Federalismoaren ordua?

2012ko azaroaren 23a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Federalismoa gero eta gehiago aipatzen den honetan, egokia iruditu zait eraketa politiko horren defendatzaile handi bat gogora ekartzea.

Denis de Rougemont, suitzarra jaiotzez eta europarra bokazioz, 1906an sortu eta 1985ean hil zen. Bigarren Mundu Gerraren errautsetatik Europa batua sortu beharra zegoela uste izan zuten pentsalari haietako bat izan zen. Europaren —hobeto esan, ideia europarraren— kronika intelektuala egin zuen 1961ean frantsesez argitaratutako Vingt-huit siècles d'Europe (Europaren hiru milurteko) liburutzarrean. Eta urtebete geroago, Genebako Unibertsitatean egin zuen hitzaldi sortaren ondorioz, Les chances de l´Europe plazaratu zuen. Gai berari buruz, Lettre ouverte aux Européens kaleratu zuen 1970ean.

«Europar bakea mundu bakearen habe nagusia dela» sinetsiz, ezin hautsizko fedea izan zuen europar egitasmoan. Rougemontek berak nabarmendu zuen ideia hori Europaren aukerak izenez argitara emandako hitzaldi sorta batean: «Europaz hitz egin nahi dizuet, ez defendatu beharreko auzi bat bezala edo goraipatu beharreko aberri bat bezala, baizik eta gizateria osoarentzako abentura erabakigarri bat bezala». Garrasika eskatu zuen gerrak ez zezala mundua hirugarrenez suntsitu. Batasun politikoan ikusi zuen gerra amaitzeko era. Europak bere burua aurkitzea izan zuen helburu aurrerantzean.

Leibnizek federalismoa, ekumenismoa eta unibertsaltasuna jo zituen europar bateratzearen printzipio gidaritzat, potentzia ezberdinen arteko ius fraternitatis baten sortzearen bitartez. Montesquieu eta Voltaireren arabera, Estatu ezberdinez osatutako Errepublika handi baten modukoa izango Europa. Kantek, orobat, bere «betirako bakearen» egitasmoan, nazioarteko zuzenbidea Estatu libreen federazio batean oinarritu beharra dagoela seinalatu zuen.

Proudhonen pentsamendu guztia esaldi honetan laburtzen da: «federalismoa da gizadiaren forma politikoa». Printzipio federalistaren eta printzipio nazionalaren arteko kontrakotasunak markatuko du Europar Batasuna abian jartzearen historia. Proudhonek dagoeneko argiro ohartarazi zuen arazoaren muinaz: «XX. mendeak federazioen aroari hasiera emango dio, edo, bestela, gizadiak mila urteko purgatorioari ekingo dio berriro». Europako Batasunak, bada, izaera federalista behar du izan.

Hogeigarren mendearen hasieran, europar federalismoa ametsetako ideia eskuragaitza izan zen beti. Nazionalismoak eta internazionalismoak indar betean egin zuten gora, eta bien artean ito egingo dute europar federazioaren ideia, ahulegia baitzen inola ere. Federazio europarraren ideia Geneva inguruan soilik loratu zen, Denis de Rougemonten proposamenari esker. Ezkerreko intelektualak, oro har, Europaren ideiaz mesfidatzen dira: nazismoak kutsatu duela diote batzuek, kapitalismoaren morroitzat daukate besteek.

Laburki, Europa plurala da eta bere pluraltasun horrek aberastu egiten du, bere tirabirekin, historian izan dena izatera bultzatu duen indarra «dinamismo europarra» deritzo Denis de Rougemontek. Pluraltasun horretan datza, orobat, europar ekarpena ekumenismoari. Hala ere, Rougemontek egiten duen galdera —erretorikoa, jakina— zera da, ea Europak bizi nahi duen ala ez. Europaren hiru milurteko-an esan zuenez, «aniztasunean batasuna» delako horretan aurkitzen da batasun federalaren oinarria. «Europaren bizi nahiak, praktikan, batzeko nahia adierazi nahi du», gaineratu zuen.

Europarren kontzientzia berria gero eta sentiberago da Europako kultur aniztasunarekiko; aniztasun hori euren ondasuna eta ondarea dela konturatzen dira. Europa kontinente txiki bat da, elizez, jauregiz, gazteluz, akropoliz, auzo zaharkituz, kafetegiz, jatetxez, euskal txapelez, kapela tiroldarrez, eskalapoi holandarrez, sirtakiz, vienar balsez betea. Unitas multiplex-aren identitate pluralista da europar identitate berria. Denis de Rougemontentzat, federalismoa da europar batasuna eta aniztasuna uztartzeko biderik egokiena.

Europa federala eraikitzeak ez du berezitasun nazionalak baztertzea esan nahi, europar eremu komunaren —ekonomiko nahiz kulturalaren— barruan Estatuez gaineko sistema politiko bat ezartzea baizik. Europa horrek ez lituzke egungo nazioak eta desberdintasun kulturalak ezabatuko. Etorkizuneko Europak, hartara, kultura «nazional» askotarikoak izango lituzke, eta kultura «politiko» komun bat.

Rougemontentzat, federalismoa da europar batasuna eta aniztasuna uztartzeko biderik egokiena. Luzaroan, ideia nagusia europar eraikuntzari dagokionez, bere telos politikoa, ideia federalista izan da. Europarrei ez zitzaien gauza naturalagorik iruditzen Europaren integrazio politikoa Estatu federalaren bidez gauzatzea baino. Rougemontek Europa federalaren aldeko apustua egin zuen («Eskualdeen Europa» nahi zuen, ez Estatu-nazioena).

Europar Batasunaren bultzatzaileen lehen belaunaldikoek ere «Europako Estatu Batuez» hitz egin ohi zuten, Estatu-nazioen federazioaz, alegia. Baina, azkenaldian, urrun geratu da Estatu federatuaren eredua. Inor gutxik aipatu du federazio hitza azken boladan (Maastrichteko akordioetatik irten den Europa urrun samar dago federal egiteko gobernu motatik). Desafioa, halere, hor dago: molde berriko sistema federal bat eraikitzeko gai izango ote dira Europa eta bere herrialdeak?

Orain, zorionez, berriro hitz egiten da federalismoaz. Badirudi Europak federalismoaren bidea hartu nahi duela.Europar federazioa eratzeko asmoa ez da oraingoz herrialde guztietan gailendu, baina irtenbiderik egokiena izan daiteke. Beteko ahal da, azkenik, suitzar europazale handiaren ametsa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.