Iñaki Martinez de Luna.

Euskararen hiru errege magoak

2014ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Errege magoek ilusioa ekartzen zuten/dute, amestutako opariekin batera paketatua. Zein dira euskaldunen ilusioa pizten duten erregeak? Euskarak ez du erregerik, hiru erregina baizik. Familia, eskola eta kalea dira, hain zuzen ere, euskararen gaineko oparia eta ilusioa ekartzen dizkigutenak; alegia, hizkuntza-sozializaziorako hiru eragile nagusiak. Hori erakusten du Arrue ikerketak (http://www.soziolinguistika.org/arrue).

Zergatik esan hizkuntza-sozializazioa eta ez, ordea, hizkuntza-transmisioa? Sozializazioa eta transmisioa ezberdinak direlako, Paula Casaresek hain ongi bereizi dituen bezala. Transmisioa batez ere eduki kognitiboetara muga liteke, eta sozializazioak, ezagutza ez ezik, askoz gehiago ere eskaintzen du. Euskaraz sozializatzea hizkuntza horretan gaitua izatetik harago doa. Sozializazioak, dimentsio afektiboa zein identitarioa, balioak eta arauak ere atxikitzen dizkio hizkuntzari. Horrela gertatzen da euskara familia bidez jasotzen denean.

Familiarena ez da hizkuntzaren irakaste hutsa, ez. Horregatik, guraso erdaldunek ere errege-erregina lana egin dezakete seme-alabengan euskararen inguruko ilusioa piztuz eta euskararekiko maitasuna helaraziz. Bestalde, euskaldunak diren familien bidezko sozializazioak euskarazko harreman-sareak zabaltzen dizkio umeari; familiarena ez ezik, familia bitartez eskuratzen diren lagun eta ezagun euskaldunen harremanenak ere bai. Euskararentzat, eskuzabal jokatzen du familia erreginak, hiztun-komunitatea oparitzen baitio umeari.

Eskolak berariazko ekarpena egiten dio euskararen sozializazioari. Trebezia gramatikalak, lexikalak, kontzeptualak eta bestelakoak gehitzen dizkio familia bidezko sozializazioari. Gainera, familiaren eta gizarte zabalaren arteko zubi-lana egiten du euskararentzat. Era berean, irakasle, ikaskide eta lagun berriez osatutako euskarazko mundu berri bat eskaintzen dio umeari.

Hala ere, badaude eskolak eta eskolak. Hau da, hizkuntza-ereduaz gain, irakasleen eta, oro har, ikastetxean dagoen euskararekiko ardura ere oso garrantzitsua da. Ez da, hortaz, eskola-orduen kontu hutsa, eta beste zerbait erantsi ahal zaio euskarazko sozializazioari hezkuntza-komunitate osoaren laguntzaz.

Hartara, familia eta eskola norabide berean abiatuz gero, umearen hizkuntza-sozializazioa sendoagoa eta sustraituagoa izango da. Aldiz, horietako bat baino ez bada euskaraz, hizkuntza horretan lortutako trebezia, atxikimendua eta erreferentzia sinbolikoak ahulagoak izaten dira.

Hirugarren erregina kalea da, eremu publiko hori zentzu zabalean ulertuta. Bestela esanda, erregina hori gizarte giroa da; ingurune hurbilean, oro har, hautematen eta bizitzen den hizkuntza-giroa. Neska-mutilen ikastetxe barruko hizkuntzaren erabileran eragiteraino iristen da bere indarra, pisu handia du-eta eskolaz kanpoko ekintzetan erabiltzen den hizkuntzak. Hots, jardun hori euskaraz egiten bada, eskolaren baitako hizkuntza horren erabilera ere altuagoa da. Kalearen garrantzi hori ulertezin gerta dakioke baten bati, baina ulergarria da guztiz. Kaleak agerpen edo ikuspena ematen dio hizkuntzari; gizartean badagoela eta badela erakusten du. Alegia, aitortza publikoa egiten dio euskarari; familia euskaldunetako eta eskoletako hizkuntza ez ezik, gizartean ere onartua izatearen marka ematen dio. Ezaugarri hori ezinbesteko zaio normaltzearekin amets egiten duen hizkuntzari, euskarari. Bereziki umeen kasuan, haien adinean barneratzen den guztiak luze eta sendo irauten baitu. Euskara ohikotzat eta ezinbestekotzat —ez bazterrekotzat— joko dute umeek, giro euskalduneko kalean sozializatuak badira.

Esandako hiru erreginaren premia dago hizkuntza orojaleen artean euskara eroso bizi dadin. Hala ere, horietako batek huts egiten digunean —familia erdalduna denean, adibidez—, beste bien baldintza sendoek haren hutsunea bete dezakete, neurri handian.

Eta Olentzero, zer? Fikzio honetan, non gelditu zaigu gure ikazkina? Ez al digu ilusiorik ekartzen berak ere? Bai, gure ikazkina azkena izan da gurean, hizkuntzen inguruko ilusioa pizteko dagoen lehia estuan: erregeak, papa-noël, santa claus… Horietako bakoitzak bere paketea —hizkuntza— helarazten digu, Olentzerok dakarkigun euskararen opariari leku txikiagoa utzirik.

Azkena izan da Olentzero horretan. Hala ere, berak euskarari egiten dion ekarpena ez da huskeria: informazio eta komunikazio teknologia berriak (IKTak) euskarazko bertsioan dakarzkigu zakuan. Nolakoa litzateke hizkuntza baten etorkizuna, ez balu eremu horretan ere leku nahikorik eskuratuko? Aurreikuspen ilunak egin litezke. Are beltzagoak, sozializatzeko bidean dabiltzan neska-mutilen kasuan.

Hortaz, euskarak ez du hiru erregerik, baizik eta lau pertsonaia magiko: hiru erreginak eta beste bidelagun maitagarri hori. Elkarrekin eser daiteke laukote hori euskararen karrozaren erpinean, eta hortik oparia eta ilusioa neska-mutikoei eskukadaka banatzen jarraitu. Hori diosku Arrue ikerketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.