TMeLab, Telesforo Monzon euskal herrigintza laborategiko kidea

Euskararen jauziaren premia: uda eskolatik etorkizunerako gogoeta

Malen Dominguez
2025eko urriaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telesforo Monzon laborategiak antolatutako uda eskolak euskararen etorkizunaz gogoeta egiteko plaza beroa ekarri zuen Bergarara. Hasieran, Garikoitz Goikoetxeak eta Olatz Altunak euskararen egungo egoera eta etorkizuneko joerak marraztu zituzten, eta horren gainean aritu ziren gero hiru solaskide nagusi: Jon Sarasua, Euskararen Gogoetaguneko koordinatzailea, Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, eta Josu Aztiria, EH Bilduko legebiltzarkidea. Saioan parte hartu zuten Iñigo Urrutia eta Miren Zabaleta legelariek ere. Saioa arrakastatsua izan zen, jendetza agertu baitzen, eta eztabaidak argi utzi zuen kontsentsua dagoela: euskarak jauzi bat behar du, gaur egun egiten ari dena ez delako nahikoa.

Ondorio nagusietan azpimarratu zen hizkuntza politika berri baten beharra dagoela; izan ere, gaur egungo politikekin ez da lortuko euskararen atzeraldiari buelta ematea. Politika berriak ausardia behar du, eta errealitate soziolinguistikoari eta joerei zuzenean heltzea. Hizkuntza politika berri baten premia azpimarratu zen. Politika berri horrek behar ditu, besteak beste: euskararen ezagutza unibertsalizatzea; arnasguneei begirako politika integral eta berezitu bat diseinatzea etorkizunean biziraun dezaten eta euskararen erabilera bizi eta eraginkorra bermatzeko; euskal administrazioen lan hizkuntza euskara izatea eta, horrela, euskal administrazioak arnasgune funtzional bihurtzea; lan munduaren euskalduntzea sistematikoki bultzatzea; hezkuntzak euskaldun osoak sortzea ziurtatzea; eta aisialdi arloan jauzi kualitatibo bat ematea. Batez ere, euskara eta boterearen arteko harremana irauli, eta irudi sendotzaile bat eskaintzea. Euskara ez da periferikoa, gure nazioaren zedarria baizik, gure komunitatea eusten duen bizkarrezurra. Era berean, oldarraldiari aurre egin eta hizkuntza politika berria garatzeko euskarak lege oinarri berria behar duela azpimarratu zen, gaur egungo marko juridikoa gainditu eta hizkuntzaren normalizazioa bermatuko duen babes sendoa lortzeko.

Bildutakoen iritziz, egiturazko neurriak ere beharrezkoak dira: hizkuntza politika sail propio bat sortzea, Generalitatean dagoen moduan; lan mundua euskalduntzeko egitura sendo berriak martxan jartzea; adimen artifizialaren eta hedabideen esparruan euskararen normalizazioa bermatzeko tresna berriak sortzea; eta hezkuntza, aisialdia, migrazioa, administrazioa eta teknologia bezalako eremu guztietan euskararen presentzia sendotzeko egitura egokiak garatzea.

UEMAren enkarguz Siadecok egindako 2036ko proiekzioak argi dio: ezer aldatu ezean, euskararen biziberritzea beheranzko bidean doa. Proiekzio horrek ez du etorkizuna zehazten, baina gaur egungo joeren inertziaz abisua ematen digu. Guztiok aitortu dugu jauzi baten premia, baina askotan ez gara ohartzen beharrezkoa den jauziaren tamainaz. Euskararen biziberritzea ez da soilik hizkuntza politikaren kontua izango. Politika ekonomikoak, gizarte politikak —hala nola harrera edo natalitateari zuzenduak—, lurralde antolaketa eta trantsizio ekosozialari begirako politikak ere erabakigarriak izango dira euskararen bilakaeran; horiek nolakoak, halakoa eragina euskararen biziberritzean. Horregatik, hizkuntza politika berria baino gehiago, nazio politika osoa beharko da.

Beharrezkoa dugu ariketa prospektibo bat egitea: norabide hori aldatzeko zer neurri zehatz eta egiturazko behar ditugun definitzea arlo guztietan. Nazio politika koherente bat garatzea. Eta hori euskararen biziberritzea erdigunean jarrita egin behar da. Metafora argi batek laguntzen du hori ulertzen: euskarak minbizia badu, zaintza paliatiboa ez da nahikoa izango. Eraldaketa sakona behar da, eta horrek lehenik alderdi abertzaleak interpelatzen ditu, euskal nazioan sinesten dutenak, ondoren besteetara zabalduz kontsentsu aukera. Azken batean, jauziaren tamainak erabakiko du 2036an zein herri izango dugun: euskara bazterrean uzten doan herri bat ala hizkuntza biziberritua ardatz duen nazio bizi bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.