Maiatzaren 15etik 25era Euskaraldia iraganen da Euskal Herri osoan. EH Baik, euskararen erabilera emendatzea helburu duen ekimenarekin bat egin, eta parte hartzera deitzen du. Iragan berri den Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen bestan ere izan ginen Senperen, euskarazko murgiltzea eta herritik sorturiko hezkuntza proiektuari gure sustengua berresteko.
Euskaraldiaren aurtengo edizioa euskararen normalizazio prozesuan jauzi bat egiteko beharrari hertsiki loturik heldu da. Azken hamarkadetan euskararen defentsan eta zabalkundean lan handia egin eta aitzinatu garen arren, larrialdi linguistikoan gaudela erran dezakegu. Gibelera egiteko arriskuak ez dio soilik euskarari eragiten, Euskal Herriaren identitate nazionalari eta bere kontzientziari baizik.
Euskalduntze prozesuak herri gisako inarrosaldi bat behar du. Abertzale eta euskaltzale gisa, inoiz baino presenteago izan dezagun nora joan nahi dugun. Euskararen normalizazioa da gure helburua, non euskara hizkuntza gutxiagotua izatetik, jendarte osora eta funtzio guzietara hedatuko den.
Ipar Euskal Herrira etorriz, Unescok hizkuntza batek bizirauteko ezartzen duen hiztunen %30etik oso beheiti gara 16 urtez goitikoen artean (%20 inguru). Azken inkesta soziolinguistikoek erakutsi dute euskal hiztunen kopuruan ezagutzen ari zen gainbehera momentuz gelditzea lortu dela, baina demografiaren hazkunde handiarekin, proportzioan euskal hiztunak gero eta gutxiago garela. Herritarren zein eragileen artean, berriz, euskararekiko aldekotasuna zabala da, lurraldeak euskararen biziberritzean aitzina egiteko nahia duen erakusle. Borondate horrek bidea egin behar du.
Euskararen Erakunde Publikoak 2050erako egin azterketaren arabera, %30 horretara ailegatzeko, 25 urtetan 40 bat mila hiztun berri beharko genituzke. Horren egingarritasuna zalantzagarria izan daiteke zenbaitentzat, baina helbururik eta eperik gabe, nekez egiten ahalko dugu jauzirik. Haatik, erronka gure egiten badugu, horrek estrategia bat eraikitzera eta erronka konkretu eta neurgarriak finkatzera eramanen gaitu. Eta gauza anitz aldaraziko ditu.
Edozein moduz, ondoko urteetan askoz ere euskal hiztun gehiago behar ditugu. Euskal hiztunak masiboki sortzeko xedearekin, hezkuntza arautuan murgiltze eredua sail eta maila guzietara orokortzea proposatzen dugu. Azken urteetako bilakaera positiboa izanik ere, gaurko erritmoarekin ez dugu zinezko jauzirik eginen. Kontziente gara prozesu hori graduala izanen dela, baina lurralde mailako plangintza neurgarri bat adostu behar dugu belaunaldi berriek euskararen oinarrizko ezagutza izan dezaten. Bigarren hanka helduen euskalduntzea da. Bertan sortua edo kanpotik etorria izan, hemen bizi den oro euskalduntzeko bide partekatu bat behar da. Doakotasunerantz urratsak egin eta askoz ere baliabide gehiago ezarri beharko dira egun matrikulatua den jende kopurua biderkatzeko.
Euskara normaltasunez erabili ahal izateko, orain arte ailegatzerik izan ez dugun jendarteko eremu eta egitura guzietara hedatu beharko da, lurralde mailako zein tokian toki abian jarri beharreko egitasmoekin. Zerbitzu publikoetan euskara hedatzeko eta erabiltzeko planak, euskararen arnasguneen sustapena eta babesa, euskarari prestigioa eta ikusgarritasuna emango dioten jarduerak, euskal kulturari bultzada berria... Aitzinean dugun erronka zinez da handia, eta ezinbestez osotasun horretatik heldu behar zaio.
Horrek guztiak lege babesa galdegiten du, hots, euskararen ofizialtasuna eta koadro berria. Eta baita hizkuntza politika aldatzea ere. Egungoak bere mugak aspaldi azaleratu ditu eta anbizio eta baliabide gehiago behar dira. Blokeo etengabea ezin da aukera bat izan. Euskararen aldeko hizkuntza politika Ipar Euskal Herri mailako ikuspegiarekin landu ahal izateko, eskumen hori hemen behar dugu. Horregatik ere da hain beharrezkoa azkenaldian indarra hartzen ari den estatus politikoaren aldaketa eta Ipar Euskal Herriarentzat beste instituzio bat lortzearen aldarria.
Euskararen normalizazio prozesua aldaketa sozial eta politiko sakona den heinean, denok behar gaitu. EH Baik argi du tamainako jauzi bat egiteko, lurralde honetako eragile sozial, ekonomiko, sindikal, politiko eta instituzionalak elkarrekin aritu behar garela eta herritarren kontzientziazioa eta parte hartze zabala ezinbesteko direla. Adostasuna eta mobilizazioa ardatz, giro kolektibo berri bat pizteko garaia da. Erran gabe doa euskararen herri mugimendua den euskalgintzak baldintza humano, material eta ekonomiko egokiak behar dituela prozesu horren motor eta arnasa izaten segi dezan.
Urrats bat aitzina egitea proposatzen ari bagara, abertzaleon engaiamendua eta ardura nabaritu egin beharko da eguneroko jardueran, norbanako gisa eta kolektiboki, herri ekimenetan eta gauden instituzio guzietan, Euskal Hirigune Elkargoan edota herriko etxeetan. Are gehiago 2026ko herriko bozak ate joka ditugun honetan.
Euskarak komunitate gisa egituratzen gaitu eta identitate propioa ematen digu. Ardatz bilaka dezagun. Elkar mugituz egingo dugu!