Ez geldi, ez geldo

2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Bide «nazional» berri bat taxutu zuten batzuk Euskadirako 2009ko maiatzean. Bide berri hori, berriz, ez da doakoa izango euskal gizartearentzat; izango du bidesaririk. Gero eta argiago dugu, eduki ere, zertarako taxutu duten. Kultura, hizkuntza eta hezkuntza alorretan aurrera barik, atzera egiteko eta, kasurik onenean, alor horietan eginiko aurrera pausuak gelditu edo geldotu egin daitezen. Guk horretaz hauxe diogu: «Ez geldi, ez geldo». Bidegileak, ostera, pozik ageri dira jendaurrean, bide berri horri esker isiltasuna eta lasaitasuna nagusi direlako ustean, lehenagoko astrapala haiek isildu egin omen direlakoan. Zergatik ote da baina? Ez ote da izango astrapala batean ibiltzen zirenak isildu egin direlako?

«Nazional» berri horrek ez du herria lotzeko eta egituratzeko balio. Azken hogeita hamar urteotan adostasun politikorako eta kohesio sozialerako erabilitako bideak zarratu egin dituzte. Hezkuntzan adibide argiak dira, bide nazional hau irudikatzeko espezialak direnak; euretariko bi aipatuko ditut: hizkuntza ereduak, bata, eta 2011-2012 aurre-matrikulazio kanpaina, bestea.

«Este Gobierno ha dejado atras la guerra de los modelos» esaten zien Patxi Lopezek Gobernuko goi-karguei joan den hilean, indarrean ditugun hizkuntza ereduei buruz. 1982-1993 urtealdian herri honetako gehiengo politikoak Euskararen Legea eta Eskola Publikoaren Legea onartzean lortutako adostasunaren ondorio diren hizkuntza ereduei buruz ari zen; bai horixe. Lehendakari batek nolatan hitz egin dezake inoiz hizkuntza ereduen inguruko gerrari buruz, milaka familiaren bermea lortu duen sistema bati buruz ari denean? Urteak joan, urteak etorri, familiak libre izan dira hiru ereduetatik bat aukeratzeko. Kontua da euskaraz irakasten duten ereduen alde egin dutela, batez ere D ereduaren alde, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaierarako adostutako helburua lortzeko eredurik eraginkorrena delako, euskaraz eta gaztelaniaz, ahoz zein idatziz, ulertu eta adierazteko behar adinako gaitasuna lortzeko aukerarik onena delako.

Lehendakaria, aldiz, gainditutako gerra bati buruz ari da setatsu, euren bake berria saldu guran, beharrezko baldintzak betetzen ez dituen Hezkuntza Marko Hirueleduna saldu nahian, alegia. Ikastetxeek nork bere hizkuntza proiektua egiteko malgutasuna dute, eta horrela izan behar da; baina horrela izan dadin, era berean, proiektu desberdin horien helmuga zein den jakin beharra dute, hots, ikasleen gehiengoak eskuratu beharreko hizkuntza-mailak zeintzuk diren argitu behar ditu marko berri horrek, eta ez ditu argitu. Bidea malgua izan behar da; nahi beste ibilbide izatearekin ados gaude, baina, horretarako, helmuga zehatza behar du izan, gehiengoak helmugan bat egitea nahi badugu, behintzat.

Hile honetan, berriz, 2011-2012 ikasturterako aurre-matrikula egiteko epea ireki da. Aurten ere, iaz bezala, Gobernu-kidearen eraginpean gauzatu da. Izan ere, A eredua sustatzearren irrikan, eredua eta ikastetxea —biak batera— aukeratzeko askatasun eske dabilkio ahalean. Gainera, 2011ko aurrekontuan 200.000 euroko diru-partida sartu eragin dio gobernu-kideak kanpaina berezi bat egiteko, eredua aukeratzeko orain askatasuna dagoela jakinarazteko familia guztiei. Gobernuak azkar bezain trakets erantzun du, bestaldez bestalde ikastetxeak baititu. Eta ikastetxeok, euren autonomiari esker eta eskola erkidegoa osatzen duten familien borondatea ardatz hartuta, hizkuntza-proiektuak egokituz joan dira hasieratik gaur egunera arte.

Horregatik, kontraesanez beteriko adierazpenak heldu zaizkigu gobernuaren ahotik. Lehenengo, eredu baten aldeko gutxieneko eskabide kopurua jasoz gero, eskolak eredu horretarako gela ireki behar duela nahita nahiez; ondoren, eskatutako eredua eskolak eskaini ezik, Hezkuntza Ordezkaritzak aztertuko duela zer egin, ikastetxean bertan eratu taldea, eskatutako eredu eta mailarako, edo zonaldeko beste ikastetxe batera bideratu eskabidea.

Hezkuntza Sailak familiei bidalitako eskutitzaren edukia ere ez dator bat legedian esaten denarekin. A ereduari arreta berezia egiten dio, euskara eta ingelesa ikasgai gisa erantsiz, B eta D ereduetan ez bezala. Bestalde, Sailaren lan-ildoei jarraituz, marko hirueleduna barneratzen ari diren ikastetxeak nabarmentzen dira familien aurrean, proiektu hirueledun hori esperimentazio-aldian dagoela esan gabe eta beste ikastetxe askotan aspaldian martxan diren proiektu eleanitzak aipatu barik. Hori gutxi izango ez balitz, ohar guztien artean bat egitea ahaztu zaie: ikasleek hizkuntza ofizial bietan lortu beharreko gaitasuna, ohiko hartu-emanak euskaraz zein gaztelaniaz izateko behar adinakoa.

Oker dabilLopezen gobernua, erreakzio bizi ez astrapalatsurik eragin ez izanagatik hezkuntzarako taxutzen ari diren politika horren aldeko adostasun politiko zein soziala lortu dutela uste izanez gero. Marko berrian eta etapa bakoitzerako, euskara, gaztelania eta ingeles (edo frantses) mailak zehaztu ezik, Hizkuntzen Europar Markoarekin homologatzeko modukoak diren mailak lortzeko beharrezkoak diren baldintzak eta baliabideak zehaztu ezik, Gobernuak bide «nazional» berria taxutu egingo du, baina ez da, ordea, euskal familia gehienen interes eta borondateari erantzuteko kapaz izango.

Gizarte honek ez euskal familiek ere, ez zioten kasurik egin oraingo bake-saltzaileen orduko borroka zalapartatsuari. Eta oraingoan ere, ez dut uste marko hirueledun osatu bakoaren eta aurre-matrikulazio kanpaina nahasi eta aldrebestu honen atzetik joango direnik. Euskal gizarteagan konfiantza dudalako, hain zuzen ere, nahiago izan dut aurre-matrikulaziorako epea igaro arte itxaron, artikulu honi ekin orduko. Eta konfiantzaz ari naizen honetan, «nazional» berri horren egileei galdetzen diet: ba al dute konfiantza arrastorik gobernatu behar dituzten herritarrengan? Ez baldin badute, ez dezatela trukean ezer itxaron.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.