Horiek izan ziren Pepe Mujicak bere agintaldiaren azken ekitaldietako batean esandako hitzak. Eta horiek ziren asteazkenean, segurtasun-hesian, haren omenaldia laguntzen zuten herritarren alkandorek zeramatzaten mintzoak.
Doktorego tesiaren estantzia dela eta Montevideon denbora tarte baterako bizitzen ari naizen honetan, pasarte historiko zirraragarri hau bizitzea egokitu zait. Maitasunez eta hunkiduraz zeharkatu eta hausnarketaz jantzitako galderaz bete nauen pasartea. Horietako galdera batzuk zuekin konpartitzera natorkizue, horiek erantzuteko atrebentzia handirik gabe.
Zergatik da Pepe Mujica horren maitatua herri honetan, eta munduaren parte handi batean? Gorroto diskurtsoak, bizitzaren prekarizazioa, Gerra Hotza… maitasun goseak gure orainaren jabe egiten diren honetan, bere diskurtsoak itxaropen haziak dira. Bizitza, maitasuna eta denboraren kudeaketa politikoa dela gogorarazten digu. Bizitza, maitasuna eta denbora; mundu honetako izaki guztiok gorpuzten ditugun elementuak. Guztiongan eraldaketarako grina piztu dezaketen orratzak.
Hiru ardatz horien jorraketak hurrengo galderara narama: zergatik munduak gehien maitatu izan dituen lider politikoak gerrillariak izan dira? Pepe Mujica Tupamaroekin edo bere kidea, Lucia Topolansky bera. Baita Nelson Mandela ere, MKrekin. Zergatik izan dira pertsona hauek gizatasunaren eta maitasunaren inguruko hausnarketarik sakonenak eskaini dizkigutenak?
Beharbada, Peperen esaldietako batek argitasuna eman diezaguke: «Azken arnasarekin joango naiz; eta nagoen tokian zuregatik egongo naiz, zurekin egongo naiz. Bizitzarekin egoteko modu gorena delako». Bizitzarekiko maitasunak eraman zituen diktaduraren edota apartheidaren aurkako borroketara. Bizitza eman zuten politikarengatik. Bizitza eman zuten bizitzarengatik. Elkartasuna aurkitu zutelako maitasunaren aldeko borrokan.
Baina… eta zer dakigu Lucia Topolanskyren inguruan? Tupamaroen Askapen Nazionalerako Mugimenduko kide izan zen; 70eko hamarkadan atxilotu, espetxeratu eta torturatu zuten. Ondoren, politika instituzionalaren parte izan zen: 2000. urtean parlamentari gisa, 2005ean eta 2020an senatari gisa, eta 2017an Uruguaiko presidenteordea izan zen. Batean ala bestean, berak esana, «kausaren esentzia bera da».
Hirurak gerrillariak zein politikoak, bakoitza bere modura lider politikoa. Hala, zein da lider politiko batekiko maitasunak edota atxikimenduak herriari, kolektiboari, egin diezaiokeen ekarpena? Jakin badakigu fanatismoak itsutzen gaituela; baina Pepek zioen moduan, maitasuna sortzailea da. Ziurgabetasuna gero eta nagusiagoa den egunerokoan, erreferente politiko bat izateak segurtasun eta babes sentsazioa eskaintzen digu. Baita nortasun kolektibo baten garapena ere. Eraldaketaren parte izateko atxikimendua, hain zuzen ere. Sarritan zuzendu izan da Pepe munduko gazteongana. Eskaini zuen elkarrizketetako batean adierazi zuen gaztaroa zela, beharbada, erreferente bat gehien behar genuen garaia; eta orduan zela, kolektiboki, umezurtz uzten gintuztenean.
Nire txikitasunean eta sinpletasunean, ahots batek, penaz, Pepe Mujica ezagutzeko aukerarik ez dudala izan esan dit hainbatetan. Baina ulertu dut, Pepe, ez zara joan, iristen ari zara. Apur bat ezagutu zaitut maitasunez jaso nauten zure herrikide guztiengan. Beste apur bat ezagutu zaitut eskaini dizuten omenaldian, eskertzaz eta maitasunez jantzi zaituen herrian. Ezagutu zaitut marraztu duzun itxaropenean, herriaren malkoetan zein txaloetan… Baita hiriak dituen hainbat eta hainbat horma-iruditan ere; lurraren defendatzaileen omenez, Euskal Herriari keinu eginez edota diktaduran desagertutakoen inguruko aldarrikapenetan… eta zer polita etortzen ari zaren modua. «Adioaren parte naiz, eta adioak datorrenari lekua eskaini behar dio; borrokak dirauelako eta biziraun behar duelako».