Euskararen herria jostera goaz

Nekane Pérez, eta Ikoitz Arrese
2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Haurra zinelarik ziur ikusi duzula zure ama edota zure amatxi josten —aita ikustea zoriontzeko modukoa litzateke, garaian—, artea zen orduan eta artea da orain ere. Urteak pasatu dira eta orain guri dagokigu jostea, denoi. Gure herria, gure hizkuntza; hori da josi beharrekoa. Josteak batzea dakar, elkartzea. Hizkuntzak komunikatzeko tresna dira, jendearen arteko harremanak ahalbidetzeko. Kohesiorako. Integraziorako. Euskal Herrian Euskara dugu horretarako. Gure herriari izena eta izana ematen diona. Donapaleu eta Oion, Ibarrangelu eta Tutera, Zarautz eta Larraine edota Basauri eta Berriozar lotzeko. Euskararen herria josiz, Faltzesen dugu zita igande honetan horretarako.

Ez dugu petatxurik nahi, ez salgai hondarrik; jantzi ederra merezi dugu, eta ez batzuek eman nahi izan digutena, urratua dagoena. Zapaldutako herrian bizi gara, eta zapalkuntza horren ondorio nagusietakoa gure hizkuntzak pairatzen du, Euskarak. Zazpi herrialdeak zatituta dizkiguten hiru administrazioek egoera ezberdinak pairatzen badituzte ere, Euskara ez dago erabat normalizatua. Belaunaldi berrien euskalduntze osoa bermatuko duen hezkuntza sistema propiorik ez izateak ardura berezia du honetan guztian.

Nafarroaren kasuari erreparatuz, Iribas Kontseilariak anitzetan leporatu digu biktimismoz jokatzea, kexaka aritzen garela. Ez gaitu ezagutzen, guk ez ditugu tristuraz aldarrikatzen gure eskubideak, begiak ongi irekiak mantenduko ditugu mila modutan ezabatu nahi digutena zaintzeko, tinko segituko dugu gure hizkuntzaren defentsan, amore eman gabe. Askatasun faltsu baten izenean gure hizkuntza elkarrekin disfrutatzeko aukera eskaintzen dute eta horrekin mugatzea besterik ez dute bilatzen. Hizkuntzak libreak behar dira izan, hizkuntzak ez dira kutxa batean gordetzeko, hau urrezkoa dela sinistarazi nahi badigute ere, ez dugu bitrinan ikusi nahi, kalean sentitu baizik, bizirik.

Beste batzuek hauteskunde urte honetan kea saldu nahi izan digute, beraien miseria estaltzeko kea, urteetan izandako jarrera konplizea ahantzarazteko, argi utz dezagun ez dugula erosiko kea, ez lehenagokoa, ezta oraingoa ere. Hagitz ongi ezagutzen dugu PSNren anbiguotasuna. Euskarak baietza behar du, ez akaso, ez igual, ezta gero ere. Orain da unea Euskaraz ikasi eta bizitzeko aukera izateko, euskaldunok urratuak izan ditugun hizkuntza eskubideak azaleratzeko, hizkuntza politika berria eta duina aldarrikatzeko.

Maiz salatu dugu, Nafarroan, Erregimenak oso argi duela hezkuntza bera menderakuntza tresna gisa erabiltzen duela. Ikusi besterik ez dago urte luzez garatu dituzten politika doktrinatzaile eta ultraespainolak.D ereduan hezitzaile diren profesionalen kontrako sorgin ehiza ere abiarazi zuen. Baina guk, hezkuntza komunitatearekin batera, euskal hezkuntzaren alde tinko agertu ginen. Eta hala egiten jarraituko dugu.

Erregimen ustelari egunak bukatzen ari zaizkio. Atzerako kontua hasi da eta dagoeneko hilabete eskas falta zaio. Herritarrok garaile izango garen garai berria dator Nafarroara, eta hori gure hezkuntza eta hizkuntzaren alde izango da ere. Aldaketa hezkuntzatik gauzatuko dugu EH Bildun. Nafarroak bestelako hezkuntza sistema behar du, hezkidetzailea, inklusiboa, laikoa, kalitatezkoa, partaidetza demokratikoan oinarritutakoa, herritarra eta, noski, euskalduna.

Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko bidean urratsak egingo ditugu, eta horretarako urteetan pairatu dugun zonifikazioarekin bukatu behar dugu. Nafarroak hizkuntza politika berria behar du, benetan Euskara babestu, sustatu eta bultzatuko duena; indar politikoek, euskalgintzak eta herritarrekin batera landutako lege hori izanen da nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna.

Faltzes eremu bereziki diskriminatuan dago, Nafarroa osoa izanik ere diskriminatua. Batzuek galtzen dutenean denok galtzaileak gara, ez soilik abertzaleak garenok, denok, Euskara denona baita, nafar guztiona, euskal herritar guztiona. Mugak bereizteko dira, anitzetan erabiliak gustuko ez dena sartzen ez uzteko, ez ezagunarekiko beldurra astintzeko; eta hemen argi da nor aritu den Euskarari oztopoak jartzen, nork asmatu dituen itzelak diren harresiak, nork erabili duen hizkuntza mesfidantza bilatu nahian. Hizkuntzak bizikidetzarako gakoa dira, elkarrekin aberasteko funtsezkoak, horregatik denok bete behar ditugu Faltzesko kaleak, koloreak eta irriak izanen ditugu hor gure zain igandean. Artaxoan, Larragan, Mendigorrian, Villatuertan eta Oibarren egon ginen; Faltzesen ere izango gara. Hezkuntza Sistema Propioaren alde, ez galdu aukera, Euskara Herria josten arituko gara eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.