Askotan esan dut, eta errepikatu egingo dut, besterik gabe. ETAk borroka armatua utz dezan nire arrazoi nagusiak ez dira inondik inora sistema politikoa demokratikoa delako; ezta ere elkarrizketa eta kontsentsua direlako arazoak konpontzeko modu bakarra —borrokarik gabe, gu beti galtzaile—.
Nire arrazoiak beste motatakoak dira: hartzen dugun aldetik hartzen dugula, borroka armatuak, sufrimendua luzatzeaz gain, gero eta eragin negatiboagoak dituelako gurean: gatazkatik —politikotik, jakina— irteteko behar den indar metaketa trabatzen du; leku gehiegi betetzen du gure zereginetan; ia-ia gure indar intelektual eta politiko guztiak xahutzen ditu; dogmakeria eta setakeria ernarazten du oskol-kultura bat elikatuz, eta erdietsi nahi ditugun helburu politikoak usteltzen ditu okerreko bitartekoen bidez... Eta batez ere, euskal ezkerra berrantolatzeko eta estrategia berriak asmatzeko oztopo nagusia bihurtu delako. Hots, ETAk bere kabuz utziko balu borroka armatua, ezker abertzalearen eskuetan utziz bere mundua osatzen duen unibertsoaren berrantolaketa, izugarrizko mesedea egingo liguke.
Azkenean etorri da ETAren agiria. Ez nik nahiko nukeen bezain modu zehatz eta erabatekoan, baina, 8ko manifestazioaren leloarekin bat eginik, urrats garrantzitsu bat egin da. Izan ere, inoiz ez da beranduegi estrategiaz aldatzeko, eta, alde horretatik, ongietorria da ETAren erabakia.
Baina ikas dezagun erruetatik —bakoitzak bereetatik, lehendabizi—; eta oraingo hau izan dadila behin betikoa eta aurrerantzean ez dadila gerta, berriro, ezusteko txarrik. Hau da, aurrean izango diren oztopoak duela hamar urtekoak baino askoz gogorragoak izango baitira gainditzeko. Presoen arazoa konpontzeko edo Alderdien Legeak ezarritakoak gainditzeko, adibidez. Ezker abertzaleak inoiz baino pazientzia eta irmotasun gehiago erakutsi beharko du hautu berriari eutsi ahal izateko. Eta ETAk, zer esanik ez!
Izango da beta alperrik galdutako Lizarra-Garazitik honako hamar urteetako balantzea egiteko, eta oro har Trantsiziotik honako borroka armatuarena ere.
Dena den, arlo politikoan bake nahiak bidea egiten ari den bitartez, sozial arloan gerrarenak geroz eta nabarmenagoak dira. Hots, kapitalak eta beren erakunde eta instituzioek gobernu morroien laguntzaz klase-gerra gordina deklaratu diote langileriari eta herritar orori. Eta gerra horretan gero eta latzago joko du. Kontroladoreen aferarekin egin duena adibide bat besterik ez da. Kontroladoreen akatsak akats, greba hori gobernuari baliagarri izan zaio aginte erakustaldia egiteko eta militarrak erabiltzea beharrezkoa badu, egingo duela ere. «Estatuari pultsua botatzen dionak badaki galdu egingo duela» —Rubalcaba dixit—. Horrelakoak dira gure agintariak: beraiek baino ahulagoekin, harro eta gupidagabe; nagusi eta jabeen aurrean, zakurra bezain apal eta leialenak.
Zorionez, urtarrilaren 27an, Euskal Herrian, berriro, greba orokorra izango dugu pentsioen erreformaren aurka. Zenbaterainoko eta zer nolako eragina izango duen gizartean, kontuan izanik nortzuk eta nola konbokatua den, beste kupeleko sagardoa dugu. Askotan esan dut greba orokorra (bere mugak kontuan izanik) dugula tresnarik eraginkorrenetakoa krisiari aurre egiteko. Baldin eta indar metaketa ahalik eta zabalena egiten bada, ekintza isolatu bat bezala ez bada ulertzen. Eta, egin ondoren, sindikatuak neguko kasernetara edo betiko martxara itzultzen ez badira. Eta zoritxarrez, egin diren greba orokor guztiek, arrazoi bat edo bestearengatik, ez dute baldintza hori bete.
Horrez gainera, gurean egitea ez dela aski. «Gure beharra ere bada, langile gisa eta nazio gisa, Madrileko eta Bartzelonako, Sevillako eta Parisko, Marsellako eta Baionako langileekin batera jotzea kapitalismoaren aurka eta askatasunaren alde. Sindikal jokabide salduak kritikatuz, estatuen mailan eta Europa mailan borroka-elkartasun esperientziak egitea garrantzitsua da». Antzeko zerbait idatzi nuen irailaren 27rako, eta iritzi berarekin jarraitzen dut. Beste baterako utziko dut zatiketa sindikalaren nondik norakoak aztertzea, baina garbi esan nahi dut: gobernuek —Madrilgoak eta bertakoak— eta patronalek duten jarrerari gogor eta batuta erantzuten ez badiegu, jaidugu!
Krisiak, gorabeherak gorabehera, luze joko du; eta konpontzen bada, planetaren lurralde eta zoko guztietan ematen ari den indar harremanen lehiak erabakiko du norabidea. Beraz, ez gara onik aterako krisi egoeratik gizakia eta natura muturreko egoera batera eraman duen sistema hori pikutara bidaltzen ez badugu, eta aldi berean beste gizarte mota bat sortzeko pausu sendoak ematen ez baditugu, bai Euskal Herrian zein munduan. Eta horretarako estrategia bat gauzatu behar du bai ezker sozialak zein ezker politikoak. Gerta zer gerta, estrategia garbi eta gupidagabea darama aurrera Kapitalak. Guk geurea gauzatzeko gai izan behar dugu.
Irmotasuna erausteko.
Gerraz eta bakeaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu