Euskara, txioz txio

Iñaki Martinez de Luna.
2013ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Euskara badoa, bai, aurrerantz. Hutsuneak hutsune, herrigintza eta instituzioen bulkadaz euskararen olatua gero eta indartsuagoa da. Aspalditik erdararenak diren eremu lehor batzuk ere blai-blai eginda uzteko modukoa. Badaude, halere, bustitze horretatik kapusai iragazgaitzez babesten diren bestelako lurrak. Erabili.com-ek jasotako txio baliotsuek ongi baino hobeto ilustratzen dituzte blaitutako aldeak zein idorrak.

Herri mugimenduaren muinean, euskara elkarteak jauzi handia ari dira egiten: antolakuntzan, koordinazioan, finantzabideetan, estrategian, komunikazioan eta abarretan. Zer esanik ez bertsolaritzak, txapelketetan edo harrobiarekin burutzen duen lan isilean. Ahozkotasunetik testu idatzietara igaroz, aitortua da euskal literaturaren egungo loraldia. Prosa literariotik urrun, arlo ekonomikoan, bada euskaltasunaren aurrerakada aipatzen duen txiorik: «Euskal Herriko hizkuntzaren industriak 5.000 lanpostu ditu eta 276 milioi euro fakturatzen ditu urtean».

Enpresetako langileak izan edo funtzionarioak izan, euskara teknikarien prestakuntza izugarri areagotu da, soziolinguistikaren oinarri-oinarrizko planteamenduetatik sofistikazio profesionalera igaroz; intuizio hutsez jardutetik, ezagutza teoriko eta tekniko aitzindariak baliatzera.

Era berean, herri-administrazioa, hizkuntza-eskakizunak ezarriz eta erabilera areagotzeko plan berriak abian jarriz, nahi baino motelago bada ere, badoa euskalduntzen. Aldi berean, lehen baino askoz gehiago dira euskaraz gaituta dauden belaunaldi berrietako politikariak. Hartara, herritarrek duten hizkuntza hautatzeko aukera ez erabatekoa, baino gero eta zabalagoa da.

Hezkuntza sistemari dagokionez, D ereduak goranzko joerari eusten dio leku gehienetan. Unibertsitatean, euskal adarreko ikasleen kopuruek aurrea hartu diote erdal adarrekoei zenbait ikasketetan. Eta abar.

Hortaz, handiak dira herrigintzaren zein herri-administrazioaren eskutik euskara egiten ari den aurrerapausoak. Ahaztu gabe, nagikeria eta zalantza handiz euskalduntzen ari diren beste munduak; besteak beste, erdararekin hain tematuta jarraitzen duen IKTarena: «WordPress 3.7.1 oso-osorik euskaratuta».

Hala ere, euskararen komunitate osoari erreparatuz gero, zalantza handiak sortzen zaizkit: euskal gizarteak ere dinamika kementsu horren norabide eta abiadurari jarraitzen die edo, aldiz, abangoardia horretatik oso atzeratuta ari da gelditzen? Ez ote da gero eta handiagoa abangoardia eta herritar euskaldunen arteko tartea? Kezka argiago azaltzeko errepara diezaiegun, beste behin, Euskararen Txioak eman digun zenbait aleri.

«Euskara jakin arren salerosketak gaztelaniaz egiten dira», dio txio horietako batek. Durangoko hizkuntza-egoerari buruz ari dela-eta, horrela jarraitzen du: «…merkatarien %75ek dio zerbitzua euskaraz eman ahal duela, baina %32k bakarrik erabiltzen du. Eta, bezeroen kasuan %18k darabilte». Alegia, euskaldunen gehiengoa ez da baliatzen euskaraz egiteko dituen aukerez. Eta ez Durangon bakarrik.

Hauxe da tankera bereko beste txio bat: «Susa liburu digitalak saltzen hasi zenetik, 1.652 ale saldu ditu; alegia, bi urteko ahaleginak 1.652 euro eman dizkio argitaletxeari (euroa liburuko). Horra hor gure merkatuaren egungo neurria eta ebook-en etekin ekonomiko barregarria». Bistan da, Susaren liburuak irakurtzen dituztenen kopurua lekutan dago euskal irakurlegoak duen kontsumitzeko ahalmenetik. Euskararena merkatu txikia da eta, horrezaz gain, irakurlegoak ez du aukera hori hobesten.

Hona hemen kutsu ezkorreko beste txio bat: «Ikastolan ere euskara baztertua: Guraso bileretan azalpenak erdaraz eta, ondotik euskarazko laburpena». Euskararen santutegia diren ikastoletan ere ez zaio zilegitasun osorik aitortzen gure hizkuntzari; bigarren mailakotzat jotzen da. Kasu honetan, erdaldun euskaltzaleak (euskaltzaleak, zergatik bestela beren seme-alabak ikastolan!) dira euskarari lehentasuna ukatzen diotenak.

Euskara, gizatalde euskaldun askorako lehentasunezkoa ez dela argi berretsia gelditzen zaigu jarraian: «Euskararen garrantzia: Familia-lagunarterako eta garrantzirik gabeko kontutarako». Ulergarria da, hortaz, zergatik euskaldun askok ez duten ahalegintxo bat egiten estimuan duten hizkuntza erabiltzeko orduan. Askoren jardunak erakusten du apaingarri polita eta ongi ematen duen lorontzi koloretsua baino ez dela euskara. Gauza garrantzitsuetarako, benetan inporta zaizkigun horietarako, badugu ospetsua eta erabilerraza den beste hizkuntza hori. «Euskararekin 'odolgalduak' al gara?»

Orduan, euskararen olatua noraino iristen da? Ahaleginen lorpenak agortzen dira euskalgintzako eragileek beraiek osatutako zirkuitu endogamikoan, edo ia-ia. Ez omen dira mugimendu horren erdigunetik euskara-komunitatearen periferiarantz hedatzen. Olatuaren emaria lehorreko hondarrak xurgatzen eta desagerrarazten du.

«Euskara ez dago agenda politikoan», zioen txioa ere bada. Ez agenda politikoan, ezta sozialean ere. Bukatzen ez den soka: euskara ez da erabiltzen garrantzitsua ez delako eta, horrela, ez dago agendan. Era berean, agendan ez dagoenez, ez dugu garrantzitsutzat joten. Horrela, ad infinitum…?

Gurpil zoroa gainditu eta euskararen olatua komunitate osora heda dadin, erresonantzia-kaxa indartsuagoak behar dira, azken txio batek iradokitzen digun bezala: «Euskarazko kulturgintzak erresonantzia-kaxa indartsuagoak behar ditu». Erresonantzia ez ezik, presentzia iraunkorra ere bai; ez noizbehinkakoa. Horregatik, Euskararen Egunaren ospakizunetarako Topaguneak landutako kanpainaren leloa ezin egokiagoa da: Euskarak 365 egun. Ez dago olatuak geldirik dituen itsaso bizirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.