EBko esparru politikoan. Ni neu matematikaria ez naizen arren edo beharbada horrexegatik hain zuzen ere, nago EP ez dabilela oso oker bere kalkuluetan. Zergatik, baina?

Hasteko, aipatzekoa da ultraeskuineko alderdiak, oro har, europar integrazio proiektuaren aurkakoak direla; edo gutxienez, gainontzeko indarren kontrakoak diren planteamenduak defendatzen dituztela. Aldi berean, kontuan izan behar dugu Europar Batasuneko beste erakunde politikoetan, hots, Europar Kontseiluan, Europar Batasuneko Kontseiluan eta Europar Batzordean nahiz eta azken hori hauteskundeen ondoren hautatua izango den, eskuin muturrak ez duela inondik ere EPn lor lezakeen adina botere izango.

Hori horrela izanik, indar horien ordezkaritza esanguratsua lukeen EP hipotetiko bat oztopo hutsa besterik ez litzateke gainontzeko erakundeen ibilbide-orrian. Bestela esanda, bide-lagun izateari utziko lioke, eta bide-etsai bihurtuko litzateke EP. Horrek prozesu legegilean eragingo luke batez ere, EPk Europar Batasuneko Kontseiluarekin partekatzen baitu botere legegilea. Eta, jakina, bien arteko adostasunik egon ezean, ezin testurik onartu.

Eszenatoki berri eta ez hain sinesgaitz horren agerrerak goian aipatu ditudan erakundeen jarrerari buruz galdetzera eraman beharko gintuzke halabeharrez. Erantzuna begibistakoa da: EP oztopoa den heinean, hura zokoratzen saiatuko dira.

Gauzak horrela, beste hiru erakundeetako agintarien sasi-aliantza batek EP ostrazismora kondenatu lezake. Hortaz, arestian «matematikoki» azaldu den moduan, eskuin muturraren indartzeak, zeharka bada ere, EPren ahultzea ekar lezake. Egia da galera ez litzatekeela neurri berekoa izango, EPk Europar Batasunaren eta Europar Batasunaren Funtzionamenduaren Tratatuetan aitortzen zaizkion botereak eta funtzioak betetzen jarraituko ditu eta.

Baina itunek interpetraziorako uzten duten eremua zabala da oso. Krisi ekonomikoaren biharamunean Estatu kideen politika ekonomikoak koordinatzeko helburuarekin sortu zen «European Semester»-a horren adibide garbia da esaterako: urte gutxiren buruan erakunde desberdinek koordinazio mekanismo berri horren konfigurazioan jokatu duten rola nola aldatu den ikusi besterik ez dago.

«European Semester»-a sortu zenean, 2010ean, EPk ez zuen zeresanik. Tratatuetako artikuluen berrinterpetrazioak, ordea, rol aktiboago bat eskaini zion. Aldaketa hori «Six Pack» eta «Two Pack» izenaz ezagutzen diren legedien adostearekin eskutik etorri zen 2011. eta 2013. urteetan hurrenez hurren. Nolanahi ere, aitortu beharra dago EPren parte-hartzea nahiko mugatua dela oraindik.

Kasu honek, besteak beste, ondo islatzen du EBren geometria aldagarriaren garrantzia. Horregatik, EPk azken hamarkadetan ezagutu duen ahalduntzea honek egindako presioari esker besterik ez dela pentsatzea okerra litzateke guztiz, uste honek EBko dinamika instituzionala analisitik kanpo utziko luke eta. EPk emandako aurrerapausoak, botere legegilearen esparruan batik bat, beste erakundeen jarrera barneratzaileari esker eman dira hein handi batean.

Etorkizun hurbilean, EPk ibilitakoan atzera egiteko arriskua hauteskundeetako emaitzen araberakoa izango da. Alegia, EPk politika europarraren mapan urteetan zehar kostata irabazten joan den lursaila gal lezake ultraeskuinak gora eginez gero; eta zeharka, horrek sorraraz litzakeen mugimendu instituzionalen ondorio gisa.

Hori gertatzea damutzekoa litzateke, EPren ahalduntzea baita EBk pairatzen duen defizit demokratiko kronikoren aurkako sendagairik aproposenetarikoa. Bi berri dauzkagu honen harira: bata ona eta bestea txarra. Ona? Auzia gure eskuetan dagoela. Txarra? Ba horixe bera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.