Txapelketa nagusiko finalaren zain-zain gaude jada. Orain artekoari erreparatuta, baina, saioek eman dute zeresanik. Ertz askotatik begira dezakegu. Gaiek eta haien trataerek badute mamia. Zalantzarik gabe, txapelketaren norabidea asko baldintzatzen duen lana da gai-jartzaileena. Hemezortzi laguneko taldea, bertsolariak bezain obsesiboki edo gehiago uda aurretik hasita sorkuntza-lanean ari dena. Ezin konta ahala ordu ingurura eta norbere barrura begira, bertsolariei kanturako motibazioa piztuko dien txisparen bila.
Bertsolaritzan oro har —eta txapelketan bereziki— bertsogintzaren bide-irekitzaile direla iruditzen zait gai-jartzaileak. Izan ere, bertsolarien lanik bikainenak ere ez dira hutsetik sortuak: gai-jartzaileak eraikitako marko baten barruan sortuak dira. Gai-jartzaileak dira bertsolariaren sormena martxan jarrarazten —edo geldi mantentzen— dutenak. Bertsolariak gaian interesgunerik topatu badu, gogo handiagoz ekingo dio bertsoaldiari. Eta gogoz ari denean, lan borobilak egiteko arriskua handiagoa izango du. Gaiek, beraz, berebiziko garrantzia dute txapelketan.
Zein da gaia, ordea? Gai-emaileak irakurri dituen hitzak gaiaren formulazioa besterik ez dira. Hitz horien azpian gordeta dauden informazioa eta mezua(k) dira benetako gaia. Honenbestez, gai-emailearen hitzak irakurri ondoren, bertsolariek nolabait identifikatu egin behar dute/dituzte gaia(k). Baigorriko gai honetan, esaterako: Aimar adineko baserritarra da. Xabik ogi banaketan egiten du lan, eta urteak dira egunero pasatzen dela Aimarren baserritik. Gaur, Xabik Aimarri erran dio okindegiak banaketa zerbitzua kenduko duela. Esaten diren hitzen azpian, esaten ez diren hitz asko daude: hurbileko arreta eskaintzen zuten denda txikiak ekonomikoki biziraun ezinean dabiltzala gure herrietan, krisi hori herritarrok eragin diegula erosketak saltoki handietan zein Interneten egiten ditugulako, urte askoan bezero fidel izan direnak eta betiko kontsumo-ohiturak dituztenak galtzaile irteten direla, bai eta adinean gora doazenak ere...
Bi lan-eremu dauzkate, beraz, gai-jartzaileek: bertsolariak zer tematikari buruz jarriko dituzten lanean erabakitzea da bata, eta tematika hori nola azaleratu —zer hitzekin, pertsonaiak zer posiziotan jarriz...— bestea. Tematikari dagokionez, zortziko nagusiko, hamarreko txikiko eta seiko motzeko gaietan bi gai-mota nabarmendu dira: gai sozialak eta gutako edonoren bizitzan egunerokoan ager daitezkeen «gatazka txikiak». Bertsolari eta gai-jartzaileen artean txapelketa hasi aitzin bilerarik egiten ez bada ere, uste dut garaitsu honetako hainbat kezkari egoki eta batzuetan ausart erantzun dietela gai-jartzaileek tematikak aukeratzean. Esaterako, honako hauetan: hotel bateko garbitzaileak dira Miren eta Nahikari. Hamar minutu dituzte gela bakoitza garbitzeko. Egun osoa daramate gelaz gela lanean (Zumaia); bikotea dira Maddalen eta Aimar. Biek dituzte umeak aurreko beste harreman batetik. Orain, elkarrekin bizitzera joatekoak direla eta, erabaki behar dute aste berean bien haurrak elkarrekin hartu ala aste bakoitzean batenak (Irun).
Tematikak formulatzean, ostera, txapelketa-estilora aritu dira. Eta gai sozial eta eguneroko gatazka txiki horietan, gai-jartzaileek emandako egoerak moralari estuki loturik aurkeztu dira gehiegitan: eskolako jangelako langileak dira Unai eta Nera. Harrituta daude ikasle askok bertan duten jarrera lotsagabearekin (Segura); arratsaldero elkarrekin paseatzen duten bi lagun dira Artetxe eta Amuriza. Azkenaldian bide bazterretan gero eta zereal-barra eta gel energetikoen hondakin eta bilgarri gehiago ikusten dituzte (Durango). Zer gertatuko litzateke gai-jartzaileak biziago, zirikatzaileago, gaiztoago, jolastiago... arituko balira? Txapelketa birpentsatu beharra dagoela dioten ahotsen oihartzuna gero eta handiagoa den honetan, uste dut gaien tonu neutro eta moralistari ihes egitea ez litzatekeela aukera txarra. Pertsonaiak gehixeago marraztu, emozio gatazkatsuren bat aurkeztu, politikoki ez-zuzenak diren pertsonaiak ere gaietara ekarri… Badakigu txapelketetan gai orekatuak eskatzen direla, baina bide honetan bertsolariak onkerian geratzeko arriskua handia da. Dena dela, bertsolariei ere eska dakieke tonu gris eta diskurtsibotik urrundu eta pertsonon zein pertsonaien eguneroko kontraesanei muinagotik heltzea. Txapelketa honetan, batzuetan, kostatzen ari zaigu bertsolariak suelto eta beldurrik gabe kantatzen aditzea.
Zortziko txikian ez dut uste tematiketan asmatu denik. Hainbat gaitan zaila izan da azpian benetan zegoen gatazka identifikatzea, eta identifikatuta ere, ez zetozen gatazka horrekin bat gaian aipatutako elementuak. Esaterako: bikote hasiberria dira Iñaki eta Jon. Iñaki erlezaina da, eta gaur Jon erlauntzera eraman du, bere lana erakustera. Biak erlezain arropa janzten hasi dira, eta Jon dardaraka dago (Durango). Gaiak egoera irrigarri batetik abiatzen direnean, zaila izaten da azpian zer dagoen identifikatzea.
Bakarkako gaiek halako tonu pertsonal-politiko bat zutela iruditu zait batzuetan (komisariatik deitu dizute; prentsaurrekotik erantzun gabe alde egin duzu; ez dakizu argazkia gorde ala zabaldu...) eta pertsonala bakarrik besteetan (giltza-sortatik giltza ateratzen ari zara; zaborretara botatzera joan zara, baina gorde egin duzu; inoiz ez bezalako besarkada eman dizu aitak...). Bigarren hauetan, ni-tik haratago joatea eskatzen diet bertsolariei, zerbait unibertsalagoa eraikitzea (soziala, politikoa, humanoa, kulturala...).
Ez daukat gai-jartzaileen lana eskertu besterik. Entzule gisa, gogoeta honetan bidez sumatu ditudan zailtasunei irtenbideak proposatzea baino ez da izan nire asmoa.
Gaien tematika da gauza bat, formulazioa bestea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu