Gerra aurreko isilaldia

2017ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Isilik dago Bartzelona. 16 hildako eragin zituen Daesh-en atentatuak hiria harridura zein beldur egoera baten murgildu du. Azkeneko aste honetan, bartzelonatarren animoak eta bizipoza desberdinak izan dira. Rambletan gertatutakoa sinistu ezinda agian, jota beharbada, apur bat beldurtuta ere bai, hiri honen arima mediterraneo, ireki eta alaia gaixotu egin zaigu atentatuaz geroztik. Autobusetan, merkatuetan, turistez josita ez dauden auzoetako kaleetan algara gutxi entzuten da. Turisten zonetan bai, hor bai, hor ez da aldaketarik sumatzen, eta jende andana etengabea da Passeig de Gracian gora eta behera. Baina benetako Bartzelona, betikoa, hemen urtero bizi dena, jota geratu da. Bartzelonarrek batasuna eta elkartasuna behar dituzte monentu hauetan. Erasoak izateko arriskuak gizataldeak biltzen eta trinkotzen dituen bezalaxe, bizilaguna sentitzeko irrika dute bartzelonarrek. No tinc por manifestazioaren helburua horixe izan da, hain zuzen: jendea biltzea, elkar ikustea, elkar indartzea eta elkar sostengatzea. Bartzelonak normaltasuna berreskuratuko du halabeharrez, baina oso zauri sakona utziko du atentatu honek hiriaren ariman.

Ezertan eragingo ote dio atentatuak Kataluniak martxan duen prozesu politikoari? Alde biek komeni zaien irakurketa egiten dute. Baiezkoaren aldekoek Kataluniak estatu mailako erantzuna eman omen duela argudiatzen dute, eta, beraz, estatu izateko duen ahalmenaren beste adibide bat ikusi dugula diote. Aurkakoek, aldiz, kanpotik datozen arrisku eta mehatxuei aurre egiteko batasunaren kontzeptua azpimarratzen dute. Egia da, Espainiako zein Kataluniako gobernuek atentatuaren hurrengo ordu eta egunetan erronka zaila zeukatela. Denok gogoratuko dugu Aznarren eta Acebesen Madrilgo atentatuen kudeaketa komunikatiboak zein eragin politikoak izan zituen, eta zentzu horretan, Kataluniako zein Espainiako gobernuek ez dituzte gauzak gaizki egin oraingoan. Kataluniako gobernuak ezin hobeki kudeatu ditu hedabideak eta ezin hobeki konpondu zuen atxiloketaren arazo poliziala. Rajoyk eta Felipe VI.a erregeak, behar zenean agertu ziren Bartzelonan eta behar zena esan zuten. Besterik ez. Beraz, irabazlerik ez da egon, baina ezta kaltetu nabarmenik ere.

Elkarlana eta batasuna bukatu dira ordea. Gerra demokratikoa manifestaldia bukatu eta ordu gutxitara hasiko da. Espainiak bere estatu ahalmen politiko eta legal guztiak aktibatuko ditu erreferenduma ekiditeko edo erreferendumaren deitzaile zein prestatzaile zein antolatzaileak giltzapean jartzeko. Autonomiaren suspentsioa salbu, legediak ematen dion ahalmen guztiak erabiliko ditu Rajoyk. Eskumenen berreskuratzea barne. Bere helburua garbia da: erreferendumaren ilegalitateaz baliatuz, parte hartzea gutxitzea eta nazioartean balizko zilegitasuna ukatzea. Bi aldeek ondo dakite %50 baino parte hartze altuagoak erreferendumari zilegitasuna ematen diola nazioartean. Ondorioz, urriaren 1ean ahalik eta boto emaile gutxien bozkatzera joatea da Rajoyren estrategiaren ardatza: ilegalitatea azpimarratuz, desobedientzia instituzionala probokatuz eta erreferendumaren arrakastan zerikusia izan dezaketen pertsonen (funtzionarioak, eskola zuzendariak eta segurtasun erakundeak, besteak beste) inplikazioa ekidinez. Logika horretan interpretatu beharko ditugu irailean ikusiko ditugun inhabilitazioak, lege suspentsioak, eskumen berreskuratzeak, deklarazio politikoak, mehatxuak, eta abar.

Baiezkoaren aldekoek, bestalde, bi erronka nagusi dituzte epe motzean. Lehendabizikoa, erreferendum arrakastatsua lortzea. Aitatua izan den bezala, parte hartzea da gakoa, eta baiezkoaren aldekoek jakin badakite azaroak 9ko kontsulta egunean edo azken hauteskunde autonomikoetan JxSi-k eta CUPek lortutako emaitzak kontuan hartuta, ez direla nahikoa gizartearen erdira heltzeko. Beraz, Podem eta Comun mugimendu politikoen erabakiaren baitan dago neurri handi batean prozesuaren etorkizuna. Eta bigarren erronka handia emaitzaren kudeaketa izango da. Baiezkoak irabaziz gero, eta Espainiaren ukazioa irmoa izango dela jakinik, erronka da nazioartean aktore esanguratsuren baten inplikazioa ahalbidetuko duen protesta dinamika zibila artikulatzea. Ukrainak Maidanen egin zuen bezalaxe, adibidez. Bozkatzearekin, eta erreferenduma irabaztearekin ez da nahikoa izango. Nazioarteko onarpena edo, agian, Espainiako Gobernuari presio egingo dion aktore baten laguntza lortuko duen jende andana jarri beharko du Kataluniak kalean egunez egun, aldarrikapen demokratiko bat eginez eta egindako erreferendum demokratikoaren emaitza erabiliz.

Zelai jokoa garbia da, baita Espainiak egingo duena ere. Kataluniak prozesu guzti honetan etxeko lanak ongi egin ote dituen dago jakiteke; nazioartean zelan mugitu den eta desobedientzia dinamika bati eusteko indarra eta kontzientziazioa lortu ote dituen, besteak beste. Dena dago ikustek, baina gauza bat dut garbi: Bukaera edozein dela ere, herri honek adibide izan behar luke egin duena egiteagatik. Eta Artur Masek maiz dioen bezalaxe, «plater bat hautsi gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.