Hamar urte bete dira Euskaldunon Egunkaria armen indarrez itxi zigutela. Euskaldunon Egunkaria 1990. urtean sortu zen eta, bide batez, Euskal Prentsari buruzko eztabaida luze eta aspergarriari amaiera eman zitzaion. Egunkaria sortzea pertsona gutxiren lana, baina herriarentzako izugarrizko ekarpena zen. Euskaldunok egunkari normalizatua eta homologatua lortu ondoren, Euskal Prentsaren gaineko erretolikak indarra galdu zuen. Lana, ahalegin handiak eta irakurleria fidelaren babesarekin hamahiru urtez ia ohitu ginen euskarazko periodikoarekin. Erakunde eta eragile guztiak onartu zuten Euskaldunon Egunkaria hedabide homologatua zela, kasik normalak izatera iritsi ginen. Baina ez. Ez, baina bai. 2003. urtean itxi eta urte berean, ia egun berean, BERRIA sortu zen. Euskaldunen eguneroko prentsak ez zuen etenik izan.
Euskaldunon Egunkaria-ren eta BERRIAren bitartez euskaldunok aukera izaten dugu eguneroko informazioa euskaraz jasotzeko, Euskal Herrikoa, Espainiakoa, Frantziakoa eta, oro har, mundu osokoa. Informazioa euskaraz izatea lorpen izugarria da, bai, baina hiztunaren bizimoduan gertaera arrunta besterik ez da. Zer arruntagorik goizero-goizero berriak eskuratzea norbere hizkuntzan baino? Gertaera arrunta hori jazo dadin, jende askok sekulako lana egin behar du. Euskal prentsak bestelako hizkuntzetatik jaso ohi ditu berriak, euskaratu eta argitara eman; ez du bereizten zein hizkuntzatan sortua den berria. Izugarrizko ahalegina egiten da informazio oro itzultzeko, irakurleei, entzuleei edo ikus-entzuleei euskaraz hel dakien. Kazetari euskaldunek lan eskerga egiten dute informazioa euskaraz bilatzeko, ahal denean, eta, euskaraz ezin daitekeenean, erdaraz jasotakoa euskaratzeko. Euskal hedabideak, oro har, euskararen hiztun elkartea biziberritzeko lanabes garrantzitsuak dira. Erdal prentsarekin, ostera, ez da berdin gertatzen.
Erdal prentsak, salbuespenak salbuespen, ez du euskararen hiztun elkarteari buruzko informaziorik zabaltzen, are gutxiago informazio hori euskaraz sortzen denean. Erdal hedabideentzat euskararen hiztun elkartea ikusezina eta entzunezina da. Adibide asko jar daiteke, azkena, esaterako, erdal hedabideek Joxe Agirreri buruz esan zutena, eta batez ere esan ez zutena bera hil ondoren. Eskandalagarria izan zen, adibidez, erdal medioen axolagabekeria euskal kulturaren eragile ezagunen kasuan: Joxemi Zumalabe (1950-1993) edo Joseba Jaka (1948-1996). Erdal prentsak ez du interesik euskal kulturako eragileak ezagutzeko. Batzuetan, askotan esan genezake, gertatzen da euskaren hiztun elkarteko eragile batek edo bestek interesa duela erdal hedabideetan agertzeko. Erdal hedabideetan agertzeak itzala eta ikusgarritasuna baitakar. Egia da euskararen hiztun elkartean erdal hedabideetan agertzen diren euskaldun horiek aitorpen maila handiagoa daukatela.
Kontua da, euskaraz ari garenok nahi badugu erdal hedabideetan berriren bat ager dadila, erdarara itzuli behar dugula. Hau da, euskararen hiztun elkartetik atera eta erdararen hiztun elkartera itzuli. Berdin dio prentsaurreko izan, legebiltzarra izan edo dena delako izan, berdin dio itzulpen eta interpretazio zerbitzuak dauden: erdal hedabideek ez dute ezer argitaratzen euskaraz sortua bada. Euskaraz sortutako informazioa isilaraztea ohiko portaera da erdal hedabideetan. Ohiko portaera eta nahita egindakoa. Erdal hedabideen portaera hori, harrokeria, handikeria eta zentsura gisa defini daiteke. Zentsura dagoena baino nahi dutena argitaratzen dutelako. Erdal prentsaren zentsurak bilatzen du euskaldunen hizkuntza portaera behartzea: «gure hedabideetan agertu nahi baduzu, erdaraz hitz egin behar diguzu».
Horregatik, akaso, erdaldunei informazioren bat helarazi nahi diegunean, euskaldun gehienek barneratuta daukate (daukagu) erdaraz egitea komeni dela. Erdaldunen aurrean gaudenean, euskaldun askorentzat euskaraz esandakoa itzultzea edo erdaraz laburtzea abegikortasuna da, erdaldunenganako kortesia. Baina ez gaitezen engaina, ez da abegikortasuna, otzantasuna edo beldurra izan daiteke, baina ez abegikortasuna. Kazetarien lana informazio bilatzea eta zabaltzea bada, kazetariek ahalegindu behar dute informazioa bilatzen. Hau da, zerbait egin behar dute informazioa lortzeko, informazio bila joan behar dute. Horregatik, informazio emaileari «erdaraz mesedez» eskatzea ohitura lotsagarria da. Alde batetik, euskara alferrikako hizkuntza dela adierazten dutelako eta, beste aldetik, informazio emailearen portaera zalantzan jartzen dutelako, hizkuntza eta pertsona gutxietsi egiten dutelako.
Ironia da. Kazetari erdaldunak haserretzen omen dira prentsaurreko agerraldiak euskaraz direnean, errespetu falta iruditzen zaie erdaraz ez egitea. Izugarrizko esfortzuak eta gastuak egiten ditugu erdaldunak euskarara hurbiltzeko, itzulpen eta interprete zerbitzuak beraientzako jarri ditugu espresuki. Halere, oso gutxi erabiltzen dituzte. Gehiago erabili beharko lituzkete, itzultzaile eta interprete bikainak dauzkagu eta.
Lan handia egin behar dugu erdal hedabideen zentsura gainditzeko: lehena salatzea, hurrena euskararen hiztun elkartea existitzen dela erakustea eta, azkena, informazio interesagarriaren sorburua izan daitekeela adieraztea. Maialen Lujanbiok esan zuen eran: euskaratik eta euskaraz.

Euskaratik eta euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu