Cira Crespo.

Euskara, emakume izena al da?

2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Historian zehar emakumeek euskararen biziraupenean izan duten garrantzia aldarrikatzea da artikulu honen helburua. Adibidez, ezagutzen al duzue Eibarko Angela de Armona eta bere alabaren istorioa? Bada, 1772an salatu egin zituzten agintearen aurrean, «beren eta bere familiaren ohorearen aurkako koplak osatzeagatik. Deklaratzaile guztiak analfabetoak ziren, eta haien testigantzek adierazi zuten kopla horiek sukaldean abesten zituztela, elkarrekin zeudenean eta iruten ari zirenean». Emakumeen unibertsoari antz eman diezaiokegu salaketa honen bidez. Zer ez da esan sukalde batean, emakumeen intimitate une ezkutuetan? Zeri buruz ez gara mintzatu, emakumeok? Horrela erabili izan dute emakumeek euskara, hizketan.

Zenbaitek dio agian hizketa gehiegi egiten dugula. Egia da sukaldeetan, edo kaleetan elkartuta, edo merienda bat tarteko, hitz egiteko aukera asko izaten ditugula. Alabaina, kontatzen ditugun istorioekin, Historia ere egiten dugu. Esterako, erronkariar andere haiek... «Jaiegunetan biltzeko ohitura zuten, eta solasaldiaren zati handi bat euskaraz izaten zuten, gaztaroko garaiak hobeto oroitzeko. Horregatik ikusten da ohitura zela gertakari haietatik kantak ateratzea, Zuberoan oraindik den bezala». Zeren «gertakari» haiek historia baitira.

Batzuetan, kontatu beharreko historia hura ez da polita izaten, baina bai garrantzitsua. Adibidez, Gasteizko emakume hark... «Bazen beltzez jantzitako emakume zahar bat, beldurti xamarra, gure aurretik igarotzean, ogi-erditxo bat egunero han ondoko pendizean lagatzen ziguna. Emakume honek esan zigun egun batean, nola goiz hartan Lauaxeta eta Plazet donostiarra hilak izan ziran».

Euskararen erabilera aberatsa ez da mugatu, halere, ahozkotasunera. Zeren eta emakumeok, oztopo guztiak gaindituta, irakurzaleak izan baikara, ez gutxi. Bat baino gehiagorentzat irakurzaleak izan garela deskubritzea sorpresa izan da; hori gertatu zitzaion aita Luis Villasanteri egun hartan: «Gutxitan aurkitu izan dut nik baserriko jende artean euskaraz irakurtzeko zaletasunik. Ez nuen ba uste Garoa nobelaz hark ezer jakin behar zuenik. Baina oraingon oker geratu nintzen. Emakume hark ba-zekien bai Garoa-ren berri; irakurria zeukan eta txit maitatua, gainera».

Tene Mujika idazle debarrak bera irakurle nola egin zen kontatu zigun: «Don Lorenzo dendara etortzen zen egunero berak irakurri ezin zuena niri irakurri araztera. Ni pozik. Irakurtzea zen ba nire zaletasun bizia eta don Lorentzori irakurtzen nizkionak atsegin». Berak asko jardun zuen emakumeei eta irakurzaletasunari buruz, eta, bere ustez, «irakurle haundiak izan gara emakumeok». Eta seguru asko ez zaio arrazoirik falta, bestela nola azaldu Maria Luisa Petrirena, Xenpelar bertsolariaren arreba alegia, etxean irakurri eta idazten zekien bakarra izatea? Horren inguruan eszena polita kontatu zaigu, Maria Luisaren irakurzaletasuna ondo kokatzen duena, ilunabarretan kinke bat piztuta. «Batzuetan, ordea, lo hartzen zuen eta bere ile kizkurrak erre egiten zitzaizkion behin baino gehiagotan. Bestetan, berriz, senarrak argia itzali behar izaten zion».

Zalantzarik ez da, asko irakurtzen duen emakumeen arteko zati eder bati nahita nahi ez erne behar idazteko gogo handia ere. Horrela izan zen Tene Mujikaren kasuan. Bera, don Lorentzo apaizaren irakurle aritu ondoren, poemak idazten hasi zen, eta gero egunkarietan testuak argitaratzen. Eta bere azken urteetan, ia ikusmena galduta zuenean, idazteko gogoa zen gelditzen zitzaion bakarra, besterik ez bada ere, orriak gidalerroz betetzen zituen, idatziko zituen hitzak lerro zuzenetan behar bezain artezki makur zitezen. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Josepa Matea Zubeldiari, berak ere kontu handiz prestatu baitzituen idazketarako kuadernoak, bere bertso guztiei leku polit bat eskaintzeko.

Hala da, bada. Emakumeek, historian zehar, euskara oparotasunez erabili izan dute, nahiz eta normalean arakatzen ez diren lekuetan egin izan, nahiz eta beren ekoizpen gehienak ezezagunak izan. Hori jakinda, ez zaigu hain arrotza egiten XX. mendearen hasieran, eraikuntza nazionalerako proposamenak hasi zirenean, euskaraz aritzen ziren emakumeek euskarari zor zitzaion duintasuna emateko prest agertzea eskolak prestatuz, egunkarietan euskaraz idatziz, umeentzako antzerkiak eta euskarazko materialak sortuz... Lan gogorra egin zuten euskararen alde.

Gero etorri zen frankismo faxista suntsitzailea; gero gertatu zen porrot handia, eta dena zalantzan geratu zen. Zer gertatuko ote zen euskararekin? Bada, gerra ondoren, emakume hauetako batzuek ez zuten amorerik eman, eta asko itzuli ziren berriro galduriko gerra haren zelaietara. Aspalditik zeukaten ohitura inork begiratzen ez zuen geletan egotekoa, atentziorik ez ematekoa. Historiaren barrenako ibiliak erakutsia zien ikasteko sare informalak nola erabili, eta, beharbada, jakintza hori guztia erabilgarria izan zen garai ilun haietan. Bakoitza bere modura, batzuk etxeko saloian klaseak ematen, beste batzuk herriko aldizkarian euskarazko testu xumeak sortzen, auzokideei euskara irakasten...

Emakume armada isilak eta ezkutuak piztuta mantendu zuen euskararen gar txikia; eta, sugarraren beroari esker, ikastolak herri guztietan jarri ziren eta hezkuntza euskaraz egiten hasi zen, ofizialki. Emakume horiek ahalbidetu zuten hori guztia, alegia.

Eta gaur egun, esan dezakegu beldurrik gabe: emakume horiei guztiei eskerrak, nik neuk, emakume historialari kataluniar honek, nire Gasteizko auzokide askok, pasa den egunean ezagutu nuen Maeztuko talde feministak, edo nire lagun nigeriarraren alabak, ezusteko lekuetan, euskara darabilgu. Eta, beharbada, gutxietsitako tropa baldar eta bitxi hori ere hizkuntza aberasten eta ahalbidetzeen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.