Berrikuntza eta kulturgintzako eragilea

Euskara inpernutik lan mundura

2024ko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Inpernua ez da esan diguten bezain leku txarra, nahiz eta eliza katolikoak horretan enpeinua jarri duen. Inpernuan hasi zen dena. Usurbilekin mugakide den Donostiako Ibaeta auzoaren goitizena da Inpernua. Hortxe zegoen Aurrezki Kutxa Munizipalaren egoitza informatikoa 80ko hamarkadan.

«Garai batean, Ameriketan izandako batek, taberna jarri zuen toki hortan. Handik barrena, garai hartan, itzaiak ibiltzen ziran, beren idi ta gurdiakin, orduko transportistak haiek baitziran. Ta ardo-tragoxka bat edatera-ta, bide bazterreko taberna hartan sartzen omen ziran. Amerikano hura, Ameriketan fedea galduta edo, Eliza ta erlijioarengatik gaizki esaka aritzen omen zan beti. Ta itzaiak, haren hizketa moduaz harrituta, tabernari Inpernua jarri zioten izena»; eta tabernaren izena hartu zuen auzoak, Koldo Izagirrek Donostiako euskararen historia txikia liburuan kontatzen digunez.

Aurrezki Kutxa aitzindari izan zen euskara mundu sozioekonomikora eramaten. Alde batetik, hizkuntza prestatu behar zen, eta horrela sortu ziren Banka eta Finantzetako hiztegiak. Bestetik, prozesuak eta makinak prestatu behar ziren, eta horretan aritu ziren buru-belarri, Ibaetako egoitzako informatikarien laguntzarekin, langileak eta zuzendariak. Euskaltzaletasunak eta borondateak bat egin zuten.

Gaur egun arrunta da kreditu txartelekin hizkuntza hautatzea, kontu laburpenak euskaraz jasotzea, arreta euskaraz izatea eta beste hainbat eragiketa zein zerbitzu. Orduan, izugarrizko lana eta aldaketa izan zen. Ate berri bat ireki zioten euskarari pertsona haiek guztiek; hain zuzen, banka eta finantza munduan sartzeko atea.

Era berean, ez dugu ahaztu behar erakunde publikoetan euskara erabiltzeko plangintzaldiak jarri zirela abian 86/97 Dekretuarekin, Euskararen Legearen babesean. Bide horretatik, egitura irmoak garatu ziren erakunde publikoetan, hala nola: euskara zerbitzuak, euskara teknikariak, eskolak eta plangintzak berak.

Euskalgintzak eta erakunde publikoek jakin zuten pilota eramaten, eta 90eko hamarkadan euskara eremu pribatuan lan munduratzeko esperientzia pilotuak sustatu zituzten. Era horretara, enpresa puntako zenbaitek euskara barneratzeko prozesuei ekin zien. Patronala eta sindikatuen babesa ere garrantzitsua izan zen hasiera haietan.

Horiek horrela, ez zen nahikoa euskara ikasteko aukera izatea langileen artean, erabili egin behar zen enpresan eta, horretarako, egitasmo zehatzak lantzeari ekin zieten. Horien bidez, lantokiaren alderdi guztiak kontuan hartzen ziren, hala nola: barne eta kanpo komunikazioa, marketina, iruditeria eta seinaleztapena, dokumentazioa, ahozko harremanak, bilerak, trebakuntza... hori guztia, euskara atal guztietan nola integratu erabakitzeko. Parte-hartzea gako garrantzitsua zen, beraz, osaera anitzeko batzordeak ziren plangintza horien garatzaileak.

Horrek guztiak eman zuen aukera egitasmo oso eta zabal bat hedatzeko 2000. urtetik aurrera. Hezkuntzaren bidez euskalduntzen ari diren gazteek lan munduan etenik ez izatea izan delarik argumentu nagusia. Orduz geroztik gaur egun arte, makina bat enpresa eta langile murgilduta dabil euskara planetan, Euskal Autonomia Erkidegoan, batez ere. Teknikari eta aholkulari espezializatuen laguntzaz baliatzen dira, eta, era berean, dirulaguntza publikoak dituzte.

Euskara planek —gaur egun hizkuntza kudeatzeko egitasmoak deituak zenbaitetan— enpresarentzat garrantzitsuak diren elementuak jasotzen dituzte, hau da: langileen kohesioa, zerbitzuaren kalitatea eta inguruarekiko erantzukizuna.

Lan mundurako egitasmoak martxan! Makineria martxan! Engranaje baten eran ibiltzeko pentsatua. Baina, tamalez, eremu pribatuan borondatearen esku soilik, oraindik ere.

Berriki Languages Lanean nazioarteko kongresua izan da Bilbon. Euskalgintza osoa bertaratu da (gizarte ekimenekoa zein instituzionala), eta kanpoko zein bertako enpresen kasuak azaldu dira, ereduzko praktika moduan.

Ondoren, gaiaz gogoeta egiteko aukera izan dut bertan egon zen kide batekin. Bera euskara teknikaria da finantza entitate batean, azken bi hamarkaden lekuko zuzena da. Gaiarekin loturiko gazi-gozoak partekatu ditugu kafe baten bueltan. Kongresutik ateratako ikasgaiak, eta, bestela, jardunak ematen dizun perspektibak, adierazten dute geldialdia gertatzeko arriskua dagoela. Hori bera azaltzen du elkarrizketa batean Bai Euskarari ziurtagiriaren arduradun ohiak, 25 urteko jardunaren ezagutzatik.

Kongresuan ikusi zenez, irmo ari diren herrialdeetan, Islandian, kasurako, gobernu egitasmoen erdian dago islandiera. Maila guztiak hartzen ditu, alegia: enpresaren harremanak, teknologia eta adimen artifiziala, inbertsioak, baliabideak... ingeniariak ere hizkuntzen kudeaketan trebatzen ari dira. Ingelesaren nagusitasunari aurre egiten diote horrela, bestela, gaur egun, islandiera atzean geratuko bailitzateke.

Era berean, oso gogoeta interesgarria aipatu zidan kideak. «Feministek aurre egin digute», zioen, ez arranguraz, inbidiaz baizik. «Berdintasun zerbitzuak sortu dira 2000 urtetik hona, eta Berdintasun Legearen babesari esker, nahitaezkoa da bai eremu publikoan zein pribatuan berdintasun plana izatea. Horrela bai; euskara, ordea, ahul dago une honetan, eta orain arteko esperientzia arrakastatsuek isolatuta geratzeko arriskua dute, berdintasunaren arloan ez bezala».

Itzaien garaitik Ibaeta auzoa eta lan mundua asko aldatu dira. Euskara egokitzen joan da, hamarkadaz hamarkada, lan munduaren konplexutasunean. Euskalgintzak eta euskaltzaleek irmo jarraitzen dute. Baina, lan mundua konkistatzeko arautegi sendo eta aliatu naturalak behar dituzte berandu baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.