Ez adiorik egiari

2011ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Postmodernoen artean pentsalari berezia da Gianni Vattimo italiarra. Bera dugu pensiero debole edo pentsamendu ahularen aita. Vattimok, 1936an Torinon jaioak, bere egin ditu Nietzsche eta Heideggerrenesanak, eta anarko-komunistatzatdauka bere burua. Berarentzat, absolutismoak arriskutsuak dira, autoritarismo eta dominaziorako bidea baitira. Pentsamendu ahulak, aldiz, tolerantzia eta erlatibismoa omen dakartza.

Egia bilatzea izan da betidanik filosofiaren egitekoa. Egia hitz lausoa da eta hari buruzko teoria asko dago. Baina guztiok bat gatoz honetan: zientzia da egiaren paradigma. Kantek zioen zientzia arloan ez dagoela jakintza absoluturik, baina egiara hurbildu egin gaitezkeela (hurbilpen «asintotikoaz» mintzatu zen bera). Iritzi berekoa zen Karl Popper ere: gure ezagupenak ez dira ez absolutuak ez behin betikoak, konjeturalak eta berraztergarriak baizik. Egia «ideia erregulatzailea» da (Kant berriro).

Zientziak hornitzen digu munduari buruzko informaziorik fidagarriena. Izan bada aurrerapen zientifikorik: saio askoren buruan, faltsapen froga eta azterketa zorrotzenak gainditzen dituzten teoriak dira egiazkoenak. Gure hipotesiak edo behin-behineko «konjeturak» eztabaida kritikoaren galbahetik iragazi ondoren, teoria faltsuak baztertu eta egiantzekoenak hobesten ditugu. Vattimori, halere, Popper bera ere arriskutsua iruditzen zaio!

«Norbaitek esaten badu Egia absoluturik ez dagoela, jendea haserretu egiten da», adierazten du Gianni Vattimok bere Adio egiari (Gedisa, Bartzelona, 2010) liburu argitaratu berrian. Bera ez dator bat mendeetako egiaren kontzeptuarekin. Gizarte eta politika arloan ez ezik, zientziaren eremuan ere uko egin behar omen diogu egiaren pretentsio orori. Horixe omen da demokraziaren hasiera eta oinarria. Gaurko kultura gero eta pluralistagoa denez, irtenbidea elkarrizketarako baldintzak eraikitzea dela dio Vattimok. Guztien parte-hartzearen bidez, gizarte kontsentsua lortzea da kontua.

Charles S. Peirceren «egiaren kontsentsuzko teoria» gogoratzen digu honek: solaskide guztien adostasun ahalezkoan datza enuntziatu baten egiazkotasun irizpidea. Guztiok arrazionalki argudiatuko bagenu, ados jarriko ginateke guztiok; anomalia izango litzateke desakordioa. «Ikertzaileen komunitate mugagabea» ados jartzen denean, egia aurkitu duen seinale da.

Antzeko zerbait defenditu izan du Jürgen Habermasek ere. Arazo politiko eta etikoen gainean eztabaidatu eta erabaki egin daiteke simetriazko baldintzetan burututako elkarrizketan. Argudiatzea arrazoiaren sintoma bihurtu da. Eguneroko bizitzan, arauren bat ezarri nahi dugunean, beraren aldeko arrazoirik badela uste dugulako da. Argudioen bidez defenditzeko gai garelako. Arau moralak eztabaida edo elkarrizketa komunikakorretik sortzendira, «eztabaida printzipioan» oinarrituta. Eztabaida arrazionala baita demokraziaren oinarri normatiboa. Erlatibismo moralari ihes egiten zaio horrela.

Vattimok dioenaren kontra, errealitatea ez da kreazio subjektiboa. Mundua bat eta bakarra da guztiontzat. Objektuen osotasuna da, ez dago hizkuntzaren mende. Mundu objektibo hori ez da guk sortua, hor kanpoan dago. Ez guk, ez nire hizkuntzak, ez kulturak egiten dute mundua. Badago erreferentzia pila bat, «sen oneko» froga sail bat, guztiok ziurtzat jotzen ditugunak. Dena ez da, beraz, interpretazio kontua. Vattimok, halere, ez du errealitatearen objektibotasunean sinesten.

Komunikazio komunitateko partaide guztiok mundu bera konpartitzen dugu. Eztabaidatu ahal izateko edo, besterik gabe, zerbaitez hitz egiteko, zenbait «datu» nabaritzat edo frogatutzat ematen dugu. Oinarrizko «ziurtasun» batzuk gabe ez dagoela hizkuntza posiblerik adierazi zuen Wittgensteinek. Hipotesi batzuk faltsuak dira, teoria batzuk absurdoak, eta programa politiko batzuk gaitzesgarriak. Izan, dena ez da berdin: teoria eta balore batzuk hobeak dira, bai zentzu epistemologikoan bai etikoan. Mundu ikuskera bat baino gehiago dagoela onartzeak ez du ukatzen deskripzio batzuk besteak baino egiazkoagoak direnik.

Liburuaren bigarren atalean, erlijioaren geroaz mintzo da Gianni Vattimo. Mende berriaren hasiera honetan ahiturik bide dago bizitzaren ideia ilustratu eta positibista. Modernitatearen krisiak berekin ekarri du baita ere erlijioa suntsitu uste zuten teoria filosofiko nagusien desegitea. Ez du kristau ez izateko «arrazoirik» ikusten («gaur egun ez dago arrazoi filosofiko indartsu eta onargarririk ateo izateko edo, oro har, erlijioa arbuiatzeko»).

Arrazoiaren «porrotak» azalduko luke, hortaz, espiritualtasunaren bihurrera. Jainkoaren heriotzak eta metafisikaren amaierak ateak zabaldu dizkiote esperientzia erlijiosoari. Vattimo bere gaztaroko sinesmenera itzuli da. Nietzscheren eta Heideggerren eskutik kristautasuna berraurkitu du. Nihilismo modernoa omen da kristautasunaren era gaurkotua. Baina honetan erefundamentalismoaren aurka dago filosofo italiarra. Vattimok «erlijio ahul» bat proposatzen digu garai postmetafisiko hauetarako. Araurik, egiarik eta dogmarik gabea.

Ez daki Jainkoa baden ere, baina «Jesusi esker naiz ateo», esan izan du. Kristautasun ez-erlijiosoaren alde ageri da, egiaren ordez karitatea aldarrikatzen duelako. Kristautasunetik ez da dagoeneko ez haren egia ez haren faltsutasuna gelditzen, mezu bat baizik: karitatearen mezua. Vattimorentzat, maitasuna da kristautasunaren muina (dena da erlatiboa, bestearekiko errespetua izan ezik).

Bertrand Russellekin batera ohartaraziko genioke Vattimori Bibliako Jainkoa ez dela batere errukibera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.