Hala aitortu digu, behintzat, berriki bertako kristau talde batek. Harritzekoa ere ezin izan, bertako gotzainaren hainbat bat-bateko adierazpen entzun eta irakurri ondoren. Gaixorik dagoen gizartea erakutsi omen genuen 2015eko abenduaren 20an botoa eman genuenok, parlamentuan ariko diren alderdiak ugaritu egin direla eta, antza denez. Ez zuen bere epaia osatzeko erabili zituen irizpideen berririk adierazi. Izan ere, ez ditu eta, agian. Soldaduak bidali behar omen dira Siriara gogor borrokatzera, esan zuen irrati batean joan zen azaroko hamaseiko emanaldian; borrokarako deia egiten bakezalea omen den Elizaren ordezkari kualifikatu bat. Nekeak ditu, egungo egunean, fededun izateak, irakurri eta entzundakoak entzun ondoren. Ezin harrituko gara, beraz, Gipuzkoako eliztarrak kezkaz beterik ikusita. Ez da samurra izango, noski, publikoki horrelakoak esaten dituena zure gidari dela aitortu beharra.
Eutsi Berrituz osatzen duten Gipuzkoako kristauek salatzen dutenez, Munilla gotzainak ez du aniztasunik onartu nahi berak gidatzen duen Eliza horretan. Izan ere, gaixotasunaren sintoma da aniztasunarena. Bai, behintzat, Espainiako Parlamentuko aniztasunarena. Nola ulertu, bestela, hain ospetsu egin ziren gotzain honen adierazpen ezagun horiek? Aniztasuna ez da, beraz, bere Elizako gizartean komenigarria den ezaugarria. Horregatik, tinko eta bide zehatzetik eraman nahi du bere artaldea artzain honek. Ebanjelioa berak ulertzen duen moduan bakarrik uler daiteke; ez dago salbuespenik.
Siriako gatazka aztertzen zuen emanaldi hartan, gainera, militarzale agertu zen goitik bera. «Manu militari» konpondu behar dira hango gorabeherak. Eta, zergatik ez etxe barrukoak? Ikuspegi horretatik letorkioke gotzain honi, agian, Gipuzkoako Eliza bide estutik gidatu nahia, gidatu beharra. Berak eta bera bezalako lankide estuenek markatutako bide ondo zehaztutakotik. Oker dabiltza, bistan denez, Eutsi Berrituz taldeko kristau-kideak aniztasunaren bila, gotzainak markatutako bide hori zabaldu nahian, gaixotasunaren adierazle litzateke eta hori gotzain honen buru argiaren arabera.
Orain berriki 100 urte bete dituen beste gotzain euskaldun baten hitzak ekarri nahi ditut hona, gogoetatxo hau amaitzerakoan. Urkiolako santutegiaren apaiz-etxean bizi den Bittor Garaigordobilek 1964ko irailean Vatikanoko II Kontzilioan aurkeztu zuen idazki batetik jasoak dira: «Gotzainak bakarrik bere begiez edo bere inguruko gutxi batzuen begiez ikusten badu, gerta liteke bere elizbarrutiko arazoen ikuspegi oso eta objektiborik ez izatea eta, batzuetan, gainera, delako ikuskera hori lar interesatua izatea. Gotzainaren inguruan ke-gortinak ere zabaldu daitezke, parrokietako eta elizbarrutiko arazoen nondik norakoak ezkutatzeko. Errealitate zehatzekin zerikusirik ez duten egoera artifizialak ere aurkeztu dakizkieke gotzainari». Orain berrogei eta hamar urte pasatxo idatzitako hitzak dira. Bere mugen berri ondotxo zekien, inondik ere, Garaigordobil gotzainak. Giza talde zabalak nahi zituen hark bere inguruan, zegokion elizbarrutia bide egokitik gidatu ahal izateko. Eta hala jakinarazi zien Kontzilio hartan bildutakobeste bi milatik gora gotzainei. Ez ote lioke on egingo Jose Ignazio buruargiari aholku hori kontuan hartzeak? Nik baietz uste. Baita Eutsi Berrituz taldeko kristau gehienek ere, nire aburuz, ezagutzera eman berria duten txostena irakurri ondoren.
Espirituak argituko ote dio Salamancak argitu ez diona?
Gipuzkoa, adorerik gabeko elizbarrutia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu