Frontex: mugen kontrolaren negozioa

Itziar Bardaji
2023ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Gaur eta bihar, Frontexeko Administrazio Kontseiluaren bilera-gela izango da Iruñea. Frontex mugak kontrolatzeko eta zaintzeko Europako agentzia da. Bitxia da pertsona gehienek haren existentziaren berri ez izatea, Europako Batasuneko aurrekontuetako puskarik handiena hartzen baitu. Bada, Baluarten planifikatuko dute nola gastatu ia 850 milioi euroak, Frontexen definitzea gustatzen zaien bezala, «immigrazioaren mehatxutik Europako mugako segurtasuna defendatzeko».

Giza eskubideen gutuna idatzi zuen Europa bera da —non migratzeko eskubidea defendatzen baita, eta baita edozein estatutan asiloa jasotzekoa ere—, «immigrazioa» «segurtasunarekin» lotzen duena, mugen kontrolaren inguruko negozio oso bat sortuz, kudeaketa guztiz ilun baten bidez. Europako baloreak, deitzen diote. Eta arrazakeria instituzionalizatzeari eta eskubideak urratzeari, zure egoera pertsonalaren arabera, migrazio-politikak deitu zioten, Europak eta bere erakundeek beti izan zutelako argi eskubide horiek norenak diren. Lokatz horietatik guztietatik sortu zen Frontex izeneko lohi ikaragarri bat 2004. urtean, mugak militarizatzeko eta kanpora ateratzeko milioi askoko gastua justifikatuko zuen beso armatua bezala, milaka pertsona hilez.

Baina migrazio-politikek ez dituzte migrazio-fluxuak kudeatzen, ez dituzte migrazioen arrazoi sakonak aztertzen, ezta jatorri-aniztasuna kudeatzen edo planifikatzen ere. Hori egiten omen dutenaren zati bat da, baina, batez ere, benetan direnaren ke-lainoa da: merkatu-politikak, zeinetan Europak erabakitzen baitu lurralde honetan nor eta nola sartuko den, eta zein bizi-baldintzatan. Egia esan, Frontex mugak kontrolatzeari, ixteari eta kanpora ateratzeari buruzko negozio bat baino ez da, behar-beharrezkoa guztiz bidegabea den garapen-eredu europar bat eraikitzeko.

Beren bizi-proiektuaren bila alde honetara igarotzea erabakitzen duten pertsonak behartuta daude munduko ordena bidegabe hori desobeditzera eta mugak «legez kanpo» zeharkatzera, ordezkari publikoek eta bihotzik ez duen jendeak esaten duten gisan... Hori egiteko beste modu bat balego bezala, nahiko ankerra ez balitz bezala prekaritateari eta heriotzari iseka egiteko modu bat asmatu behar izatea, norberaren bizitza eraikitzen jarraitu ahal izateko.

Europako herrialdeen historia, espoliatzea (edo beren lurraldetik kanporatzea) erabakitzen duten horien deshumanizazioan oinarritu da. Kolonizazioan eta zapalkuntzan oinarritutako historia, gaur egunera arte era askotara iritsi dena: pertsonak bizitzeko (izateko) eskubide bako ez-izaki bihurtzen dituzten atzerritartasun legeak, polizia-kontrol arrazistak, arrazakeriari lotutako profil kriminala betikotzen dutenak, eskubideak eskuratzeko diskriminazioak, estereotipoak eta aurreiritziak kulturaren parte gisa betikotzea, eta abar.

Bizi garen lurraldean kontakizun fantastiko bat eraiki da, non arrazista izatea txarra den, arrazakeriaren adierazpen batzuk gorroto-delitu gisa tipifika daitezkeen, baina, aldi berean, arrazismo instituzionalari eutsi behar zaion indarrean dagoen legedia betetzeko. Ez dugu ulertzen, eta ez dugu ulertu nahi. Horregatik jarraitzen dugu antolatzen eta kalera ateratzen, Frontex bezalako erakundeen existentzia salatzera, bizitzaren kontura negozioa egiten baitute, eta are okerrago, negozioa egiten dute milaka eta milaka pertsonaren heriotzaren kontura, mugaren alde okerrean jaiotzeagatik bakarrik.

Erakundeek eskumenik eza alde batera uztea nahi dugu, eta eskubide osoko herritar gisa aitortuak izan ez direnen aurka erabilitako indarkeria ugariak ez babestea. Gaur eta beti jarraituko dugu salatzen sistema arrazista eta kolonial hau, eta bere beso armatua, Frontex, egunotan Iruñean biltzen dena nekropolitikaren negozioa egiten jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.