Marc Hauser, Harvard unibertsitateko irakaslea, psikologo eboluzionista ezaguna da. Haren Gogo basatiak liburua euskaraz irakur dezakegu dagoeneko. «Animaliek buruan benetan zer duten» aztertu zuen bertan. Geroago, Gogo moralak eman du argitara. Naturak gure baitan nola garatu duen ongiaren eta gaizkiaren zentzua azaltzen digu hor.
Zein da gure iritzi etiko eta moralen jatorria? Hauserren erantzuna oso argia da: gizakiok eboluzioaren bitartez garatu dugu geure sen morala. Gure baitan era naturalean sortu da moralki zuzena edo okerra zer den esaten digun ahalmena. Makinaria horren zati nagusia hautespen naturalaren esku itsuak diseinatu du. Horra hor neuropsikologo gehienen iritzia: burmuinean txertatua daukagu moraltasuna (J. Q. Wilson, M. S. Gazzaniga, Frans de Waal…).
Hain zuzen, beste sen batek—hizkuntzaren senak— bistaratu digu ideia hori. Jakina denez, hizkuntzalaritzan iraultza eragin zuen Noam Chomskyk 1950eko hamarkadan, Steven Pinkerrek bere Hizkuntzaren sena ezagunean ongi adierazi duen bezala. Hizkuntzaren gaitasuna berezkoa den bezala, moraltasuna ere sortzezkoa dela dio Hauserrek. Antzekotasuna dago, hortaz, bien artean: hizkuntzaren genea dagoen bezala, badago moralaren genea ere.
Hizkuntza guztiak gramatika unibertsal baten gainean eraiki dira. Era berean —dio Hauserrek—, gure judizio moralen azpian bada ezkutuko gramatika unibertsal bat. Jaiotzez guztiok dugu gramatika moral inkontziente bat, sistema moral konkretuak eraikitzen laguntzen diguna. Hainbat arau moral abstrakturekin jaiotzen gara (hiltzea, lapurtzea, engainatzea gaizki dago), eta beste batzuk ikasteko jarrerarekin (hizkuntzak ikasteko gaitasunarekin jaiotzen garen modu berean). Natura ote da, hortaz, moralaren jatorria?
Etikak naturan duela etorkia adierazi zuen Rousseau filosofoak XVIII. mendean. Moralaren printzipioek gure bihotzetik, gure sentimenduetatik, hitz egiten digutela esaten zuen. Berez eta naturalki ernetzen direla zioen. Lege morala gutariko bakoitzarengan barrendua dagoela adierazi zuen Kantek ere. Izatez gara izaki moralak. Naturak eman digu ongia eta gaizkia bereizteko ahalmena. Printzipio etikoak naturan oinarritzen direla esan nahi al digu horrek?
Euskaratu berria den Gene berekoia liburuan Richard Dawkins britainiar biologo eta ateo polemikoak dioenez, moraltasuna ez dago eboluzioan oinarritzerik. Geneak ez dira arau moralen sorburu. Burmuinak ez du giza portaera determinatzen. Giza espeziea apartekoa da horretan: «kultura» da gizakiaren ohiz kanpoko ezaugarri nagusia. Garbi dago bulkada biologikoak ezin direla guztiz ezabatu. Baina, haien izaera ulertzen badugu, alderdi negatiboak positibo bihurtzen saia gaitezke.
Hona hemen Dawkinsen hitzak: «Gizakiek guztien onaren alde eskuzabaltasunez eta egoismorik gabe elkarlana egingo duten gizartea itxuratu nahi bada, ez dezakegu naturatik laguntza handirik espero. Eskuzabaltasuna eta altruismoa erakutsi beharra daukagu sortzez baikara egoistak. Gure geneetan zer dagoen ulertu behar dugu haien diseinua aldatzeko aukera izan dezagun gutxienez, inongo espeziek egitea amestu ez duen gauza».
Dawkinsen liburuaren mezu nagusietako bat da darwinismoak ez duela izan behar gure baloreen sorburu: «Gure gene berekoien aurka jaikitzeko gaitasuna emateraino eboluzionatu dute gure garunek. Eta hori egiteko gai garela garbi uzten du antisorgailuen erabilerak». Herentzia genetikoaren bidez jasotako ezaugarriak ez dira «finkoak eta aldaezinak». Ez gaude haiek obeditzera behartuta. Badugu sortzetiko programazio etiko bat, baina etikak eboluzionatu egin du denbora historikoan; aldatu ez ezik, hobera ere egin du (giza eskubideen aldarrikapen unibertsala da horren adierazle).
Gure geneek sortutako animaliak gara. Baina kulturak ere egin gaitu. Animalia kulturalak garelako, egin dugu moralki aurrera, hain zuzen. Gizakia, izaki naturala den aldetik, naturako legeen azpian dago (naturan ez da askatasunik existitzen, zoria eta halabeharra baizik). Baina izaki arrazionala den aldetik, askatasunaren mendeko da. Genetikak baldintzatzen gaituen arren, badugu erabakitzeko ahalmena: arau moral bat edo bestea proposa diezaiokegu geure buruari. Determinismo biologiko guztien gainetik, gizakien autonomia baitago. Horregatik zioen Kantek bi erresumatako herritarrak garela.
David Hume filosofo enpiristak bereizketa argia egin zuen gertaeren eta arauen artean. Baloreak eta egitateak mota ezberdineko elementuak direla nabarmendu zuen. Humek zioen ezin dela gertaeretatik arau moralik eratorri. Arrazoi zuen Humek neurri batean. Jar dezagun adibide bat: kultura gehienetan emakumeek denbora gehiago ematen dute umeak zaintzen. Gertaera horretatik, ordea, ez daiteke ondoriozta emakumeek arduratu behar dutenik haurren zaintzaz, gizonek telebista aurrean garagardoa edaten duten bitartean. Gaur egun pentsaezina da esklabotasuna berrezartzea edota emakumeei botoa kentzea. Guk geuk erabakitzen dugu —guztien arteko eztabaida eta deliberazio bidez— zein arauk gidatu behar duen gure portaera.
Iraultza bioteknologikoak onura handiak ez ezik, arrisku nabariak dakartza berekin. Non dago biotekniken muga? Gurasoei beren umeen sexua aukeratzen utzi behar al zaie? Zilegi al da giza klonazioa? Zientzialarien komunitatean ez dago erabateko adostasunik. Zilegi dirudi genetikoki eraldatutako zelula amak garatzea gaitzei aurre egiteko. Baina giza «izaera» nahita eraldatzea justifikagarria al da? Bizitzari eta heriotzari buruzko erabakiak hartu beharko ditugu gizakiok.
Saiakera egilea. Jon Sudupe
Gene morala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu