GKS Gazte Koordinadora Sozialistako kidea

Gaztetxeak, antolakuntzaren aterpe

Marina Basurko
2025eko maiatzaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabeteak ez dira errazak izan Euskal Herriko gaztetxeentzat. Burlatan, gaztetxearen eraiste mehatxuaren aurrean defendatzeko deia luzatu behar izan zuen. Bide beretik, epaiketa eguna iritsi zitzaien Durangoko Kaletik Gaztetxera dinamikan parte hartzen duten lau kideri. Bilbon Errekalde auzoko Etxarri II desalojatu zuten, interbentzio polizialak bost atxilotu eta hamarnaka zauritu utzita. Zornotzako Matrailu eta Igorreko Kiñu husteko arriskuan daude gaur-gaurkoz. Horiek soilik adibide bakar batzuk dira, askoz zabalagoa da eraso eta errepresio kasuen zerrenda. Testuinguru honetan, milaka izan gara gaztetxeen defentsan kalera atera garenok. 

Garai ilunak datoz. Europako herrialde guztietan estatuen gaitasun militarrak handitzeko planak martxan dira, eta lasai esaten digute gazteoi gerrarako prestatu behar dugula. Bitartean, murrizketak, kaleratzeak, lan baldintzen okertzea, bizi bitartekoen garestitzea, eskubideen galera... Ez da itxaropentsua gazte langileon etorkizuna, eta deskontentuak, despolitizazio garaian, bide ematen dio ultraeskuineratze prozesu azkar bati. Hala, joera honek urrunekoa eman badezake ere, argi izan behar dugu gurean ere ate joka dugula. 

Horregatik, ez dugu ideia horiek gazteon artean normalizatu daitezen eta indarra har dezaten utziko. Bazterketa sustatu eta zapalkuntza betikotzen duten ideien aurrean, ideia askatzaile eta emantzipatzaileak zabaldu behar ditugu, kapitalismoaren aurkakoak eta klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten aldekoak. Gazteon artean borroka oinarri duen kultura politikoa berrosatu eta antolakuntzara batzeko espazioak behar ditugu. Horretan, garrantzi handia dute gaztetxeek, gazteon antolakuntza eta politizaziorako oinarrizko espazioak baitira. 

Iruditzen zait, norabide horretan, Euskal Herrian zehar gazte asanbladetan antolatuta dauden ehunka gazteren lana eta perspektiba balioan jarri beharko genituzkeela. Asko baitira kapitalismoaren aurkako jarrera irmoz lanean dihardutenak. Instituzio kapitalistetatik at modu autogestionatuan antolatzeko hautua egin dutenak: erreakzioa indarra hartzen ari den momentuan, hain beharrezkoak diren zapalkuntza eta erasorik gabeko guneak babesteko konpromisoa hartu dutenak. 

Bide beretik, gaztetxeak askotariko ekimenen bilgune dira, estilo propioz tokiko berezitasun eta beharrei erantzuten dietenak. Kontzientzia politikoa pizteko ekimenak antolatzen dira, lekuan lekuko problematika desberdinei erantzuteko borrokak abiatzen dira, errealitatearen irakurketa kritikoa sustatzeko hitzaldiak egiten dira… Horrez gain, askok agenda kultural zein aisialdi eskaintza zabala dute. Sortzen ari dira, bestalde, gaztetxea aterpe duten talde desberdinak: irakurle taldeak, kirol taldeak, musika kolektiboak… Baita gaztetxe desberdinen arteko harremanean sakontzen duten zirkuituak ere, Gaztetxeak Bertsotan ekimena kasurako. Ez dugu ameskerietan erori behar, baina bada ekiteko gogoa. 

Gaztetxeen aurkako erasoaldi honek argi utzi du, berriro ere, politikari profesionalek eta enpresariek ez digutela ezer oparituko. Kriminalizazio eta gutxiespen saiakeren gainetik, argi izan behar dugu lortzen dugun guztia guk geuk egindako borrokaren emaitza dela. Hemendik, elkartasuna erasoak jasan dituzten espazioetan lanean ari diren kide guztiei. 

Gaztetxeak, iraganeko kontu izatetik urrun, potentzial sozial eta politiko handiko espazioak dira. Izan daitezela gertakari hauek gaztetxe eta gazte asanbladen arteko harremanak sendotu eta gazte askoz gehiagoren elkargune izateko motor. Hala zioten Etxarriko kideek desalojoaren aurka egin zuten manifestazioaren amaierako ekitaldian: «Balio dezatela egun hauek Euskal Herriko Gaztetxeen eta bestelako gune okupatuen aldeko borrokak pizteko. Balio dezatela egun hauek zapalduon memorian borroka kolektibo hau gorde eta etorkizuneko borrokak elikatzeko». 

Astebeteko tartean, Gernikako gaztetxeak gorputza eman zien hitz horiei. Ongi etorriak izango dira aurrerantzean datozenak ere!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.