Fujimorismoa itzultzearen kontra eta demokraziaren alde

2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Gutun hau izenpetu dugunok gogor arbuiatu nahi dugu diktadura fujimorista berriz pizteak perutarren demokraziari eta askatasunari egingo liekeen mehatxua.

Alberto Fujimoriren erregimena izan zen gure gobernu errepublikanoen garairik beltzena. Krimenez beteriko hamarraldi bat izan zen, eta ez ditugu ahaztu behar haren ondorio ezin makurragoak, ez erlatibizatu, ez begiak itxi. Azken urteotan, diktadura hori arbuiatu izana dugu Peruko demokraziaren garaipenik handiena, baita haren liderrak auzipetu eta legez zigortu izana ere, gizadiaren kontra ezin konta ahala delitu eta krimen egiteagatik. Peruk, berriz ere, arbuiatu egin behar du zigorgabekeria, eta sendotu bere sinestea, zilegizko antolamendu baten barrenean denontzako justizia eta aurrerabidea ekarriko duen demokrazia baten aldera.

Gutun hau izenpetu dugun idazleok Peruko panorama politikoko toki oso desberdinetatik etorri gara, eta oso ideia desberdinak ditugu Peruri komeni zaion gobernu ekonomiko eta sozialari buruz. Nolanahi ere, sineste sendoa dugu askatasunean, krimenen eta estatu indarkeriaren arbuioan, legediaren defentsan eta giza eskubideen errespetuan. Gure ustez, horiek oinarri funtsezkoak dira nazio justu eta solidarioa eraikitzeko.

Presidentetzarako hautagai Ollanta Humalak zin egin du, jendaurrean, oinarri horien alde egingo duela. Uste dugu zin hori entzun beharra daukagula eta, hemendik aurrera, zina betetzen duen begiratu beharra daukagula. Orainak bide hori eman digu, eta horixe da diktadura berriz ezartzea eragozteko bidea.

Demokrazia, izan ere, negoziazio jardun bat da: gobernu guztiek entzun egin behar diote gizarte zibilari. Gizarte zibilak gobernua gidatu beharra dauka; bere boterea eta agintea sentiarazi behar dio, eta zintzo jokatzen duen kontrolatu. Baina negoziazio hori izan dadin, ezinbestekoa da boterea mugimendu politiko baten esku egotea. Krimena, jakina, eskema horretatik kanpo dago: ezin da negoziatu politika egiteari utzi eta krimena aukeratu dutenekin.

Horregatik, sinatzaileok dei egiten diogu gizarteari bere burua ordezkatzeko ahalari euts diezaion, diktadura arbuiatuz eta gure antolamendu demokratikoa sendotuz, Ollanta Humalaren aldeko botoaren bitartez eta jarrera aktibo erne batez. Batasun nazionalaren aldeko dei itxaropentsu baikor bat da gurea: ekainaren 5ean, perutarrok gure duintasunaren, askatasunaren eta demokraziaren alde egin behar dugu, boto arduratsu eta zibiko bat emanez.

Adeitasunez.

(Erredakzioan itzulia)

Artikulu hau 109 idazle perutarrek sinatu dute. Hemen, sinatzaileetako batzuk: Mario Vargas Llosa, Abelardo Oquendo Cueto, Alfredo Pita, Andrea Cabel Garcia, Alexis Iparraguirre, Antonio Angulo Daneri, Alonso Rabi do Carmo, Armando Arteaga, Bernardo Rafael Alvarez, Carlos Lopez Degregori, Carmen Olle, Carlos Yushimito del Valle, Carlos Davalos, Cecilia Podesta, Claudia Arteaga, Christian Reynoso, Carlos Chang Cheng , Daniel Alarcon, Diego Trelles Paz, Diego Otero Molinari, Diego Salazar, Domingo de Ramos, Dante Castro Arrasco, Enrique Planas Ravenna, Emilio Bustamante, Ezio Neyra Magagna, Eloy Jauregui, Ernesto Escobar Ulloa, Eduardo Gonzalez ViaƱa, Eduardo Adrianzen Herran, Edward Chauca, Emmanuel Velayos, Elba Lujan, Fernando Iwasaki, Fernando Obregon Rossi, Felix Terrones, Fredy Roncalla, Gabriela Wiener Bravo, Gustavo Faveron Patriau, Gustavo Rodriguez, Grecia Caceres, Giancarlo Stagnaro, Gladys Basagoitia, Giancarlo Huapaya Cardenas, Hildebrando Perez Grande, Harold Alva Viale, Juan Carlos Ubilluz, Juan Manuel Robles, Jorge Eduardo Benavides Pasaporte, Jose Carlos Yrigoyen, Jorge Frisancho, Jaime Rodriguez, Jorge Eslava.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.