Garaikoetxea terrorista?

2011ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Garaikoetxea Iruñekoa da, «iruinshemea», eta euskara ikasi izana goi mailako gizartean ulertezina da. Horri gehitu behar zaio, noski, aipatu «burdina» susmagarria, indarrean jarraitzen duen «euskal yihad» testuinguruan legegizon iruindarra koka dezagun, hots, ETAk diseinatu eta Txelui talibanak zuzentzen duen Bildu-Binladen sarean ongi uztarturik, eta horren ondorioz, juridikoki, artikulu honen zalantzazko izenburua azaldurik dago.

Edota espainiar auzitegi konstituzionalak dioenez, partidaren emaitza sei eta bortz. Gauza da ia berdinketa den hori, sei eta bortz, onargarria ote den honelako gai garrantzitsua erabakitzekotz. Ez da logikoa, eta are gutiago Hegoaldeko euskaldunok erabaki horren egarriz bizi izatea...

Izan ere, ohartu zara, irakurle maitea, zein antzekoak diren «Bildu» eta «Binladen» hitzak?Hor zerbait izkutatzen da eta Obamak, pistola eskuan eta ibili munduan, finikitatu beharko luke arazoa, espainiar etorbideak estatubatuar ikurrez bete daitezen. Horra hor bertze datu eztabaidezina.

Lehendik aberats, gero ardi beltz, Binladen eta Iruñeko politikaria beti ibili dira elitean. Hemengo abertzaleak elkarrizketa batean aitortu zuen aspaldiko hainbat lagunek ere ez zutela agurtzen, garai batean bere ezkontzarat gonbidaturik joan ziren arren, nafar gizarte faxistan Binladen,barka, lehendakari ohia izatea gaizki ikusirik dagoelakotz. Biziki gaizki.

Agi denez, bere aurkako frogak, hamaika.

Eta «galdu» duten epaileei lagunduko diet. Onartezina den Sarrionaindiaren idazki bat erabiliren baitut, mila urte duen euskaraturiko Mohammed Al-Kaliolerkariaren lan paregabeaz baliatuko bainaiz ene helburu ilunetarakotz.

Bai, irakurlea, bai, Sarrionaindia eta Mohammed Al-Kali. Bildu eta Binladen. Harirat.

Garaiko laztana, ez drauzut errain (Iruñean), ez dautsut erranen (Garazin), ez dizut esango (Leitzarandik haratago) ene lehendakari maitea zarenik. «Gure lehendakari maitia» Jose Antonio Agirre baitzen eta baita. Haatik, espetxeratuko bazintuzte, hurbilenez Australian eratu beharko genukeen Nafarroako Errepublikarako lehen lehendakari gisa proposatuko zintuzket, kargu hura pilota partida batean Elgoibarko «txikito» batekin lehian jardutekotz, jakina.

«Ez dizut erranen goiz usaineko ahotsa duzula», zenbaitetan negargarria suertatu baitzait zein eskuindarra zaren, zein oker, zein begirune gutiz mintzatu zatzaizkien nafar abertzale borrokalariei. Zein urrun kokatu ohi zaren euskal jende xumearengandik!

«Ez dizut erranen basamortuko ibai naroa zarenik», 1975 eta ondorengo garai euritsuenetan gure paisaia gazteen odolez bustirik, jeltzaleen eskutik berriz basamortu bilaka zedin buru-belarri aritu baitzinen. Eta, txarrena, makina bat erreka, oasis zirenak lehortu baitzenituzten.

Nola zen defendatzen zenuten hura? «Lemoiz martxan jarri edo azak jan beharko ditugu». Bai, azak, Harrisburg, Txernobyl, Fukushimako azak...

Ederki ezagutu zenuen «industria berregituraketa» eta gero bizirik geratu zitzaigun ur bakarra ur tanta soila baitzen «Euskalduna» zubian. Gure malko gaziarena. Betikoon odol gorriarena, bazterkeriaren espaloi ertzean isuririk. Ezpondan. Baina beharrezkoa omen zen... Oraindik ez baitzinen ia terrorista.

Honela zioen El País-ek 1984an: «La policía utilizó fuego real de metralleta en el astillero Euskalduna. Un trabajador muere por infarto cuando trataba de protegerse de la fuerza pública». Orduko ertzainak ere hor «lanean», pistola eskuan, justizia egiten, Obamaren gisa. A zer nolako argazkiak! Zein oroimen eskasa dugun...

Bertze «trantsizio» bat posiblea bazen ere, zuek ezinezko bihurtu zenuten. Lasai, badakit inori ez zaiola axola, eguneroko bizitzan, ezkertiarrak, lau katu baikara. Beraz, maitasun bertsoei jarrai diezaiegun.

«Ez dizut erranen gazela begiak dituzula», begirada ederra duzu, nafar izaera peto-petoa islatzen duena, baita irri polita ere, «ez zure ilea arratsaldeko haizea baino leunagoa denik», zu eta biok nahikoa burusoil, Sorauren herrian zioten buruzuri baikara.

«Ez dizut erranen zure gorputzak Eguzki aldeko mendi magalean sosegua duela. Ez baita egia, zure gorputza nahikoa normala da». Dena den, lehen eta orain, ene inguruan entzuna, larrantz onean zaudela ezin ukatu.

Eta, hala ere, zalantzan jarri dute zu hauteskundean izatea. Orain ia terrorista zara. Horregatik, agian, Iruñeko Udaletxe plazan ikusi zaitut, HBko itxura zuen pankarta bati eusten, oraingoan espainiar poliziez inguraturik, ez Ertzaintzak babesturik.

Ongi dakizu ez zarela mugitu. Betikoa zara. Bertzeak mugitu dira, ez zu. Haatik, dominajaso beharrean, jauntto espainiarzaleek neoliberal deitu ez eta iraultzaile bilakatu nahi zaituzte,«traidor vasco de mierda»ez ezik, ia terrorista ere izendatu zaituzte.

Zer senditzen da? Gogorra? Zer uste zenuen, ba?

Ongi etorri «club» honetarat. Bertze batzuok hor bizi gara jaio ginenetik, izu petralean, gure senideek 1936koa galdu zutelakotz. Ez pentsa, ez da hain toki txarra. Alderdi politikoak, ohorezko gizartea eta telebistetatik kanpo gaude, bai, baina zuen alderdi politikoak, gizartea eta telebistak nazkagarriak direnez, alde ona badu.

Euskal zibilizazioaren bukaeraren lekuko konszienteak gara.

Amodioa deitzen da erabili dudan olerkia, eta honela du amaiera: «Baina zurekin ez nagoenean maleriaz gaisotzen naiz». Ados.

Orain ia terrorista zara. Aholku bat? Eutsi zurean.

Hau tipia da, eta ezker abertzale bozkatu ohi duten hainbatezagunek oraingoan abstenituko direla erran didate. Zu bezalakoekin ez dutelakotz harremanik nahi.

Urtetan, mikrofonoen aitzinean, gehien aipatu ohi duzun hitza «convicciones» izan da. Bat gatoz.

Eta ene ziegarat bortxaz sartzen bazaituzte, zure torturen zauriak muxukatuko ditut.

Orain ez zaitut, 1980an bezala, berriz ere galdu nahi, gelditzen zaigun apurrean maitatu baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.