Garaia da: praktikotasunari ekin diezaiogun

2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Bidea, Euskal Herriko subiranotasuna lortzeko proposamena, normalizazio politikoa lortzeko unerik egokienean dator. Bake prozesua, gizartearen mobilizazioa, Europak normaltasunez hartu dituen Katalunia eta Eskoziako prozesu subiranistak... Arrazoi askorengatik da gizartearen borondateak askatasun osoz erabaki dezan unerik egokiena.

Euskal Herria Bildu eta Euskal Herria Baik euskal gizarteari eskaini dioten proiektuaren gizarteratzea benetan itxaropentsua izaten ari da, eta independentistok lanean hasteko proiektua behar genuela baieztatu du. Proiektu zehatza, serioa, egituratua eta dudarik gabe gizartearen iritzia kontuan hartzen duena.

Proiektuaren ezaugarri horiek, bere seriotasunak, bere zehaztasunak, azken finean bere bideragarritasunak, bat baino gehiago urduritu dute: bere burua definitu beharrean egon dira, eta beldur dira. EAJren historia da, bi uren artean igeri egiten eroso dago, bere bi arimei jatera ematen, Ajuria Enetik erregionalismora jolasten eta Forondako landetan «independentziako» hiru oihu botatzen. Baina bere oinarrien nahi politikoarekin %100ean bat datorren proiektu bideragarriari buruzko hausnarketa serioa egin beharrak beldurtu egiten ditu.

Horregatik iraintzen saiatzen da, euskal alderdiek egindako proposamen bat gehiago dela esanez, edo iraultzailea dela leporatuz, ea norbait beldurtzen den.

Demokrazia falta, erabakitzeko ahalmenaren falta erabatekoa den eremuan, proposamen erabat demokratikoa izanik, iraultzailea da. Alde horretatik bai. Eta, era berean, herri honen subiranotasunaren bidean azken 40 urteetan egin den proposamenik pragmatikoena da.

Egia da: ez da ildo honetan egiten den lehen proposamena. Bide honetan lanean ari diren agente politiko, instituzionalak eta gizarteko agenteak asko izan badira.

Euskal Herriak nazio moduan dituen eskubideek adierazpen ezberdinak izan dituzte, Burujabetza Eskubidea eta Eskubide Historikoen bidea barne. Halere, helburua beti bera da: Euskal gizarteak bere identitate nazionalari erantzuten dion egitura politiko-instituzionala eraiki ahal izatea.

Euskal Bideak bere garaian beste proposamenek hasitako bidea burutuko du, besteak beste, Garaikoetxea lehendakariak bultzatuta Eusko Alkartasunaren Liburu Gorrian argitaratutako proposamenaren bidea.

Ez da gutxietsi behar ere, Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamena—Eusko Alkartasunaren Liburu Gorrian ere oinarritu zena— 2004an Eusko Legebiltzarrak onartua eta bidea egin zezakeena. Izan ere, Eusko Alkartasunaren iritziz, subiranotasunaren bidean jada existitzen diren instituzioen potentziala ez da gutxietsi behar.

Euskal Bideak bideragarritasun handiagoa dauka arrazoi askorengatik. Lehenik, aldebakartasuna, hau da, euskal gizartearen borondatearen baitan bakarrik dagoen proiektua dela: Estatutua Eraberritzeko Proposamenak jaso zuen danbakoak ez gaitu geratuko.

Bigarrenik, egituraketa instituzionalaren plan bat baino gehiago da. Erakundeak egituratzeko plangintza ere behar dugun arren. Eta hirugarrenik, EH Bildu eta EH Bairen proiektu politiko batetik sortu da baina gizarteak bere egin eta garatu dezan eskaintza bat da. Subiranotasuneranzko bidea da, helmuga gizartearen esku dago.

Batzuek, bere izaera nazionala aitortzen duen estatuan eroso dauden horiek, euskal gizartearen nazio nortasuna ukatzen dute, eta independentismoa zaharkitua dagoela esaten duten arren, errealitatea bestelakoa da. Europan independentzia prozesuak garatu dira, estatuak sortu dira eta berriki eratu diren beste batzuk normaltasun osoz sartu dira Europar Batasunean. Panorama honetan, Euskal Herria salbuespena da erabakitzeko eskubidearen eskaerak beti ezezko erantzuna lortzen dutelako Madril eta Parisetik.

Euskal Bidea ezezko hori apurtzera dator, erabakia euskal gizartearen esku jartzera. Eusko Alkartasunaren azken helburua euskal Estatu batua erdiestea da. Helburu hori Euskal Bidearen bidez lor daiteke, Euskal Herriarentzat printzipio demokratikoaren berezko adierazpena baita.

Baldintzak badira, proposamena badago eta subiranotasunaren garaia da. Bidea ez da erraza izango, eta denbora beharko dugu, baina bidean gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.