Ez ezagutzea mespretxatzen den hori

2015eko irailaren 13a
00:00
Entzun
Katalunia hain garai politiko aztoratuan dago, ez baita erraza jarraitzea. Baina horri gehitzen badiogu batzuek egiten dituzten eginahalak gertaerak iluntzeko, are nekezago egiten da ezer ulertzea. Ikuspuntu informatibotik, egoerak gogora ekartzen dizkit Katalunian euskal politikaren berri Madrilen dauden hedabideen eskutik jasotzen genuen garai haiek, eta, Euskal Herriko errealitatearekin hartu-eman zuzena izan orduko, George Orwellen ohar hura zenbateraino betetzen zen konturatzen ginen. Orwellek honako hau idatzi zuen 1943an: «Espainian, lehen aldiz ikusi nituen errealitatearekin inolaz ere bat ez zetozen kazetaritza informazioak; ez zuten harremanik ezta izan ohi diren gezur normalen kasuekin ere... Ikusi nuen, benetan, historia idazten ari zela, ez gertatzen ari zena kontatzeko, baizik eta alderdiaren ildoaren arabera zer gertatu behar zen kontatzeko». (Looking Back on The Spanish Civil War). Beste ohar hau maileguan hartu dut Ramon Tremosaren azkeneko liburutik, Let Catalonia Vote (2015) eta Reuters Institute for the Study of Journalisme-ko txosten batetik, zeina Oxfordeko unibertsitateak argitaratu baitu aurten: «Espainiako hedabideak sinesgarritasun txikiena dutenak dira Europan, eta sinesgarritasun txikiena dutenetan bigarrenak munduan».

Premisa horretatik abiatuta baino ezin da ulertu Katalunian bizitzen ari garenaren eta hemen gertatzen ari dena kontatzen dutenen arteko muturreko dikotomia. Eta, hori guztia, literalki izkin egiteko esan ezin eta pentsatu ezin denari: kataluniarren gehiengo esanguratsu bat —oraindik ezin izan dugu zenbat garen zenbatu demokratikoki homologatutako baldintzetan— ez da espainiar sentitzen, edo, jatorriz hala sentituta ere, uste du Katalunia independente batean biziko dela etorkizunean.

Abiatzen bagara Espainiako batasun sakrosantutik, batasun hori eztabaidaezina eta pentsaezina bada, orduan edozer gauza asmatu behar da esplikatzeko batzuei —gutxi zein asko— batasun hori ez zaiela iruditzen ez hain santua, ez hain sakratua. Eta hortik Artur Masen erokeria, katalanik zentzudunenetako batena, hain zuzen; edo Katalunia naziarena, pluralena den lurralde batean, zentzu guztietan; edo Kataluniako gizartearen zatiketarena Europako gizarterik kohesionatutako batean. Hortik, halaber, TV3ek katalanengan eragin duen doktrinatzea, ikus-entzuleen %15era ozta-ozta heltzen dela. Katalanez argitaratzen diren bi egunkari nagusiak, alde handiarekin, unionistak dira modu irekian. Subiranista katalan bat topatzea ia ezinezkoa den Espainiako telebista kateetan harrapatuta daudelarik ikus-entzuleen %85, idatzizko prentsan egunkari unionistek dutelarik hegemonia, eta, are, pluraltasuna erakutsi behar horrekin ia obsesionatuta dauden hedabide publiko katalanak izanda ere —datu objektiboak ezin argiagoak dira—, zein doktrinamendu zen posible?

Ados izango gara, halaber, oso zaila dela eskema klasikoekin esplikatzea zer gertatu den Katalunian hain denbora gutxian. Baina analisirako eskema konbentzionalek ez funtzionatzeak ez luke behartu behar errealitatea, desitxuratzeraino. Izatekotan ere, eskema horiek berrikusi beharko lirateke. Egongo da denbora zer gertatu den aztertzeko. Baina zurrunbilo honetan zamalkatzen, ezin ditugu egin apaindurazko analisi asko —ezta urrutitik begiratzen duten itxura egiten dutenek ere—. Baditugu lanak egunero gertatzen direnei kasu egiten, egunez egun bezperako itxaropenak gainditzen baititu biharamunak.

Hori gutxi ez, eta bat-bateko azeleratzeak —zeinak, nola bukatzen diren, historikotzat joko ditugun— lotuta egoten dira egun jakin batzuekin, hemen kanporaketa gisa bizi izaten diren egun batzuekin —halaxe baitira—. Halaxegertatzen da irailaren 27arekin, zeina debekatu zen erreferendumaren gisara ezagutzen duen jada mundu guztiak. Hauteskunde plebiszitarioak izango dira, beraz, emaitza dena delakoa izanda ere. Ia ziur, hauteskunde «autonomiko» deitzen diren azken hauteskundeak izango dira; hitz hori bost duroko hitz baten gisan hartzen da jada Katalunian, ia zaharkitua dagoen hitz baten gisan. Eta gehiengoa independentziaren alde baldin badago, jada ez da atzerako biderik egongo. Gero, berehala izango den «adierazpen solemne» horretatik aurrera —ondo uler dadin, sezesio prozesuaren aldeko adierazpena— behin betiko aldarrikapenera, prozesua ez da gutxiago azeleratua izango. Geroko, Konstituzio berria onartzea erreferendum bidez.

Asko egongo da egiteko, eta ondo egin beharko da. Baina antzeko beste zenbait kasutan bezala, ziurgabetasuna apaltzeko beharrak gertakariak azkartzera behartzen du. Esaterako, Berlingo harresia ustekabean eta bat-batean eraistea, eta pentsatu gabe zegoen Alemaniaren batasuna.

Falta diren hamabost egunetan, Katalunian denetarik ikusiko dugu. Baina oinarrizko datua ez bistatik galdu: proiektu baikor, ilusionatzaile eta itxaropentsu baten eta irain, gorroto eta beldur ikararen edo, okerrago, atzera egitearen artean dago lehia.

Prozesua ikusgarri egin den bost urteotan —urte batzuk gehiago Montillo presidenteak zer zetorren ohartarazi zuenetik Madrilen—, inor ez da gai izan Espainiatik ezer eskaintzeko. Ez dut esaten justizia fiskal pixka bat edo besarkada estu bat; ez da izan ezta arazoak asperraren asperraz akabatzen dituzten lan batzorde triste horietako bat bera ere!

Kataluniaren independentziak Espainiako Estatuari ematen dion lotsaizunak ez dio utzi buru argitasunez erantzuten. Ia akituta dagoen Felipe Gonzalezek berak ere duela lau egun esan zuen independentziarik ez zela egongo, katalanek hautetsontzietan esaten zutena esanda ere. Etsita daudenen oihuak dira, Katalunian uste zena berresten laguntzen dutenak eta Machadoren esakunari jarraitzen diotenak: ezagutzen ez duena arbuiatzen segitzen du Espainiak. Edo, kasu honetan, agian okerrago: indarra egiten du ezagutzen ez duen hori arbuiatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.