Historialaria

Feliziano Lamaren bigarren mundua

Karmelo Landa Mendibe
2025eko irailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Jakizu etxekoa dudala porturik arrotzena»
(Feliziano Lama, Balbina goletaren kapitaina)

Bi eskuez lemari sendo oratu eta mendixka eta irla txikien arteko labirintoan, Balbina bi mastadun goleta Kristiansund-eko portura zuzen abiatu du, fiordoan gora, Feliziano Lamak. Hiruzpalau goleta ikusi ditu ainguraturik portuaren atarian.

Abantean jo du, portuko kaian bertan amarratzea lortzeko asmotan. Itsasbide luze arriskutsua egin dute Bilboko portutik duela hamalau egun irten zirenetik. 1854. urte honetako martxoaren hamarrean irten, eta udaberri estreinatu berrian heldu dira Norvegiako lurretara. Hiru aldiz babestu beharra izan dute, itsas gorabeherak tarteko: lehena, Bretainiako Bresten; bigarrena, Brugge-n, eta kasu horretan bertako Bizkaienplein barne-portuan bi egun eman zituzten, Bilbora itzultzean Flandriako hainbat salgai baliagarri eramateko helburuz; hirugarrena, Norvegian bertan, Bergen ezagunean, iparreko haize bortitzen gerizan jarri beharrean. Baina itsas nabigazioaren azken txanpan, kapitainak berak, Feliziano Lamak, hartu zuen lema eta ez zuen askatu Kristiansund hartako portuan Balbina ondo lotuta ikusi zuen arte. Beste hiru marinelek osatzen dute eskifaia, baina txo eta sukaldari moduan datorren Totoño mutikoaz aparte, beste biak, Ezekiel eta Zeferino, bi eatar menturazale, itsaso kontutan engaiatu berriak dira.

Ez dute luze joko Kristiansunden, hala ere. Bakailao gazia kupeletan atondu eta zama preziatuarekin itzuliko dira Bilboko plazara, hainbat arinen eta prezio onean saldu eta irabaziak ondo erabiltzeko moduan. Laster ezkontzeko asmotan da Feliziano, herrian alargundu den andre gazte batekin, eta alde askotatik hobetu nahi du orain daraman bizimodu alderraia.

Udaberriko lehen egunetako epelaldiak erraztu die itzulerako itsasbidea. Etenik gabe nabigatu dute Bretainia penintsula gainditu arte. Ondoren, La Rochellen hartu dute abaro. Badaezpada ere, Bilbon porturatu aurretik, zama guztia ondo antolatu, bakailao kupelak egoki kokatu eta Bruggen hartutako salgai garestiak goletaren toki gordean ezkutatzeko moduan.

Behin La Rochelle atzean utzita, itsaso barean piztu zaio kezka Felizianori, zer giro aurkituko ote duten Bilbo behiala abegikor eta gaur egun aldrebestu horretan.

Oroimenean atzera egin du eta gogoratu du, lehenengo, Eako herria utzi behar izan zuenekoa, Bilbora jo eta bertan nabigazio konpainia batean marinel lana lortzeko asmotan. Ea herritxoan ez zegoen etorkizun argirik 18 urteko gazte batentzat. Garai bateko arrantza agortzen ari zen eta hari lotutako arrain-gazitze fabrikak ixten; herriko merkataritza noizbait piztu zuen burdinola ere itxi beharrean, eta biztanleria beheraka zetorren. Aurreko urteetan Earen hazkundea hauspotu zuten aldeko guztiak kontrako bihurtu ziren. Eskerrak horretan Eako bertako kapitain batek, Andoni Galdiz-ek, lana eskaini ziola Bilboko posta-konpainiako ontzi batean. Bertan lortu zuen Felizianok lehen lana, 1838an, sukaldari-marmitoi 18 urterekin. Baina urte berean gaiztotu ziren gauzak Bilbon. Galdiz kapitainaren eta Lama marinelaren aurkako salaketa eta epaiketa ireki ziren Bilboko Kontrabando-epaitegi berrian, lehenago merkataritza librea zena orain, muga-arau berrien aginduz, kontrabando eta ogasun publikoari eginiko lapurreta moduan zigortzen zelako.

*

Modu hartan ezin zuela aurrera egin, eta bere kabuz nabigatzeko hautua egin zuen orduan Feliziano Lamak. Balbina goleta zaharberritua lortu eta bera kapitain, Ternuaraino nabigatu eta bertatik bakailaoa Bilbora ekarri eta saltzeko enpresan ausartu zen. Horretan zebilela, baina, hartu zuen itsasoan bertan albistea herritik: Josefa Longa auzoko emakume gaztea alaba batez erditu zela eta Feliziano bera jotzen zuela aitatzat. Idatzi zion Felizianok berak herriko apaizari, alaba jaio berriaren aitatasuna aitortu eta izentzat Feliziana aginduz.

Ternuatik Bilbora itzuliak zaildu egin ziren, tartean Ingalaterrako arrainontziak bakailaoaren negozioan sartu eta euskaldunen aurka jotzen hasi baitziren. Are okerragoa zen Bilbon bertan gertatzen ari zena, Merkataritza-lege eta Aduana-lege berriek, Espainiako Gortetik aginduak, erabat zaildu egiten baitzuten bakailaoaren inportazioa eta salmenta, ordura arte librea zena.

Kapitain kargu berriak eta merkataritzaren irabazi neurtuak emandako babesari esker, Eara ezkondu zen Feliziano Lama Marijesus Madarietarekin, eta familiak hondartza ondoan zeukan Intxaurrondo etxean jarri ziren bizitzen, Feliziana Lama Longa eta Amalia Ibinaga Madarieta, ezkondu aurretiko alabekin batera. Laster jaio ziren ezkonberrien bi seme: Satur eta Maximo Lama Madarieta.

Lama kapitainak Ternuako bakailaoa aldatu egin zuen Norvegiakoa hobetsiz, merkataritzarako nabigazio-ibilbide hori ingelesen esku hartzetik babestuagoa zelakoan. Baina arazoak, berriz ere, ez atzerrian, baizik eta etxean bertan agertu zitzaizkion. Ezkondu berri zen urte berean, Bilboko enpresari aberats batek salaketa larria jarri zuen Felizianoren aurka Merkataritza-epaitegian, honi erositako bakailao gazituaren partiden egoeraz eta prezioaz, baita Balbina goletak behar zituen aseguru-baldintzak betetzen ez zituelako ere. Salatzailea Fructuoso Jose de Bolloqui enpresari bilbotar ospetsua zen, denda ugariren jabea, baita aseguru-etxe handi bateko bazkidea ere.

(ID_17570689152105) \'Balbina\' itsasontzia
'Balbina' itsasontzia.

Feliziano Lama konturatu zen orduan, gazte garaian Eatik Bilbora aldatu zen moduan, orain, aldiz, Bilboko egoera arras okertzen ari zela euskal herritarrentzat. Aberatsen kasta berri bat sortu zela, Madrilen bultzatzen zen norabidearen aldekoa, eta euskaldunon foru bereziak, aduanak, soldadutzatik libre izateko eskubideak eta askatasun guztiak betiko galtzeko zorian zirela. Gaztelera inposatzen zuten denetan, eta euskara baztertu. Erretiroa hartu zuen, Balbina goleta saldu eta herrira itzuli zen, Intxaurrondo hondartza ondoko etxetxoan familian zituzten jabego eta errentetatik bizitzeko asmotan. Itsas zabaletan noranahi, bere buruaren jabe bakarra zela, urte luzeetan ibilitako kapitainak mundutik etxera itzultzeko bidea hartu zuen.

*

Arnasestuka eta larri heldu da Marijesus Madarieta Estratabideko bere lagunaren etxera. Katalinek atea zabaldu eta barrura sartzen uzten duenean, ahal duen moduan kontatzen dio Intxaurrondoko etxetik Feliziano senarrari ihes eginda datorrela, eta ezin duela gehiago jasan etxe hartakoa. Lagunak ez dio besterik galdetu, eta etxean hartu du bizilagun. Egun gutxitara, salaketa aurkeztu du Madarieta andreak senarraren aurka, dibortzioa eskatuz. Ezohiko eskaria garai haietan, emazte batek aurkeztua. Epaiketara deitu dute Gernikako auzitegian, eta han azaldu du Marijesus Madarietak etxean bizi izandako egoera. Haserrealdi bizian, aizkora hartuta mehatxuka zuzendu zitzaiola senarra, eta bera gelan babestu zenean, atea barrutik itxita, aizkora kolpez atea zabaltzen aritu zela. Leihotik ahal zuen moduan salto eginda salbatu zuela bizia, ortutik Lapatzarako bidea hartu, eta Portugetxetik erreka beste aldera zeharkatu eta lortu zuela Estratabiden babesa. Ez zela sekula senarraren etxera itzuliko.

Elizatik egindako ezkontzaren sakramentua sagaratua eta betikoa zela eta, etxera senarrarekin itzultzera behartu zuten Marijesus Madarieta. Hurrengo urtean, Eako alkate izendatu zuten Feliziano Lama marina merkanteko kapitain ohia.

*

Narrazio honetan agertzen diren pertsonaia eta gertakari guztiak benetakoak dira, izen-deitura batzuen moldaketa gorabehera. Earen historia aztertzen ari den Asun Landa ikerlari eta kulturgileari esker izan dut haien berri dokumentatua.

Ea, 2025, irailak 13

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.