Ez gatoz presaka, baina korrika gatoz

2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren mapa zatikatuta, zulatuta eta desitxuratuta erakusten diguten garaiotan, euskaldunon lurraldearen mapa ezin hobeto erakusten digu Korrikak.

Korrikaren ibilbideak zainez osatutako lurralde gorpuztu bat irudikatzen digu, eta zainetatik odola doa borborka, bizi-bizi. Odolak gorputza zaharberritzen duen bezalaxe, euskaldunok euskararen lurraldea biziberritzen dugu, bideak elkarrekin eta korrika eginez.

Korrikak duen onena hau delako, azken batean: Euskal Herria, euskararen herria, modu ezin praktikoagoan erakusten digu, eta Euskal Herriko herri, auzo eta hiriak lotzeko aukera guri ematen digu, euskaltzaleoi. Eta horretan berdin dio Lea-Artibaikoa izan edo Erriberakoa izan, Baionakoa izan edo Orexakoa izan, euskaltegiko ikaslea izan edo udal hautetsia izan; denokgarelako euskalakari eta denok izan nahi dugulako euskalakari. Eta konbentzimendu horretan Korrikak indartu egiten gaitu.

Eta indar horrek hauspotuta, gainerako euskaltzaleekin batera, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideak ere korrika gatoz.

Izan ere, ez dugu karramarroarena egingo, ez baikara atzerantz joango. Barraskiloarena ere ez dugu egingo, ez baitugu bidea arian-arian egiteko asmorik.

Korrika egingo dugu bidea, presarik gabe, jartzen dizkiguten txintxetei iskin eginez, jakinda benetako ibilbidea ez dela apirilaren 17an Donostian bukatuko.

Egun horretatik aurrera ere euskaldunen tropelak aurrera egingo baitu euskararen normalizazioaren bidetik, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideek ere hortxe jarraituko dugu, euskaldunen tropelean tokia hartuta. Batzuetan, tropelaren buruan joango gara, bidea nondik egin dezakegun adieraziz eta bidelagunei tiraka. Beste batzuetan, tropelaren atzeko aldean, motel doazenei laguntza emanez eta atzean geratzen direnak akuilatuz. Eta, askotan, tropelaren bihotzean, gainerako euskaldunen babesa sentituz eta euskalduntasuna trinkotuz eta zabalduz.

Ez gatoz presaka, baina korrika gatoz, eta korrika jarraituko dugu, zuokin guztiokin, euskalakariokin.

Mila esker, AEK, zer garen erakusteko aukera ematen diguzuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.