Irakaslea

Ez da inposatzea, oparitzea da

Eñaut Intxaurraga Uriarte
2025eko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aspaldi samarretik, gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da ikasleak irakasleengana erdaraz zuzentzea. Baina kezkagarriena ez da hori, ezpada irakasle askok hori normal hartzea. Utzidazue azaltzen, mesedez, zergatik den hori ikasleek gainditu ezin dituzten marra gorrietako bat.

Gizakiok, funtsean, hitza gara. Hitzaren bidez adierazten dugu pentsatzen duguna, dakiguna, sentitzen duguna, garena alegia. Hitza zenbat eta finago gobernatu, orduan eta askeagoak izango gara, erakargarriagoak, eraginkorragoak. Honaino ados bagaude, ikasleei ezin diegu inola ere gurekin erdaraz hitz egitea onartu. Hori egiten dugunero, kalte besterik ez diegu egiten. 

Zenbat aldiz entzun diegu ikasleei: «Badakit zer esan nahi dudan, baina ez dakit nola». Bada, horregatik hain zuzen ere hitz eginarazi behar diegu euskaraz, hori gerta ez dakien. D ereduan ari dira ikasten gure ikasle gehienak eta euskara da ikasgai gehienetan erabili behar duten hizkuntza. Zenbat ikasleri gertatzen zaie Historia ikasgaian, adibidez, ikasi beharrekoa jakin bai baina adierazten ez jakitearren euren emaitzek behera egitea?

Gogora dezagun edozein hizkuntza ikasteko lau direla landu beharreko trebetasunak: entzumena, idazmena, irakurmena eta mintzamena. Azkenari dagokionez, ikasle asko eta askorentzat, tamalez, irakasleok gara euren euskara bidezko interlokutore bakarrak. Guk ere euskaraz hitz egiteko aukera ukatzen badiegu, ez diegu mesederik txikiena ere egingo. Horregatik diot lerroburuan gure egitekoa ez dela ikasleei euskara inposatzea, euskara oparitzea baizik. Gaitu egin behar ditugu. Eta horretarako egin egin behar dute euskaraz. 

Askok esango didazue ikasleak adierazkorragoak direla erdaraz ari direnean eta euskaraz eginarazten badiegu urrundu egingo zaizkigula. Barkaidazue, baina hogeitaka urte daramatzat irakaskuntzan eta ausartuko nintzateke esatera arrazoi horregatik behintzat ez zaidala ikasle bat bera ere urrundu. Maitasuna, gertutasuna erakusteko modu asko daude. Beraz, abilidadea libre.

Hori bai, kontuz nola eginarazten diegun euskaraz. Bai, gakoa eginarazteko moduan dago. Ez da berdina«Hitz egidazu euskaraz»modu bertikal-serioan esatea edo beste formula batzuk erabiltzea, esaterako: «Mesedez, hitz egingo didazu euskaraz?»edo«Badakit kostatzen zaizula, baina saiatu zaitez euskaraz esaten, mesedez. Hitzen bat ez badakizu, nik lagunduko dizut» edo «Ez dakizu ze polita den zuri euskaraz entzutea». Nire aholkua honako hau da:maitasunez, baina irmotasunez eskatzea. Bateragarriak dira, ala? Badakit pazientzia handia behar dugula, baina zor diegu, punto.

Eta, bide batez, beste kontutxo bat. Ez dezagun ahaztu guztiok garela euskara irakasle. Hau ez da euskara irakasleon betebeharra, maisu-maistra guztiena baino. Badakit irakasle asko adierazkorragoak izango zaretela erdaraz, ulertzen dut, nola ez. Baina denok lortu behar dugu gure ikasleekin beti euskaraz hitz egitea. Bai, beti. Be-ti.

Gerta daiteke irakasle guztiek bat ez egitea esandakoarekin. Jo dezagun ez dutela ikuspuntu hau ulertzen edo ez dutela ulertu nahi. Bada, nik uste dut zuzendaritzaren betebeharra dela haiekin hitz egitea. Onena irakasle profil hori dutenekin, egon badaude eta, hitz egitea eta konbentzitzen saiatzea litzateke, baina modurik ez balego, legea erakutsi beharko litzaieke. Legeak zera dio: «Ikastetxeak ekosistema lagungarria eskaini behar du ikasleek euskaraz egin dezaten, ikasleek gaitasuna lor dezaten, bestela ez dute egingo». Eta beste hau ere badio legeak: «Hezkuntza legea eta hizkuntza proiektua loteslea da» (baldin eta proiektuak jasotzen badu «irakasleek euskara izango dute lan hizkuntza eta ikasleekin beti euskaraz arituko dira» bezalako adierazpen bat). 

Bukatzeko, anekdota bat. Nire emazteari gertatu zitzaion. Klase ematen zegoen baten, ikasle bat hurbildu zitzaion esanez «Profe, puedo ir al baño» eta nire emazteak «Zer?»; ikasleak berriro «Puedo ir al baño?» eta nire emazteak berriro «Zer?», eta ikasleak «Que si puedo ir al baño», eta nire emazteak «Eskatuko didazu euskaraz, mesedez?»,eta orduan ikasleak «A, eeeee… komunera joan… mmn… naaai-teke?»; eta nire emazteak«Bai noski, zoaz», eta ikasleak marmarka «Joder, lo que cuesta mear con esta profesora».

Hor dago gakoa, txiza egiten ere euskaraz irakatsi behar diegu. Zor diegu. Eskertuko digute etorkizunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.