Ez dago elkarrizketa antzuetarako denborarik

2015eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Espainiako Patronala eta CCOO eta UGT sindikatuak 2015-2016 urteetarako Enplegu eta Negoziazio Kolektiboaren inguruko III. Akordioa negoziatzen ari dira Madrilen. Aurreko akordioak, patronalak hala nahi bezala, lan erreforma eta soldaten murrizketan sakontzeko besterik ez du balio izan, eta datorrenak bide bera hartuko duen kezka dugu.

Madrilen izan bezala, laster, Gasteizen Elkarrizketa Sozialeko Mahaia elkartuko da. Jendea engainatu nahian, txikikeriaren bat akordio garrantzitsu bezala salduko digute, baina funtsean ez dute hobekuntza nabarmenik hitzartuko. Gaur egungo lan harremanetarako ereduaren joko arauekin, adabakietarako tartea baino ez da geratzen. Mahai honetako parte hartzaileen artean, ez dago aldaketa bultzatzeko borondaterik, eta, zer esanik ez, sindikatu partaideek ez dute aldaketa eragiteko nahikoa indarrik.

Propaganda eta autolegitimazio egintza soil bat izango da, mahaia osatzen duten hiru hankek —Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOO-UGTk— hala behar baitute. Gasteizen, langileen %30 ordezkatzen duten CCOO eta UGTrekin osatu zen mahaia; aldi berean, Confebaskek LAB eta ELA ilegalizatzeko zuen borondatearen berri izan genuen. Oinarrizko askatasun sindikalen kontrako eraso larri hori bada nahikoa arrazoi mahaia bertan behera uzteko. Hala izan arren, polemika hori patronala zuritzeko besterik balio ez duen deklarazio bateratu batekin moztu nahi izan dute.

Confebaskek LAB eta ELAren salaketari iniziatiba hau martxan jarri ez duenaren diskurtsoarekin erantzun zion, baina gaur da eguna ez duena hori baieztatzen duen frogarik aurkeztu. Erraza da gero, Madrilera eramandako alegazioak publikoki zein ziren aurkeztu besterik ez daukate. Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak babes politikoa eman dio Confebaski, eta agerian utzi du patronalarekiko duen dependentzia.

Gutxi batzuen mesedetan egindako lan erreformek pobrezia ekarri dute jendartearen gehiengoarentzat, eta aberastasuna, berriz, gero eta esku gutxiagoren artean banatzen da. Testuinguru honetan indartu nahi dituzte elkarrizketa esparru hauek, patronalari eman zaion botere absolutuaren ondorioz negoziazio kolektiborako eskubidea deuseztatu dutenean. Dena erabakia dagoenean eta inposizioaren bidez ezarri dutenean, zein da akordio posiblea?

Aberastasuna banatzeko, ezinbestekoa da erreforma fiskala, soldata igoerak behar diren moduan, enpresetako irabazi guztiek betikoen poltsikoetan eta paradisu fiskaletan amai ez dezaten. Beharrezkoa da enplegua sortzeko lanaldiaren murrizketa; enplegua hobetzeko hitzarmenak gaurkotzea eta hobetzea; langabezian eta prekaritatean dauden pertsonen babesa eta eskubide sozialak Euskal Herri osoan ziurtatzeko politikak aurrera eramatea. Eztabaida horietan daude konponbideak, baina horiek guztiak mahai horietatik at daude.

Elite ekonomikoek bultzatu nahi dituzten politikek gobernu eta sindikatu batzuen babesa dute. Hori da onartzen diguten ardura bakarra, botere ekonomikoaren interesen alde hartutako erabakien abal izatea, eta, horretarako, antzerki hutsa diren elkarrizketa sozialeko mahaian parte hartzea nahi dute.

LABek ez du errealitate hau ontzat ematen. Langileen kontrako erabakiak hartzen dituen patronalaren aurrean planto egin dugu, eta politikariei dei egiten diegu ez dezaten gutxiengoaren mesedetan goberna.

Hauteskunde garai hauetan, eta batzuei min egiten badie ere, ez dago soberan gogoraraztea LABen proposamena indartuta ateratzen ari dela hauteskunde sindikaletan. Ordezkaritza lortu dugu lehen ez genuen lan zentroetan, eta emaitza onak izaten ari gara gure ekintza sindikala gertutik ezagutu duten lan zentro horietan.

Gure eredu sindikala da patronalaren estrategia oztopatu eta baldintzatzen duena. Sindikalismo abertzaleak ez dio uzten lan eskubideen kaskartze eta suntsiketan nahi bezain azkar aurreratzen.

Hori guztia dela eta, lan mundutik kanpo nahi gaituzte. Eskuak libre nahi dituzte lan eskubideen inguruko erabakiak hartu ahal izateko. Horri erantzuten dio Confebaskek LAB eta ELA ilegalizatzeko egin zuen proposamenak, Eusko Jaurlaritzaren eta CCOO eta UGT sindikatuen oniritzia jada baitute. Eredu sindikal bakar bat ematen dute ontzat, soldaten murrizketa ekarri duen negoziazio kolektiborako akordioa edo pentsio erreforma sinatu duen eredu hori.

Langileen eskubideak defendatzeari uko egin diote CCOOk eta UGTk. Elkarrizketa sozialaren aldeko apustua egin dute, nahiz eta jakin horrela ezin izango dela langabezia amaitu, ezta lan munduaren prekarizazioa eta are gutxiago babes sozialaren suntsiketa.

Langileak ez gaude itxurakeriatarako. Ez dugu elkarrizketa antzuetan denborarik galtzeko. Egoera honetara ekarri gaituzten politika publikoak errotik aldatzeko borrokan jarraitu behar dugu, alternatibak proposatzen segitu behar dugu, hori da Euskal Herriko langileekiko gure bidea eta gure konpromisoa. Bada alternatiba: lan harremanetarako bestelako eredua jasoko duen eredu sozial berri bat.LABek proposamen bat egin du herri honek eztabaida hori has dezan, eta bide hori jarraituko dugu. Hori da gure bidea eta Euskal Herriko langileekiko gure konpromisoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.