Euskal selekzio ofiziala nahi dugu

Iñaki Sarriegi Txabi Gauna<br /><br />Futbolari ohia eta Amurrio futbol taldeko presidentea
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Gure selekzioa ez da selekzio normal bat, ez dabil berdegunearen gainean, biraka, munduan, eta bibaka, herri bat. Bere berriak gehiago iristen dira ezin adostuetatik, jotako zutoin edo huts egindako penaltietatik baino, partida bati buelta eman diola inon ez da komentatzen. Titulu gehienak izenaren gorabeheratik edo pankarta batetik sortzen dira, inork ez du eztabaidatzen 4-4-2 edo 4-3-3, zein den joko sistemarik onena. Gure selekzioa ez da selekzio normal bat, ez ditu pena eta ezina besteek bezala bizi. Gure selekzioaren penak eta ezinak besteenak baino askoz ere larriagoak dira, izan edo ez izan, eta horrek kezka handia sortzen digu.

Orain dela bi urte, eta iaz, tristuraz ikusi genuen zer gertatzen ari zen. Ulertzen genuen jokatu ezinaren arrazoi sakona, jokatzearen eta jolastearen arteko aldea. Jokalariek jokatu egin nahi, eta federazioa konforme jolastearekin. Ulertu genuen jokalarien mina. Eta haserrea. Oraindik ere desagertu ez den haserrea. Ez dira selekzioaren elastikoa gau bakarrean luzitzeko hamaika maniki. Sentimenduaren bulkada bat badute beren baitan, nazio baten ordezkariak dira; ez dira portzelanazkoak. Kirolari profesionalak dira, eta beren nahimenak baditu gailurrak, gailur horietarako bide sentimenduak ere bai, erronka bakoitzaren atzean arima bat, bihotza, pasio bat... Futbolari profesional orok bezala beren selekzioarekin lehiatzea dute amets, eta gu ere amets berak esnatzen gaitu goizero, zale moduan, futbolaren munduko biztanle moduan. Guk ere badugu herri baten forma duen sentimendu hori, eta gure selekzioa egun batean ofiziala izango den ametsa. Gure selekzioak munduan leku egin diezagun nahi dugu.

Bide horretan, gustatu zaigu aurten jokalariek izan duten argitasuna eta erakutsi duten ardura. Beste urtebete jokoz kanpo pasatzeko arriskuaren aurrean, beren baitarik, partida baten erdian eurek erabakita bezala, estrategia aldatu dute. Euren beharra sentitzen genuela ulertu, eta haserreari bide berri bat ireki diote; federazioa bere interes tristeetan preso ikusirik ere, jokatzea erabaki dute. Inori mesederik egingo ez liokeen korapiloa beren baitarik askatu dute. Horregatik, gure babes guztia jaso dute haserrearen eta ilusioaren aldarria Euskal Herri osora zabaltzeko.

Gogo horrekin hitz berriak idatzi zituzten azken agirian, haserre hitzak, eta mugarri hitzak, bide berri baterako abiaburuak. Baina abiatzeko laguntza eskatzen zuten, eta eskakizun hori bidezkoa dela uste dugu ofizialtasunaren bidean inor ez dagoelako soberan adierazteko. Hori dela eta, gure futbolariekin batera bide berriak nondik asma litezkeen pentsatzeko prest egon behar dugu. Ez dugu beste munduko ezer eskatzen: selekzio normal bat baino ez, edo munduko jokalari bakoitza berdegune gainera berak sentitzen duen kolorea jantzita ateratzeko eskubidea. Bakoitza bere hautuan libre izan dadila, inork inora eta ezertara behartu gabe. Eta denen arduratzat dugu eskubide horri hitzaren bigarren zati hori aurkitzea, bidea pertsona ororen eskuetan egon dadin, izan euskaldun, frantses, espainol, edo nahi den lekukoa izan, norbere aukera erabakitzeko askatasuna. Horretarako, korapilo hau benetako askabideetan jartzeko itxaropenez, elkarrekin bide berri bat marrazten hasteko prest gaude. Bide bat marraztu nahi dugu, ez harrizkoa noski, lur eta belarrezkoa baizik, futbol selekzio bati dagokion bezala, eta gure herriari dagokion bezalaxe. Horren haritik, aurreko asteazkenean, abenduaren 29an, Bilbon, futbol partida baino zerbait gehiago egon zen jokoan, eta lagun artekoa izan bazen ere, nabarmen, ofizialtasunaren garaipena izan zen.

Horregatik, bide hori erabiliz, euskal jendarteari oro har eta zaleei batik bat, gure zorionak ematearekin batera gure esker ona ere erakutsi nahi diegu, finean, 29an Bilbon gertatutakoarekin erakutsi dutelako kementsu eta gogotsu daudela, guztion artean etorkizunean ikusi nahi dugun selekzio normal horri nazioartera begira bere bidea irekitzen laguntzeko.

Eta hain zuzen, hori da orain guztion betebeharra, euskal selekzioa, Euskal Herriko selekzio normala izateaz gain, nazioartean ofiziala izatea. Eta zeregin horretan, ekarpen gisa, gure esperientzia elkartrukatzeko prest gaudela adierazten dugu, guztion artean (federazioa, klubak, jokalariak…) errazago aurkituko dugulako orain arte lortu ez dugun ofizialtasunaren bidea.

Honako hauek ere sinatu dute artikulua: Iñaki Alkizak,Jose Maria Arratek, Jose Artetxek, Ramon Aznarrek, Leo Barañanok, Iñaxio Kortabarriak, Juan Mari Lasaketa Angel Segurolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.