'Euskalwashing'

Alaitz Amundarain, Richard Wendling eta Eneko Calle
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Enpresa transnazionalek giza, ingurumen eta lan eskubideak urratzen dituztela ez da ezer berria. Baina gero eta eskari sozial handiagoa dago nazioz gaindiko enpresak kontrolatu eta eskubide horiek betetzera behartzeko. Horregatik, enpresek beren irudi negatiboa garbitzeko estrategiak definitu dituzte, gizartearen borrokak eta kezkak azaletik erabiliz.

Greenwashing, purplewashing, pinkwashing, rainbow washing, vegan washing... eta, zergatik ez, euskalwashing.

CAF euskal enpresak bere irudia garbitu behar du 2020an Euskal Herriko hainbat gizarte taldek Jerusalemgo tranbiaren eraikuntzan eta mantentze-lanetan parte hartu izana salatzeko kanpaina abian jarri zutenetik.

Duela aste batzuk, CAFElhuyar sariak banatu zituzten, ikerketa eta gai zientifiko eta teknologikoen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatu, saritu eta aintzatesteko. Eta kasu honetan, CAFek euskara eta zientzia erabiltzen ditu Palestinan israeldar apartheidarekin duen konplizitatea zuritzeko.

Palestinar herriaren aurkako israeldar okupazio-, kolonizazio- eta apartheid-erregimenari, nazioarteko konplizitateari esker baino ezin zaio eutsi, eta horretan, enpresek funtsezko zeregina dute.

2019ko abuztuan, Shapir enpresa israeldarrak eta CAFek osatutako partzuergo batek kontratu bat irabazi zuen, legez kanpoko koloniak lurralde palestinar okupatuan lotzen dituen tren-sarea hedatzeko, Jerusalemgo tren arina bezala ezagutzen dena (JLR ingelesezko siglengatik, Jerusalem Light Rail). Jerusalem Ekialdea eta Zisjordania Israelgo Estatuari eransteko plan sionistaren parte bat da JLR.

Horretarako, proiektuak Palestinako lurrak konfiskatzea suposatuko du, azpiegitura horiek eraikitzeko, eta beste oztopo fisiko bat da Palestinako herritarren mugimendu askerako; gainera, tranbiak Israelgo legez kanpoko koloniak lotzen ditu Palestinako lurralde okupatuan eta Jerusalemgo hirian, potentzia okupatzailearen biztanleria lurralde okupatura lekualdatzea erraztuz.

CAFek Israelgo apartheidarekin duen konplizitateak, moralki gaitzesgarria izateaz gain, zailtasunak ekar diezazkieke CAFi eta haren filial Solarisi kontratu berriak irabazteko; izan ere, nazioarteko kanpaina bat dago herrialde ezberdinetako hiri eta gobernuek CAFekin dituzten kontratu guztiak bertan behera utz ditzaten, nazioarteko zuzenbidea bete arte.

Veolia enpresa frantziarrak JLRren legez kanpoko proiektu beretik alde egin behar izan zuen 2015ean, nazioarteko negozioetan milaka milioi dolar galdu ostean, BDSk Europan, AEBetan eta hainbat herrialde arabiarretan egindako kanpaina iraunkor baten ondorioz.

Alde horretatik, paradoxikoa da CAFek zientzia euskaraz zabaltzeko eta berritzeko sari batzuk babestea, Palestinan israeldar proiektu koloniala sendotzeko lankidetzan ari den bitartean. 1948tik, Israel Palestina desarabizatzen saiatu da, batez ere 48ko lurraldeetan (gaur egun, Israelgo Estatua), non arabiar-israeldarrek ez dituzten israeldarren eskubide berak. 1967tik Zisjordanian eta Gazan okupazio militarra mantentzen du, kontrol militarrez, hilketaz, erasoaldiz, atxiloketaz eta giza eskubideen beste urraketa batzuez gain, 700 kilometrotik gorako luzera duen harresibaten eraikuntza ere bultzatu duena; eta errefuxiatu palestinarren itzulerarako eskubidea aitortu gabe jarraitzen du; gaur egun bost milioi baino gehiago dira.

Hala ere, badirudi CAFi ez zaiola asko axola Palestinako garapen zientifikoa eta berrikuntza (okupazio kolonialaren testuinguruan, oso zaila); izan ere, Euskal Herriko langile, sindikatu eta kolektibo sozialen presioak eta gizarte zibilaren eta Palestinako Aginte Nazionalaren eskaerak gorabehera, Jerusalem Ekialdean tranbia ilegala eraikitzen jarraitu du.

Horregatik uste dugu beharrezkoa dela Elhuyarren eta euskalgintzan barne hausnarketa bat egitea, kasu honetan, euskal enpresa batek Palestinan egiten dituen giza eskubideen urraketak zuritzeko euskararen erabilerari buruz, eta 2024ko ediziorako sarietan CAFen parte hartzea berraztertzera gonbidatzen dugu Elhuyar.

Era berean, berriro diogu CAFek bertan behera utzi behar duela Jerusalem Ekialdeko tranbiaren hornidura- eta mantentze-kontratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.