Gaurko munduaren ezaugarriak

2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Lehenago ere aipatu izan dugu hemen Luc Ferry pentsalari frantziarra. Ferry intelektual ezaguna da Frantzian. Besteak beste, «68ko pentsaera» delakoaren kontrako manifestu filosofikoa idatzi zuen 80ko hamarkadan. Hezkuntza ministroa ere izan zen 2002 eta 2004 artean, Chirac presidente zela.

Zein izan dira XX. mendearen berezitasunak? Zer-nolakoak dira orainaldia markatzen duten joerak? Hiperkontsumoaren gizarte honetan, zein dira gorde beharreko baloreak? Galdera horiei erantzun nahi izan die Luc Ferryk bere azken saiakeran, La révolution de l´amour (Maitasunaren iraultza) deritzan liburuan (Plon, Paris, 2010).Haren iritzian hiru dira gaurko munduaren ezaugarri nagusiak, Europan gutxienez.

Balore tradizionalen «dekonstrukzioa» da lehen bereizgarria. Ehunka urtetan baino aldaketa sakonagoa gertatu da urte gutxiren buruan, bai arteari, bai moralari, bai emakumeen egoerari, bai homosexualei zein baserritarrei eta eskolari dagokionez. Itxura batean, «bohemio biziera» izan da lehengo tradizioak bazter utzi dituen eragilea. 1830etik hona, abentura horren xehetasunak azaltzen dizkigu egileak.

Horrela uste izan du askok. Baina errealitatea —L. Ferryk dioenez— oso bestelakoa da: oraintsuko historiaren egiazko motorra ez da bohemia izan, kapitalismoa baizik. Hots, «mundializazioa» izan da gizartea aldatu duen indarra. Galtzadarrien azpian —dio frantses intelektualak— ez zegoen hondartzarik, globalizazio baizik(«Sous les pavés, il n´y avait pas la plage, mais la globalisation»). Atsegin bazaigu edo ez bazaigu, globalizazio liberalak irabazi du.Beharrezkoa zen, horretarako, balore tradizionalak deseraikitzea kontsumoaren ekonomian sartu ahal izateko.

Maitasunaren erlijio laikoaren etorrera da hirugarren ezaugarria. Maitasunezko ezkontzan oinarrituriko familia modernoaren eraginez, «sakratuaren» irudi berri baten aurrean gaude: gizatasunean hezurmamituko sakratutasunaren aurrean. «Sakratu» hitzak ez du zentzu erlijiosoa hemen, humanista baizik (lagun hurkoarengatik «sakrifikatzeko» prest gaude). Esfera pribatua nagusitu zaio politikari; familia, bizitza publikoari. Gaurko Europan inork ez du Jainkoarengatik, aberriarengatik, iraultzarengatik hil nahi, fanatiko hutsa ez bada behintzat. Maite ditugunengatik, berriz, edozer gauza egiteko prest gaude. Filosofo frantziarraren iritzian, espiritualtasun laiko berria ari da sortzen.

XX. mendeak eragin korrosiboa izan du: idealik sakratuenak desegin ditu. Mendebaldeko arrazionaltasunak baloreen sekularizazio sakona ekarri du. Nietzsche filosofian, Schönberg musikan, Picasso pinturan, Joyce literaturan…Garai bateko tabu asko eta asko gainbehera etorri eta hautsi egin dira. Kontrakultura horrek —Luc Ferryren esanetan— bi ondorio izan ditu: globalizazio liberalaren etorrera eta bizitza pribatuaren sakralizazioa. Bitxia badirudi ere, abangoardiek erraztu egin dute bidea.

Nola berreraiki beharko genuke geure gizartea? Zein baloreren gainean? Luc Ferryk dioenez, bizitza pribatua da gakoa. Egunetik egunera protagonismo handiagoa du. Baina horrek ez du esan nahi mundu mailako arazoei uko egin behar zaienik, ezta geure baitan itxi behar dugunik ere. Aitzitik, humanismoa bere adin nagusitasunera iritsi den seinale da hori. Ez da, inola ere, egozentrismora itzultzea, ezta bakarrik bizitzea ere.

Gaur arte, «antzinakoen askatasuna» gailendu da: «Dena zen politika». Orain, «modernoen askatasuna» nagusitu da, maitasunean oinarritutako familia modernoa. Familia gero eta garrantzitsuagoa bihurtu da. Askok kritikatu izan du instituzio familiarra, baina, egiaz, familiaren baloreak inoiz ez dira gaur bezain errotuak egon. Horren erakusgarri da seme-alabak 30 urte arte geratzen direla gurasoen etxean. Ezbeharren baten kasuan, familiaren altzoan aurkitu ohi ditugu egiazko elkartasuna eta babesa. Funtsean, maitasunak ematen dio zentzua gure bizitzari (Justiziaren eta amaren artean, ama hautatu zuen Albert Camusek).

Kontserbadoreek diotenez, familia gaizki doa dibortzio asko dagoelako. Baina maitasunean eta aukera librean oinarritua dagoen seinale da hori. 1960. hamarkadaz gero, maitasunean oinarritu da bikotea. Jakina, maitasun sentimenduan oinarritzeak, gauza ahul eta aldakor baten gainean eraikitzea esan nahi du. Hortik hainbeste dibortzio. Familia homoparentala ere maitasunezko ezkontzaren logikan sartzen da (gaur egun gero eta haur gehiago dira bikote homosexualekin bizi direnak). Oraindik ez gara konturatu iraultza isil honen tamainaz eta sakoneraz.

Merkatuaren logika nagusitu bada ere, balore transzendentalak ez dira desagertu. Luc Ferryk transzendentziara irekitako humanismoa aldarrikatzen du, «immanentziaren transzendentzia», alegia. Beraren ustez, etika laikoa ez da nahikoa, beharrezkoa da espiritualtasuna, «modernoen jakituria», zentzuaren bilaketa. Zientzia positiboei ez omen dagokie azken galderei erantzutea. Etika laikoek —dio Ferryk— ez diote gaurko gizakien esperientzien osotasunari erantzuten. Norbere buruarekiko eta gure esperientziekiko auzi asko diskurtso moraletik kanpo daude. Azken arazoekiko, giza destinoarekiko eta bizitzaren zentzuarekiko kezkak iraun egiten du.

Eguneroko gertaeren zurrunbiloan ez galtzeko, beharrezkoa da munduko joera orokorren berri jakitea.Nahitaezkoa da gaurko kulturaren bereizgarriak ezagutzea. Horregatik, zinez gomendagarria da Luc Ferryren La révolution de l´amour lan mardula. Nahiko erraz irakurtzen den liburu atsegina da, gainera. Zeuk esango duzu, irakurle, bat zatozen ala ez haren tesiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.