LABeko ordezkariak. Edurne Agirre Patxi Fernandez Jose Angel Dominguez

Euskal osasun sistemaren gainbehera mailakatuaz

2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Euskal osasun sistema publikoan azkenaldian gertatzen ari dena ez da kasualitate hutsa. Ezartzen ari diren murrizketa eta pribatizazioekin oso kezkaturik gaude langileok.

Otsail amaieran Arabako ospitaleetako osasun zerbitzuaren berrantolatzea iragarri eta gero, Gasteizko Santiago eta Arabako Errioxako Leza ospitaleetan gerta daitekeenaren beldur gara, berrantolatze horrekin herrialdean gaixo akutuentzako ospitale bakarra uztea aurreikusten baita. Proiektuaren baitan Arabako unibertsitate-ospitalea delakoa eraiki nahi dute, eta, horretarako, Txagorritxu Ospitalea handitu eta Santiago Ospitalean gaixo akutuak artatzeari uztea aurreikusten dute, azken horretan zerbitzua gaixo kroniko eta azpiakutuentzako 120 ohe izatera murriztuz. Ospitaleko hiru pabiloietatik bi desagertzeko arriskuan daude, eraikita dauden lur eremua espekulaziorako erabili nahi baitute. 130 milioi euroko proiektua dago tartean, eta bost axola zaie bi ospitale horietan urteetan inbertitutako dirua; ez dute erreparorik krisi garaian halako eraikuntza lan batean dirua modu horretan xahutzeko.

Leza ospitalean duela gutxi egokitze lanak egin dituzte hiru solairutan: gaixo kronikoentzat 44 ohe zeuden, eta orain 63 ohe daude. Orain, ordea, langileen artean kezka eta zalantzak dira nagusi, ikusita Santiago Ospitalean gaixo kronikoak edo azpiakutuak artatzen has daitezkeela, ez baitakite Lezan zer etorkizun izango duten.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren plan berritzaile eta aitzindari horien atzean interes ugari ezkutatzen dute. LABetik argi ikusten dugu PSEren gobernuak, aurreko gobernuaren bide beretik, zerbitzuak eta gastuak murrizten jarraitu nahi duela; norabide horretan, gero eta zerbitzu gehiago uzten dute enpresa pribatuen esku. Hara hor Osatek-en adibidea, zeinak asistentziazko eredu berriak jarri nahi dituen martxan, telefono edo ordenagailu bidezko mekanismoak sustatuz eta Osakidetza edukirik gabe utziz.

Argi esan dute Administrazio Publikoan lanpostuak amortizatuko direla, eta amortizazio horien %40 Osakidetzan eta Osasun Sailean izango direla. Osakidetzako plantilla nahikoa mugatua dago jada, eta orain, kontsultak eta eskariak ugaritzen ari diren honetan, murrizketa gogorragoak ezarri nahi dizkigute. Horien artean, sei hilabete baino iraupen gutxiago duten bajak, lizentziak, baimenak etab. ez ordezkatzea. Horrekin lan zamak gora egingo du nabarmen, eta ondorioz, zerbitzuaren kalitatea ere kaltetuko da.

Osasun Saila, aldez aurretik erabaki eta mailaka-mailaka ezartzen ari den neurriokin, Osasun Sistema Publikoaren gainbehera bultzatzen ari da. Sistema publikoa hiltzen utzi nahi du, herritarrek sistema pribatura jotzeko beharra izan dezaten. Eta hori horrela den bitartean, diote errua erabiltzaileena dela, osasun zerbitzuak gaizki baliatzeagatik, gehiegitan jotzen delako osasun zerbitzu publikoetara. Sistema publikoak ezin omen die eskari guztiei erantzun; areago, ez omen die zertan erantzun herritarren eskaera guztiei. Egungo egoerak, ordea, beste zerbait erakusten digu: osasun sistema gaizki kudeatzean dute, eta, gainera, ez da aurrekontu nahikoa bideratzen. Hor dago arazoa, ez erabiltzaileok ez langileok, guk ez dugu arazoa sortu.

Osasun Zerbitzu Publikoa herritar guztioi bermatu beharreko oinarrizko eskubidea da, ezin da horrekin «negozio errentagarria» bilatu. Osasun Saila ez da ari gauzak ongi egiten, jarrera autoritario eta antidemokratikoa erakusten du egiten duen guztian. Eragile sozial eta sindikaloi bizkar ematen digu, eta herritarrak engainatzen ditu.

Arabako ospitale zerbitzuak berrantolatzeko proiektua bera jarrera horren adierazle da. Behar bezalako osasun mapa bat mahai gainean jarri gabe bultzatu dute, osasun arloko profesionalekin, eragile sozial eta sindikalekin kontrastatu gabe. Langileen eta erabiltzaileen sortutako haserrea eta zalantzak agerikoak dira, eta ez da gutxiagorako.

Gauza asko daude argitzeke: nola finantzatuko dute proiektua, Santiago Ospitale erdiaren salmentarekin espekulatuz? Zer gertatuko da Leza ospitalean, nork kudeatuko du? Txagorritxu eta Santiago ospitaleen bategitea gertatzen denean, zer etorkizun izango dute bi zentro horietan behin-behineko lan kontratuarekin ari diren langileek? Prozesu horren baitan zenbat lanpostu amortizatuko dira? Makroospitale batean, nola garatu zerbitzua? Zilegi al da Araba guztian gaixo akutuentzako ospitale bakarra uztea? Nola utz ditzakete arabarrak larrialdietarako ospitale bakarrarekin? Osasun Sailak oraingoz ez du asmorik agertu galdera horiei erantzuteko.

Gauza jakina da LABek kalitatezko osasun publikoaren aldeko apustua egiten duela, eta aipatu proiektuak ez digu hori bermatuko denik ziurtatzen, eta, beraz, bertan behera uzteko eskatzen dugu. Osasun Sistema Publikoaren gainbehera bilatzen badute, LAB aurrez aurre izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.