Pako Aristiren Uztapide eta Xalbador: Bi adiskide mugaz gaindi (Erein) dut hizpide. Uztapide eta Xalbador euskaldun-fededunaren arketipoa dira arras. Joan zeneko jendarte baten etsenplua. Liburuak sorrarazi dizkidan hainbat galderatatik, bat hauxe: euskaldun haiek bizitzari zentzua emateko landu zuten moduaren ostean, zein zentzu ematen diogu egungo euskaldunok bizitzari?
Euskaldun suerte baten iraganaz ari naiz, oraingo euskaldungoaz baino. Hain ziur, osoko euskalduna izan den azken izakariaz. Kasuon, Uztapide eta Xalbador bertsolari lagunek aditzera eman ziguten bizimodu hori, mugaz gaindi jardun zuten bi adiskidek.
Manuel Olaizola zestoarrak bizitzeko uzta-bide-eredua erakutsi zigun. Xalbador Aire urepeldar-odol-beroak, berriz, joan zihoan herri baten sena eta gogoa erakutsi zizkigun, salbatzaile izatera deitua izan baitzen. Nork deitua? Jendarte euskaldun-fededun haren jainkoak, ezta?
Bi eratara interpretatu dut liburuaren izenburua. Lehena: herri hau erdibitzen duen muga fisiko handienaren zentzuan. Bigarrena: bi lagunek beren adiskidetasuna gauzatzeko esperimentatu zuten mugaren ildoan. Bi muga: baga, lurraldearen muga fisikoa. Biga: pertsonen buruen arteko muga.
Bidasoaz gaindi deitu ohi dugun muga fisiko horretaz, burutazio bat: hainbat euskaldunen arabera muga fisikorik ez dago, muga hori gure buruan dago. Hartara, euskaldunon muga mentala da. Euskaldun zintzo horien ideologia txatxuaren arabera, euskaldunon pentsamoldeak psikologiara deribatu du. Hau da, euskaldunok mendez mende pairatu izan dugun muga hori muga psikologikotzat jotzen dute.
Beraz –ironiaz errana–, ez dezagun aintzat hartu giza historiaren bilakaeran, hego nahiz iparreko euskaldunok geureganatu ditugun hizkuntzak –espainola eta frantsesa, oroz gain–, baita era guztietako soziologien eta kulturen eraginez gauzatu dugun euskaldun moldea.
Pertsonon buruen arteko muga da bestea. Alegia, adiskidantza zertzeko ditugun mugez ari naiz. Saiakera honen bitartez zaila izan zait adiskidetasun molde hori taxuz hartzea. Alta bada, hona ale bat edo bertze. Honela dio saiogileak: «Bizitza pribatuan izan zituen jokamolde oker eta garratz batzuen ondorioa zen Xalbadorren pentsamendu deseroso hori. Baina, pasadizo horiek haren pribatutasunari dagozkio eta ez ditugu hemen aletuko». Beraz, gauza bat da obra eta bertze bat obratzailea. Arte espresio guztietan jalgitzen den dilema. Galdera: baloratu al daiteke egilearen obra, egilearen bizimodua juzgatu gabe? Horixe duzu liburu honen interpretazioa egitean interpelatu nauen itaunetariko bat.
Aburu bat: «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza; bertzetik berextean bitarik bakotxa, izaite horrendako segurra hil hotza» izkiriatu zuen Xalbadorrek. Haren segidan, nire hau: «Obra da gorputza, haren egilearena bihotza. Ba al dago izaterik, biak bereizita?».
Ezin da dena kontatu ez komentatu. Jabetzen naiz. Laguntasunean biziko bagara, politikoki egokiro jardun beharra daukagu. Izan ere, kasurako, ez da egokia adieraztea, jainko ahalorotakoaren arabera taxututako Xalbadorren aiurria integrista-ortodoxo bati zegokiola. Nire juzgu hori baietsi ahal izateko, ez dut haren bizitzako pasadizoren bat edo bertze hemen paratuko. Horiek pertsona(ia) horren pribatutasunari dagozkio eta.
1967ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa mugarria izan zen Xalbadorren bizitzan. Mugarrietarik bat, prefosta. Nolanahi den ere, Xalbadorrek Anoetan jasan zuen bost-zazpi minutuko txistu-orro-aldia orduko euskaldun-jendarte haren ispilua izan zen. Gertakari hark euskaldunon mugak islatu zituen: lur-muga fisikoa eta buruko muga. Aldian-aldian, muga mentala deitutako hori.
«Arraroa da bere lagun kuttunaren aipamenik edo defentsarik ez egitea», idatzi du saiogileak: Uztapidez ari duzu. Pilotalekuan zeuden lau mila piztia haien aurrean, Uztapide adiskide kuttun hura mutu geratu baitzen.
Uztapide Xalbadorren adiskidea zela ukaezina duzu. Adiskidea baina koldarra izaki. Jainko guztiahaldunaren doktrinak barkatzen duen koldar giristinoa. Isiltasun hura premonizio bat izan zen, bertsolari zestoarra geroago mutu geratu baitzen. Xalbadorri geroago bihotza gelditu zitzaion legez, Uztapideri halaxe eten zitzaion mintzoa ere.
Uztapide mutu geratu zenerako, bihotz-barrunbeak arrunt hunkituta zeuzkan. Hala berean, Xalbadorren bihotzak aspaldian iragarria zion bere heriotzaren hil hurrena. Horiek horrela, bertze galdera bat: zer moldeko jendartea zen bi bertsolari adiskide haien bihotzak mugaz gaindi paratu zituena? Ez dakit adierazten. Sumatu egiten dut jende haren taiua. Bego. Euskaldun molde hura ahituz joan zen, euskaldun-fededuna, alegia. Haatik, gaur egungoa euskaldungo haren ondorengoa dugu. Alderik alde, bistan da.
Erran nahi dudana endelegatu aldera: liburu honen euskarri lekuko eta laguntzaile Xabier Amurizak —1980an eta 1982an bertsolari txapeldun izan ostean— jasan behar izan zuen jendarte-integrista-molde haren ortodoxiaz ari naiz, kasurako, ulertu jendarte integrista-giristino-marxista. Hein batean, oraindik euskaldunon baitan bizirik dirauen jiteaz ari nauzu. Jakina, ez duzu euskaldunon jite esklusiboa, ezta gutxiagorik ez.
Oharra: Artikuluaren bertsio luzea helbide honetan: https://blogak.eus/begizolia/euskaldunak-joan-badoan-herri-bat