Ernaiko kidea

Ez dizuegu lorik egiten utziko. A-30ean, gazteok grebara!

Goizane Vegas
2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Euskal Herriko belaunaldi gazteak herri honek urteetan zehar piztutako borroka desberdinen aterpean hazi gara. Mahaiaren albo batean asperturik gurasoek euren lagunekin zituzten elkarrizketei lotuta hainbat bazkaloste eman ditugunak gara. Horietan, helduek herri honen historiaren kapitulu desberdinak zituzten hizpide: martxa antinuklearrak, intsumisioa zein ontzioletako langileen borrokak... Istorio horiek harilkatuz izen bat maiz errepikatzen zen, Periko Solabarria. Eta hura aipatzerakoan, beti une bat zegoen non, ahots bakar batean elkarturik, «Si no nos dejan soñar, no les dejaremos dormir» (ez badigute amets egiten uzten, ez diegu lo egiten utziko), erdi barrez, erdi serio, oihukatzen zuten.

Herri honen historiaren errelatoa omen denarekin hasi dut idatzia. Borroka epikoak, garaipen epikoak, izen epikoak. Ba, tira, utzidazue hori zalantzan jartzen. Nirea beste modu batean politizatutako belaunaldia da eta. Beste epika batek eraman duena militatzera.

2018ko greba feministarekin politizatu den belaunaldiaz ari naiz; «emakumeok* planto» egiteak sistema kapitalista heteropatriarkala sostengatzeari uztea esan nahi duela ulertu duena. Bazkalosteko elkarrizketetatik haratago, gaueko manietako autodefentsa feministaren aldarriaren sakontasuna ulertu duena. 2019ko Durangoko V. jardunaldi feministetan borroka antidekolonialak eta antirrazistak mugimendu feminista bera, barrutik, nola interpelatzen zuen entzun duena. Eta Euskal Herriko Neska* Gazteen azken Baterajotzean heterosexualitatea erregimen politiko gisa ulertu eta norbere hautu politikoak zalantzan jartzera eraman duena.

Finean, beste epika batek politizatu gaitu. Edo hobeto esanda, epikotzat zer hartzen den zalantzan jartzen ikasi dugu. Eta horri guztiari esker, denon bizitzak erdigunean jartzea epikotzat eta iraultzailetzat hartzen duen gazteria dugu orain, hemen.

Greba Feminista Orokorra sistema heteropatriarkal kapitalista inpugnatzen duen planteamendu erradikala da. Eta ez du soilik sistema bera errotik ezbaian jartzen, baizik eta alternatiba oso bat planteatzeko gaitasuna du. Zergatik?

Feminismoak klasearen konposizioaren eta definizioaren zailtasuna azaleratu du; lan produktiboa eta erreproduktiboa, bizitza eta lana, eremu publikoa eta pribatua dikotomiek, besteak beste, azaltzen dituzten kontraesan, errealitate eta izaera patriarkala bistaratu ditu. Mugimendu Feministak, borroka antirrazistarekin eta transmaribibolloarekin batera, klasea birkonfiguratzen jakin du. Errepresentaziorik gabe zeuden subjektuak ikusarazi, klase gisa izendatu eta horiek artikulatu. Eta horren espresio bat da Greba Feminista Orokorra.

Bizitza vs kapitalaren arteko talkan bizi gara. Sistemak emakume, bollera eta transon zaintza lan esplotatuak behar ditu haren biziraupenerako. Izan ere, zaintzarik gabe ez legoke produkzio ekonomikorik, ez legoke gizarte estrukturak sostengatzeko bermerik. Ordaindu gabeko zaintza lanek sistema bera sostengatzen dute, beraz. Aipatutako bizitzaren eta kapitalaren arteko talka horrek intentsitate berezia hartu duen honetan, guk zaintza lanak esplotaziotik ateratzeko apustua egiten dugu, horrela sistemaren beraren oinarriak kolokan jarriz.

Zaintza Sistema Publiko Komunitarioak, gainera, paradigma aldaketa dakar. Planteamendu horrek desira kolektiboetan eragiteko gaitasuna baitu. Gizarte kolektibo baterako oinarriak ezartzetik, norbere etorkizuneko espektatibak interpelatzeraino heltzen da: norekin bizi eta nola bizi nahi dugun, desira horretan aldaketak ekartzeko gaitasuna du. Alegia, bizi eredu kolektiboa zentroan jarriz familia nuklearra bera problematizatzen da, zaintzen desfamiliarizazioa zentroan jarri.

Hori gutxi balitz bezala, zaintzeak emakume egiten gaituela bistan uzten du planteamendu honek. Emakume, bollera eta transok, emakume gisa sozializatuak izate hutsagatik, zaintza lanak gure gain hartzera eramaten gaitu sistemak. Beste era batera esanda, emakume eredu hegemonikoak zaintzearen funtzioa betetzen du. Zaintzen ez duen emakumea, orduan, emakumetzat har genezake? Grebaren aldarrikapenak galdera inplizitu horiek zeharkatzen ditu, eta, beraz, emakume subjektua bera zalantzan jartzen du.

Greba Orokorraz ari garela azpimarratzea garrantzitsua da; alegia, mistoa. Feminismoak sektore guztiak interpelatzeko gaitasuna du. Zapaltzaileak ere grebara deituta daude. Intersekzionalitateak erakutsi baitigu espazioak nola okupatu, eta nola eragiten duen leku bakoitzean espazio horiek okupatzeak. Are konfluentziak eman daitezkeela ere, posizio ezberdinetan kokatzen garela jakitun. Zapalkuntza estrukturala eta sistematikoa da, eta, hori ukatu gabe, norbanakoa ere seinalatzeko gaitasuna du.

Amaitzeko, esan beharra dago greba baten atarian topatzen bagara Euskal Herriko Mugimendu Feministaren hausnarketen eta eztabaida prozesuaren emaitzei esker dela. Euskal Herritik egiten den prozesua da, Euskal Herria eraldaketarako marko gisa kokatzen duena. Eta hau, herri honetako mugimendu sozialek urteetan zehar metatutako indar eraldatzaileari esker gertatzen da. Alegia, hau ez da ausazkoa, Euskal Herria iraultzarako territorioa dela esan dezakegu.

Horiek guztiak grebak sistema inpugnatzeko duen indarra ulertzeko gako batzuk besterik ez dira. Gure belaunaldiak, gako horietaz eta beste hainbatez jakitun, anbizioz begiratzen dio heltzear dagoen grebari, eta horretatik eratorria izango den borroka ziklo berriari.

Mahaiaren albo batean entzuten egoteaz aspertu garelako eta herri honen historia feminista idaztera goazelako. Forma, kolore eta izen ugariz idatzitako historia. Herri honetatik eta herri honentzat. Zaintza Sistema Publiko Komunitario baterantz, arduratu daitezen.

Gazteok argi dugulako; «ez badigute zaintza sistema iraultzen uzten, ez diegu lorik egiten utziko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.