Gemma Sangines Saiz.

Euskararen etorkizun hurbila

2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Bazen behin horren txikia ez zen herri txiki bat. Herrira hainbat eta hainbat tokitako pertsonak heldu ziren, bizirik iraun eta euren senideentzat etorkizun hobea amestu nahi izan zutelako. Herri hartan, faxismoak eta inbasioek gaizki trataturiko hizkuntza zuten, bertakoek inguru seguruan, arazorik ez zutela izango eta ulertuko zietela zekitenean bakarrik erabiltzen zutena. Lur hartan, biztanleen %10 bakarrik zen antzinako biztanleen gisara mintzatzeko gai. Hori guztia duela hogeita hamar urte gertatu zen.

Baina pertsona borrokalariak sortu ziren lur hartan, toki guztietan gertatzen den legez bizitza gogorra denean, eta herritar batzuek nahi izan zuten gehiago izan: ez botere gehiago izan, ez aberastasun gehiago izan, ez aitorpen gehiago izan; eurak izan nahi zuten gehiago. Eskuzabalago izan nahi zuten eta euren hizkuntz altxorraren alde borrokatu. Horregatik hasi ziren nola eta noiz pentsatzen, eta erruz ekin zioten lanari. Hogeita hamar urte geroago, lan sistematikoaren ondorioz, horren txikia ez zen herriak, handiagoa orain, bikoiztu egin du hiztun-ehunekoa. Herritarren %20k erabiltzen du herria hobekien azaltzen duen hizkuntza, lurraldeko berezko hizkuntza baita bertako izana eta errealitatea ulertzeko giltzarria.

Joan den astean egin da 9. Euskararen Maratoia Lasarte-Orian. Lehena duela hogeita hamar urte izan zen, orduan hasi zen dena martxan jartzen. Aurten, antolatzaileek eta euskaltzaleek hordago jo dute hizkuntzaren erabilera areagotzeko. Aurreko 8 maratoietako erronka izan da 40 orduz euskaraz etengabe jardutea; oraingoan, berriz, 40 egunetan atxiki nahi diote hizkuntz jokabide asertiboaren garrari.

Horretarako, ia 1.000 herritarrek hartu dute leku guztietan euskaraz hitz egiteko konpromisoa, eta beste 1.900 baino gehiagok hiztun pasiboak izatekoa. Identifikazio txapa bana eramango dute eta horrela erakutsiko dute solaskide euskaldunekin aritzeko prest daudela. Berrogei egunak igarota, inkestak egingo zaizkie parte hartzaileei, eta datu kualitatiboak eta kuantitatiboak hartuko dira hizkuntza-jokabidearen aldaketak eragindakoa zehatz ulertzeko.

Datorren urteko ekainean ezagutuko dira Euskal Herriko Unibertsitateak egingo duen ikerketaren ondorioak, baina ausartzen naiz aurreratzera ikusgarriak izango direla emaitzak, epe laburrean behintzat. Izan ere, jakin badakigu efektu espansiboa garatzen dela hizkuntza komunitatearen barruan, iraultza baten modura, jendea hizkuntzarekin lotutako jarrera positiboz piztuta dagoenean. Eta badakigu ere ohitura eta aurreiritzi mugatzaileei irabazitako saila ez dela inoiz bere kabuz galduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.