Apirilaren 13an, Oibarren, zonifizioaren aurka eta euskaraz ikasteko eskubidearen alde ospatuko den jaialdia dela eta, Zangozako Merindadeko alkateek eta zinegotziek gure merindadearekin eta Nafarroa osoarekin konpartitu nahi dugu Euskararen zonifikazioari buruz dugun iritzia eta hausnarketa.
Gure herriak Zangozako Merindadekoak izan dira historikoki. Gainerako merindadeak bezala, gure merindadea galtzen joan da bere izana, funtzioak eta eskuduntzak; izan ere, hutsean gelditu ziren 1982. urtean,LORAFNA - Foru Hobekuntza onetsi eta gero. Ahalmen bakarrak dirau oraindik, udalek lege ekimenak bultzatzeko gaitasuna hain zuzen ere, duela gutxi lozorrotik atera genuena.
Gure herrietan oraindik mantentzen da jendearen arteko harremana, anaitasuna eta Merindade berekoak izatearen sentimendua, horien artean desberdintasunak, ñabardurak eta berezitasunak badaude ere.
1986. urtean, Vascuenceren Legea onestearekin, Zangozako Merindadeko herriak hiru eremu hauetan banatuta gelditu ziren: eremu vascofonoan, mistoan eta ez-vascofonoan. Gure merindadeko herriak Euskararen Herriaren parte dira; euskara gure merindadeko iraganaren parte izan da, eta gure oraingo errealitatearena ere bada. Gure herrietan euskarak eta euskaraz bizitzeko gogoak diraute, eta gero eta gehiago dira zailtasunak gainditu eta euskararen alde egiten dutenak.
Vascuenceren Legeak euskara zatitu zuen, gure herritarrak banandu zituen, desberdinak egin gintuen eta eskubideak eman edo kendu zizkigun inolako zentzurik gabe.
Zergatik egon behar du gure merindadeak hiru eskualdetan banatuta, hizkuntza-eskubide desberdinekin edo, eremu ez vascofonoaren kasuan, inolako eskubiderik gabe?
Zergatik egon behar dute Aezkoak eta Zaraitzuk eremu linguistiko desberdinetan? Zergatik dituzte bertako biztanleek eskubide desberdinak? Zergatik egon desberdintasunak Nabaskoze eta Erronkariren artean? Zergatik Agoitz eta Irunberriren artean? Noiz arte jarraituko dugu euskararen zentzugabeko zonifikazioarekin?
Nafarroan, «eremu ez-vascofonoa» deitutakoan, munduan beste inon ikusi ez diren egoerak bizi ditugu / dituzte.
Vascuenceren Legearen ondorioz, lerro batek erabakitzen du euskaraz ikasteko eskubidea, Euskararen Herritik kanpo uzten gaitu eta zentzurik ez duen egoeran uzten gaitu, gurea den hizkuntzan bizi nahi izateagatik. Lerro horrek behartzen die ehunka haurrei bere herrian ikastearen edo euskaraz ikasteko hamarnaka kilometro egitearen artean erabakitzera.
Gure herriak Euskararen Herriaren parte dira, eta herri guztiek behar dute, bizirik irauteko, babestuko eta garatuko duen lege bat. Euskararen herriak ofizialtasuna behar du, hizkuntza-eskubideetan oinarritutakoa, euskaraz bizitzea helburu eduki behar duena.
Gure herrien artean egindako banaketa zentzugabe horren aurrean, ofizialtasun horren bidean urratsak egiteko, zonifikazioa bukatzeko eta Nafarroa osoan euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko, Euskararen herria josi nahi dugu!
Horregatik, gure atxikimendua adierazi nahi diogu Euskara josten hari gara! Coser el pueblo del euskara! lelopean Oibarren, igandean, Euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidearen alde ospatuko den jardunaldiari. Eta Merindadeko eta Nafarroako guztiei bertaratzeko gonbita egiten dizuegu.
Artikulu hau ondorengo alkate eta zinegotziek sinatu dute: Pedro Lanas, (Oibar), Ángel Navallas (Zangoza), Iñaki Iriarte (Lerga), Karmele Irigibel (Galipentzu), Elsa Plano (Itzagaondoa), Jesus Ruiz de Gauna (Ledea), Mikel Aiape (Kasedako zinegotzia), Iraide Ongai (Irunberriko zinegotzia), Aureo Braco (Nabaskozeko zinegotzia), Unai Lako (Agoitz), Carlos Oroz (Artzibar), Marisa Sáez (Otsagabia), Juanjo Layana (Ezkaroze), Alfredo Cabodevilla (Erronkari), Elena Calvo (Burgi), Patxi Enkaje (Abaurregaina), Joxepe Irigarai (Auritz) eta Concepción Leoz (Gabarderal).
Euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidearen alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu