Azken bost urteotan, 2008tik hona, kapitalaren erasoak ez du etenik izan. Euskal Herria eraso horiei erantzuten ari da lantokietan nahiz kalean, eta sindikalismo borrokalariak ere horretan dihardu Europako hainbat herritan. Jasaten ari garen erasoak finantza kapital trasnazionalek, Europako kontseiluak, Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Banku Zentralak eta enparauek zuzendu dituzte. Horren aurrean, desiragarria litzateke Europa mailako erantzun bat, Europako herrien borrokaren norabidean eta berau indartzera bideratua. Izaera horretako deialdi batetik kanpo ez litzateke LAB geratuko. Ez da halakorik gertatu, ordea, zenbaitek aldez edo moldez hala mozorrotu nahi izan duten arren.
Argumentu hori bera behin eta berriro errepikatzeak ez du errealitatea aldatu: ez Ziprek ez Belgikak, ez Maltak ez Italiak, ez dute greba orokorrera deitu azaroaren 14rako. Greba orokorrerako deialdia Iberiar penintsulara mugatu da.
Une honetan Toxo jauna lehendakari duen Europako Sindikatuen Konfederazioak egin duen deialdia ez da Europa mailako erantzun estrategia bat eratzeko urratsa, indarra eta mobilizazio gaitasuna galtzen ari diren sindikatu bik Estatuan eginiko greba deialdiari zilegitasuna eta sostengua emateko ahalegina baizik. Esan dezagun, bestalde, CCOO eta UGTri babesa eman dien sindikatu konfederazio hori ezinbestekoa izan dela ere Europar Batasunaren egungo eredua finkatzeko, guztiz erregresiboak diren zuzentarauak babestuz, behin baino gehiagotan. LABek, beste hainbat sindikaturen moduan, ez du konfederazio horretan parte hartzen.
Erabakiguneak gero eta urrunago daude, eta, ondorioz, hartzen diren erabakiak ere langileen interesetik aldenduago daude. Horretaz jakitun gara eremu sozial ezkertiarra osatzen dugun guztiak, eta, beraz, erabakiguneak eta parte hartzeko gaitasuna herrira gerturatzeko beharra aldarrikatzerakoan ere bat etorri beharko genuke guztiok. Ulertezina da euskal langileok bide horri uko egitera behartu nahi izatea, eta are ulertezinagoa interes nazionalak eta klase interesak artifizialki elkarren aurka jarri nahi izatea, ez bada langile klasearen batasunaren ustezko defentsa horren atzean Espainiaren batasunaren defentsa gordetzen dela.
Interes nazionalak eta klase interesak ez daude kontrajarriak, txanponaren bi aldeak dira. Krisiaren kudeaketaren ondorioz, gero eta pertsona gehiago ari da ulertzen banatu ezin diren bi bide direla, alegia, herri baten erabakitzeko eskubidea eta bertako langile klaseak erabakietan parte hartzeko eskubidea, bata zein bestea, ezinbestekoak direla erabakiak demokratikoki hartuko badira. Egungo defizit demokratiko honek ahalbidetzen du erabakiak finantza kapital handien esku uztea, herri borondatearen gainetik.
CCOO eta UGTren segizio-sindikalismoa ez da aldatu, ezta neurrigabeko erasoa urte latz hauetan ere. Bere horretan jarraitzen dute Baskongadetan, non gutxiengoan elkarrizketa sozialerako mahai batean eseri diren, Patxi Lopezen murrizketei babesa ematea beste helbururik gabe. Eta berdin jarraitzen dute Nafarroan: martxoan LAB eta ELArekin indarrak batzeaz hitz egiten zuten, eta hiru hilabete geroago akordioa sinatzen ari ziren erreforma finkatzeko. Moderna planarekiko eta azken 20 urteetan antolatzen diren txiringitoekiko ere, lehengo lepotik burua.
Euskal Herrian ez dugu 2008ko egoerara itzuli nahi. Gure bidea ez da batzuetan erreformen aurka mobilizatu eta besteetan kapitalaren helburuetan laguntzea, hori beste batzuen hautua da. Gogoratu behar dugu 2011ko urtarrilean pentsioen erreformarekin gertatutakoa: CCOOk eta UGTk Madrilen erreforma sinatzen zuten bitartean, urtarrilaren 27an, euskal langileria kalera atera zen.
Deigarria da: irailaren 26ko greba deialdia bertan behera uzteko deia egin zigutenek, bi hilabete geroago, grebara ez deitzeagatik kritikatzen gaituzte. Deialdi bati zilegitasuna arrazoiak azalduz ematen zaio, eta ez, kasu honetaz bezala, bat egiten ez dutenekiko deskalifikazioetan oinarrituz.
Guztiz ulergarria da zenbait langileren aldetik batasun sindikala nahi izatea. Batuta indartsuagoak gara, noski. Baina hori bezain argi izan behar dugu zertarako batu indarrak, zein den helburua. LABek argi du indarrak batzea dela bidea, eta, bistakoa denez, apustu hori ari da emaitzak ematen, gero eta sektore gehiago ari zaizkigu batzen 2009an abiatu genuen bidera. Euskal Herrian martxan da prozesu sozial bat, bestelako eredu bat eraikitzeko borrokan. Helburu horretan jarri du LABek bere indarra.
Ez gaude murrizketa jakin batzuen aurrean, eredu ekonomiko eta sozialaren erabateko eraldaketa bat ezarri nahi zaigu, baliabide publikoak eta langileon eskubide laboral eta sozialak egunetik egunera bortitzagoa den kapitalari saldu nahi zaizkio azkar eta merke. Horri aurre eginez Euskal Herria bidea egiten ari da, herri gisa, benetako alternatiba baten alde. Euskal Herriak badu baliabide nahikoa, baita antolakuntza eta mobilizazio gaitasuna ere, aurrera egiteko, zentzu guztietan espainiar Estatuak dakartzan oztopoak baztertuz.
Ordua da Madrilera begira egoteari uzteko. Inoren zain egon gabe 2009an guk geuk hasitako bideaz eta bide horrek duen balioaz jakitun izan behar dugu. Jarrai dezagun aurrera, eremu sozial, sindikal eta politikoan akordio estrategikoak bultzatuz, Euskal Herrian eta Euskal Herrirako, bertako langileen zerbitzura egongo den eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraiki nahi dugunon artean.
Euskal langileriak, bere bidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu