Gure inguruko hizkuntzak etorri zirenean (-3.300~), euskara hemen zegoen aspaldi. Hori horrela, argi eta garbi aldera daitezke euskal hizkeraren eta hizkuntza arioen atzean dauden pentsaerak. Mundu-ikuskera txit desberdinak, zinez. Honakoan, generoari buruzko pentsaerari ekingo diogu.
Euskarak oso ondo bereizten ditu sexuak, baita ere zehazki deskribatu, arraren eta emearen sexu organoak, geroxeago ikusiko dugunez.
Baina gainerako hitzetan (aita, ama, gizona…) ez du hartzen erreferentziatzat sexua, baizik leinua. Hortxe datza euskararen eta gure inguruko hizkuntza arioen arteko desberdintasuna: azken hauek bai hartzen dutelako sexua erreferentziatzat (padre, madre, hombre, hijo… esatean).
Sinesgaitza ezta? Gizon, gizaki, gizarte eta abarrek genero-markarik ez izatea? Bada, euskal hitzak horixe ematen dute. Aitzitik, patriarkatua Euskal Herrira iritsi zenean, orduan bai irauli zela euskaldunon pentsaera jatorrizkoa, hala pentsaera arioaren eraginez, nola batez ere Kristianismoaren eraginez. Izan ere Kristianismoan (honelaxe izendatzen dut, nahiz eta zuzentzaileak gorriz markatu) Aita, Semea eta Espiritu Santua dira protagonista bakarrak. Miriam, Jesusen amak, ez zeukan garrantzirik orduan.
Espiritu Santuari dagokionean, Ekialdeko tradizioan beharbada emea izango zen (uso itxuran), baina Valpuestako elizan bizar eta guzti ikusi dut alboko aldare batean, Aita eta Semearekin batera, azken bi hauek ere bizar kizkurdunak.
Vatikanoak espresuki debekatua zuen arren Espiritu Santua irudikatzea, Valpuestako 'komunak' paso egin zion agindu horri; horregatik hantxe ikus daiteke Espiritu Santu bizartsua (uste dut kasu bakarra dela munduan). Ikusi nahi duenak Valpuestan dauka ikusgarri.
Patriarkatuaren sorrerari dagokionez, Sumerian gertatu zen lehenbizi, gure ezagutza eremuan bederen (-7.000 inguruan), zigurat dorrean izarrak behatzen zituen apaiz emakumea apaiz gizonezkoek jaitsarazi zutenean dorretik. Gero bi mila urtetako erresistentzia egon zen, harik eta gizonen kastak emakumea menperatu zuen arte. Baina, dena dela, gertakari historiko bat da; ezin da pentsatu gaur bizi duguna betikoa izan dela. Beraz, itxaropenaren iturria ez dago butxatuta.
Euskal Herrira berandutxo heldu zen patriarkatua (-1.200~), Teodosio Goñikoak Aralarreko San Migel eliza eraiki zuenean, eta jarraian Euskal Herriko beste San Migel guztiak, zein ala zein Herensugearen burua zapaltzen, Herensugea baitzen Anderearen irudia. «Betiko etsaigoa jarriko dut zure eta emakumearen artean», dio Genesiak, patriarkatuaren aroa islatzen duen Bibliako Genesiak (-5.000).
Hemen, Mari Anderearen mitoa erdibidean geratu da: ez Mariren senarra den Sugarrek, ezta haren seme diren Atarrabi eta Mikelatsek lortu zuten Ekaitzaren jabe izatea. Mari bera geratu da titulu horrekin.
Baina itzul gaitezen harira. Nola izan daiteke gizon/gizarte… hitzek genero-markarik ez izatea? Esan bezala, euskarak ez du jartzen erreferentziatzat generoa, baizik leinua, ahaidetasuna, senidetasuna.
Orduan aba/ama hitzak 'leinua' adierazten du besterik gabe; aita hitzak, berriz, 'leinua bermatzen duena (ait-da)' esan nahi du, bereberren ait, Kaukasokoen ayte, guantxeen atxa hitzen ildotik. Ez daukate genero-markarik!
Era bertsuan, atso, agure 'atsagureak' jatorriari eta ahaidetasunari egiten diote erreferentzia. Atso hitzak, adibidez, 'leinuko garrantzitsua' (ait-so) esan gura du; eta agure hitzak, berriz, 'gur egitea merezi duena'. Berriro ere genero markarik gabe. Eta beste gauza bat, gainera: aita-amasoak zein neurritan ziren errespetagarriak tribu haien barnean. Ez ziren egongo, ez, adinekoen etxeetan baztertuta eta zenbaitetan esperimentu-haragi gisa, egun bezala.
Goian esan bezala, jende euskaldun hark naturaltasun osoz definitu zituen arraren eta emearen sexu-organoak; ez, zorionez, Kristianismoaren ajeak kutsaturiko obsesiopean. Obsesioz blai Espainiako Erret Akademiaren Entziklopedia ere, kasu, zeinek coño hitza esaterik ez daukan. Gure arbasoek ez zuten konplexu lotsati hipokritarik koroino eta alu izendatzeko giza emearen sexu-organoak: koroino, montortxoa; alu, ahal-gunea; eta zakila, aldiz, giza arraren sexuari: zakila, barrenetik zut jartzen dena esangurarekin; eta barrabilak 'bola bikoitza' (boa-arra-bil). Azkenez, freskotasun bertsuarekin esan zuten giri (haragi-egin) eta joder (jo erdian), Erret Akademia lekuz kanpo harrapatzen duelarik oraingoan ere: ez du atzematen joder nondik datorren eta zer den. Txingar ere hor dago: agian giri-in-ar: arrak haragi egitea.
Jendarte hura ez zen gaur egungoa bezalako obsesiboa eta gaixoa sexu gauzetan, bistan dago. Zeinek lukeen gaurko garai honetan halako sexu-heziketa naturala!
Orain, Santxo erran zuen On Kixotek Elizarekin egin dugu topo.
Halaxe da. Orain erabaki korapilatsu baten aurrean aurkitzen garela uste dut: zer egin behar dugu euskaldunok? Inbaditzaile etorri berrien pentsaerara makurtu, honetan ere? Ala geure bidetik jarrai? Ez pentsa dilema hau hain erraza denik. Uste baino erabaki zailagoa da, hain baitugu barneratuta patriarkatua gaur egungo gizonezko nahiz emakumezkoek!
Normala izango da planteatzea gure garaietara egokitu beharra daukagula, gizon, gizarte etab., kateximan eta eskolan erakutsi diguten moduan hartu behar ditugula. Hots, egoera, errealitatea, errealismoa… azken batean politika dago tartean eta bitartean. Zeri eman bide, jatortasunari ala politikari?
Dena dela, ez dadila izan behintzat aurreiritziengatik edo ezagutza ezagatik.
(eta II)
Hispanieraz idazten denean edota jendaurrean hitz egin, niños esaten duenak niñas gehitu behar du jarraian, genero-berdintasuna errespetatu gura badu. Eta socios dioenak socias gehitu behar du edozein batzarretan; padres dioenak madres, etab. Gure inguruko hizkuntzek (indoeuroparrak) arazo larria dute generoarekin; zenbat eta hitz luzeagoak hainbat okerrago: administradores/administradoras, kasu; aldiz, euskaraz aski da haurrak, sozioak, gurasoak eta administrariak esatea.
Zergatik da hori? Argi dago zergatia: euskarak ez duelako hartzen sexua bere hitzen erreferentziatzat, baizik eta senidetasuna, ahaidetasuna: hots, leinua.
"Hori berdin da –erran dezake batek-. Gauza bera ulertzen dugu hermano, hija esan edota anaia, alaba esan”. Ulertu bai, jakina, baina ez daukate esanahi bera, ezta urrundik ere. Eta kontu hau ez da airezkoa, baizik praktikan ondorio garrantzitsuak dituena, laster ikusiko dugunez.
Hispanieraz hija esatean sexua hartzen dugu oinarritzat hijo-tik desberdintzeko; ostera, euskeraz alaba esatean, (eta berdin iloba, anaia etab.), leinua hartzen da erreferentziatzat. Hala, alaba hitzak zera esan nahi du: “leinua sortu ahal duena” (al-an-aba), bai baitakigu aba/ama erroak leinua esangura duela. Era bertsuan, iloba berbak “leinuaren oinordekoa esan nahi du”; eta agian horrexegatik nahasi ohi gara iloba-sobrino eta iloba-nieto bereiztean.
Eta gauza bera gertatzen da anaia/anaea (*aba-an-ahaide: “leinuarekiko ahaide”) eta senidetasuna adierazten duten gainontzeko hitz guztietan. Adibide hauek sobera ditugu ohatzeko ezen euskarak bestelako pentsaera batekin funtzionatzen duela gure ingurukoez alderatuta.
Horretaz jabetu baldin bagara, gai izanen gara orain gai korapilatsu bati aurre egiteko; giza, gizon, gizarte hitzei buruzko eztabaida eternalari.
Koldo Mitxelenak erran omen zuen giza erroa gizon hitzetik zetorrela, eta baiezpen horrekin ireki zuen Pandoraren kutxa. Mitxelenak asko zekien, nik baino gehiago bai seguru, baina zenbait gauzatan presak edo estresak, edo ez dakit zerk, errakuntzara eraman zuen. Aliquando dormitat Homerus, latinoren batek esan zuenez.
Izan ere, giza erroa gizon hitz konplexuagotik datorrela esateak hizkuntza arau guztiak jartzen ditu kolokan.
Bigarrenik, gi eta giz euskal-erro arkaikoenak ez ezagutzea esan nahi dau. Lehenak (gi erroak) haragia, organismoa esangura dauka, eta bigarrenak (giz) organismo bizia, hots 'pertsona' hitz modernoaren baliokide litzateke. Hots, genero markarik gabe.
Bada, horretan datza korapiloaren irtenbide zientifikoa; beste gauza bat da, aitzitik, korapilo hori askatu ahal izatea. Bi jarrera kontrajarri sendo daudelako eta bakoitza bere astotik jaistea ia ezinezko izango delako.
Izan ere, Mitxelena jaunaren aipu horretan oinarrituta, feminismoaren aldeko batzuek, ez denek, giza, gizaki, gizarte… hitzak erabiltzeari matxismoa irizten diote. Eta horien ordez jende, jendarte erabiltzen. Nik uste hitz batzuk zein besteak erabil daitezkeela lasai asko.
Orduan zer? Euskararen egitura eta pentsaeraren tradiziora lerrokatu ala hizkuntza inbaditzailera makurtu, honetan ere? Esateko moduagatik bistan dago zein den nire lubakia. Hala ere, erabakia hartzea txit korapilatsua.
Betiko bidegurutzea. Arrazoizkoa dirudi batzuen galdera: ez ote dugu egokitu behar garai berrietara, errealitatera, errealismora? Azken batean politika baitago tartean, eta hori ez da pekatu.
Dena dela, nioen, erabakia ez dadila izan behintzat aurreiritziengatik edo ezagutza ezagatik.