Galileo Galilei

2015eko uztailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eliseo Gil agurgarria, Galileo Galilei nauzu: «Nihil novum sub sole», adiskidea. Hemen Kosmosetik dena ikusten da, etahotzikara izoztu batek zeharkatzen nau nola zarabiltzaten ikusten dudanean.

Ni ere oso estimatua nintzen, Eliseo. Matematikari, astronomo eta filosofo handitzat nindukaten, baina mundua eguzkiaren inguruan dabilela esatera ausartu nintzelarik, akabo. Biblia Santuaren aurka nengoen. Dogma Santuaren zaintzaileek, teologo eta astronomo txit jakintsuak eurak, lepora salto egin zidaten, eta Ofizio Santuaren atzaparretan jarri ninduten. Nire ideiei uko egin behar nien derrigor.Aldameneko gelan «tormentua ematen» ziharduten norbaiti. Kurrixkek estaltzen zuten tarteka inkisidoreen erretolika. Neu izango nintzen hurrengoa. Eta nola ahaztu Giordano Bruno gizajoari urte batzuk lehenago gertatutakoa. Erromako Campo dei Fiori-ra joaten bazara, Eliseo, han ikusiko duzu haren estatua plazaren erdian. «Hemen erre zuten, mundua unibertsoaren erdia ez dela esateagatik». Neure haragiaren erre-usaina hartzen hasi nintzen, eta amore eman nuen. Zaharra nintzen ordurako eta nekatuta nengoen.Hala ere, ez zidaten barkatu, etxean preso eduki ninduten hil arte.

Ez kexatu, Eliseo maitea. Inkisizio gorriaren garaiak ziren haiek, suak garbitzen zituen iritzi heretikoak, berezkonstatazio zientifikoak baino ez zirenak. Zu behintzat ez zaituzte pikotari lotuta jarriko bidegurutzean bidaztiek txu egin diezazuten, ez zaituzte tormentatu eta erreko Andra Mari Zuriaren Plazan, nahiz eta baten bati gogorik ez falta. Inkisizio zuria da egungoa. UnibertsitatekoKatedratikoak dira dogma santuen zaindariak, eta politikoak eta epaileak Ofizio Santua. Egia esan, ez dakit zein den hobea. Nire garaikoek bezala, hauek dena dakite zalantza izpirik gabe, duela bi mila urteko euskara, latina... eta biblia bertsotan ere bai. Eta ez dute surik behar zu bezalako bat kiskaltzeko. Hedabideak dituzte difamatzeko; eta nahikoa difamatutakoan, zure izena eta existentzia bera ahaztea komeni baldin bada, hedabide berberak erabiliko dituzte zure damnatio memoriae lortzeko.

Zure antzera ikusi nuen Altamiran Marcelino Sanz de Sautuola gizajoa duela 150 urte. Faltsutzailetzat jo zuten hura ere. Tristuraz hil zela esango nuke. Hilda gero onartu zioten aurkikuntza handia. Hilda gero, salda bero. Zurekin ez ahal da horrelakorik gertatuko.

Suerte txarra izan duzu, Eliseo. Denak jarri zaizkizu kontra. Ez bakarrik betikoak, domingotarren kastakoak, baita beste muturrekoak ere, ustez zu sutsuki defendatu beharko zintuztenak.Nola lortu duzu hori? Horregatik bakarrik monumentu bat mereziko zenuke. Eta ikusten dudanean inkisizioko buru izandako anderea kofradia ustez aurrerazale eta egiazale baten buruan, ileak tente jartzen zaizkit. Eta ikustekoa izango da, Eliseo, grafitoak benetakoak direla aldarrikatzen den egunean zer nolako atsekabea hartuko duen zenbait akademiko, intelektual, kazetari eta politiko euskara zale eta aberri zalek. Hamaika ikusteko jaio ginen.

«Eppur si muove» (Hala ere, mugitu egiten da), nik esan omen nuen esaldi horrekin pasatu naiz historiara.«Tremate più voi nel pronunziare questa sentenza che io nell'ascoltarla» (Dardara handiagoa egiten duzue zuek sententzia irakurtzean nik entzutean baino), esan omen zuen Giordanok. Zu ere, Eliseo, joan zeure esaldia pentsatzen. Jende zuriarena igarri dezakezu; gauzak buelta ematen duenean, hurbildu, bizkarrean jo eta irribarre ezin zuriago batez esango dizute: «Esaten nuen nik, Eliseo, esaten nuen nik!». Eta egoera berriari zukua nola atera pentsatzen egongo dira. Haizea hartzera bidal ditzakezu zuzenean, edo antzarrak ferratzera, bestela. Edo eta,harrizko pikotarik ez dagoen arren orain bidegurutzeetan, «Zoaz pikutara!» esan diezaiekezu zu pikotan jarri zaituzten horiei.

Ez etsi, Eliseo. Eutsi! Besarkada bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.