Euskararen errepublika, biziraupenerako bidea

Ibon Leibar eta Intza Gurrutxaga
2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetzĀ». Txillardegiren esaldi ezagun hori abiapuntu hartuta, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragiletik bi mahai-inguru antolatu genituen orain bizpahiru hilabete, Donostian. Euskara eta Euskal Herri burujabea erdigunean jarri eta horien inguruan elkarrekin hausnartzea eta, era berean, Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesua eta burujabetzarena elkar nola elika daitezkeen gogoetatzea izan zen mahai-inguruon xedea.

Hala, lehenengo solasaldian hiru eragile subiranistak parte hartu zuten; hain justu, Ehuneko, Herriexistentziako eta Udalbiltzako ordezkari banak. Bigarrengoan, berriz, euskalgintzako lau eragilek hartu genuen hitza: Euskalgintzaren Kontseiluak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Gazte Euskaltzaleen Sareak eta EHEk. Gai ugari izan genituen hizpide eta, publikoaren parte hartzearekin batera, eztabaida interesgarriak sortu ziren.

Mahai-inguruan aipatu bezala, EHEtik argi dugu Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesua eta burujabetzarena elkarri lotuta daudela eta batak bestea elikatzeko baliabideak eman diezazkiguketela. Behin baino gehiagotan aldarrikatu izan dugu euskal edo euskararen errepublika eta, bide horretan, gure aburuz, bi prozesuak dira ezinbestekoak; ez baitugu euskalduna ez den beste Euskal Herririk irudikatzen.

Eta zein ekarpen egin diezaioke prozesu batek besteari? Bada, euskara da euskaldunak batzen gaituzten elementu nagusietako bat; izan ere, euskarak egiten gaitu euskaldun. Hala, euskal komunitatearen identitatea eratzeko edota sendotzeko giltzarria izango da gure hizkuntza. Burujabetza lortzeko prozesua arrakastatsua izan dadin, nahitaezkoa izango da komunitate zabal baten atxikimendua edota babesa, eta euskarak komunitate hori sortzen eta sendotzen lagunduko digu. Alderantziz, independentzia euskara eta euskaldunak ahalduntzeko oinarrizko erreminta izango da. Soilik horrela lortuko baitugu hizkuntza politika burujabeak garatzea eta horrenbestez, euskararen normalizazioan urrats erabakigarriak egitea.

EHEtik bat egiten dugu idazle eta pentsalari donostiarraren hitzekin. Egungo mundua nazio- estatu subjektuen baitan egituratzen denez gero, euskararen biziraupena bermatzeko baldintzetako bat estatu propioa izatea izango da. Ez da baldintza bakarra izango, bai, ordea, nahitaezkoa. Oldarraldi judizialarekin garaiotan ikusten ari garen bezala, espainiar eta frantziar estatuen menpe, Euskal Herria berreuskalduntzea eta euskararen normalizaziora iristea ez dugu, gaur-gaurkoz, posible ikusten. Bi estatu horien eta haien mende dauden instituzioen bitartez, ez gara egun bizi dugun diglosia egoera honetatik aterako. Epai horiekin, gainera, ezin dugu ahaztu behin eta berriz ari zaizkigula euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen eta hori, ezbairik gabe, giza eskubideen urraketa bat da. Hori dela eta, datorren azaroaren 4an gu ere Bilbon izango gara euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioan eta herritar orori bertaratzeko deia egiten diogu.

Euskara hizkuntza gutxitu bat den heinean, baliabide guztiak beharko ditu biziraun ahal izateko. Euskaraz bizitzeko edota bizitza duinak garatzeko aukerarik ez dugun bitartean, euskarak etorkizun beltza izango du. Horretan, kontzientziaziotik asko lortu dezakegu, baina norbanakoon esku ez dauden eremuetatik ere eragin egin behar da. Arrakalak sortu eta horietatik etorkizun berri bat eraikitzen saiatuko gara, eta hori guztia errazagoa izango da indarrak batuta egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.