Giza eskubideen urraketarik isilduena

Beatriz Azpiri Bilboko Emakumeen Asanblada
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
NBEko Asanblada Orokorrak azaroaren 25a Emakumeen kontrako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Eguna izendatu zuen 1999ko abenduaren 17an, 54/134 ebazpenean. Matxismoak mundu zabalean emakumeak menperatzeko erabiltzen duen tresna da emakumeen kontrako indarkeria. Eta indarkeria hori hain da handia NBEk historian izan den Giza Eskubideen urratzerik zabalduen eta isilduentzat jotzen duela.

Munduan, egunero, milaka emakume erailtzen dituzte; bortxaketa, mutilazioa eta tratu txarrak jasaten dituzte, edota janaria, osasuna eta heziketarako eskubidea ukatzen zaie. Era globalean zein lokalean, emakumeen giza eskubideen urraketa zabalduena da.

Emakumeen kontrako indarkeria leku guztietan erabiltzen den tresna da, eta gurean ere eragiten ditu injustiziak eta hildakoak. Estatistikek errealitatea islatu ez arren, adierazgarria izan daiteke aurten, Euskal Herrian, indarkeria sexista dela eta, bost emakume hil izana. Estatuan, 60 inguru-kopurua egunez egun hazten da- eta, 2000 eta 2009 artean, ICRS Indarkeria Aztertzeko Unibertsitate Institutuaren arabera, 629 izan ziren eraildako emakumeak. Hala ere, indarkeria horrek ez dauka, ez agenda politikoetan, ezta herritarren kezken artean, beste indarkeria batzuek daukaten lehentasuna. Beste indarkeria batzuk baino zabalduagoa eta odoltsuagoa izan arren.

Emakumeen Asanbladan uste dugu indarkeria hori deuseztatzea erakunde, gizarte eragile eta herritar guztien erantzukizuna dela eta heldu dela garaia, esplizituki adierazteko indarkeria sexistari gaitzespena, eta indarkeria horren kontra borrokan egin duten emakumeei gorazarre egiteko. Eta ezin dugu ahaztu, emakumeek borroka hasiera-hasieratik egin dutela eta indarkeria erabili gabe.

Kontuan izanda isiltasuna eta ikusezintasuna tresna eraginkorrak izan direla indarkeria hori mantentzeko, matxismoaren zigorrik ezarekin amaitzeko derrigorrezkoa da memoria historikoa berreskuratzea. Gogoan izan behar dugu egindako borroka. Hedabide eta erakundeen diskurtsoek aditzera ematen dute, askotan, berdintasunaren aldeko borroka gauza berria dela, gure borroka eta erresistentzia ahaztuz eta ukatuz.

Indarkeria sexistaren arrastoa agerian jartzea nahi dugu, erasotzaileek gizartean topatzen duten konplizitatea eta laguntza apurtzen laguntzeko.

Historian zehar, emakumeok indarkeria jasan izan dugu, baina altxatu ere egin gara gure giza eskubide oinarrizkoenak ukatzen dizkigun sistemaren kontra. Hala ere, ez injustizia horrek sortutako sufrimenduak, ezta berdintasunaren aldeko odolik gabeko borrokak, ez dute nahikoa errekonozimendurik izan botere publikoen aldetik. Duda barik, zilegitasun gabezia horri esker mantendu egiten da indarkeria sistematiko hau. Defizit horri esker, indarkeria hau ez dago gure oroimenean jasota, eta askok uste dute emakumeen kontrako indarkeria gauza berria dela, isolatua, eta ez dute ulertzen bere egiturazko dimentsioan.

Horregatik, uste dugu gure herrian bultzatu egin behar direla indarkeria sexistaren biktimen oroitze prozesuak. Bilboko emakumeen memoria historikoa eraikitzen lagundu nahi dugu, eta prozesu horrek emakumeek espazio publikoan presentzia eta autoritate handiagoa izatea eskatzen du. Bilbon, balio sinboliko handiko oroitze lekuak sortu nahi ditugu. Leku horietan, gizarte demokratikoak adierazten du zer den garrantzitsua denontzat giza eskubideen ikuspuntutik.

Horregatik uste dugu garrantzi handikoa dela Bilboko espazio publikoan indarkeria sexistaren biktima izan diren emakumeei gorazarre egiteko leku bat sortzea.

Jakitun gaude, indarkeria sexistaren kontrako borrokak daukan zailtasun handienetako bat prebentzioa dela. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dugu herritar guztien berdintasuna bermatuko duen balio aldaketa sustatzea. Indarkeria sexistak emakumeon herritar eskubideak gauzatzeko oztoporik handiena izaten jarraitzen du.

Isiltasuna eta zigorrik ezarekin amaitzea exijitzen dugu, eta indarkeria sexistak gure giza memorian utzi duen arrastoa agerian uztea.

Indarkeria sexistaren biktimak oroitzeko leku bat sortzeak, lagunduko digu erasotzaileek askotan izan duten gizarte konplizitatea apurtzen, eta biktimek merezi duten dolua egitea ere ahalbidetuko du.

Horregatik eskatzen dugu Bilboko Albian dagoen San Vicente plazari izena aldatu eta «Azaroak 25» izena jartzeko eta atxikitutako plaka batean «Emakumeen kontrako indarkeria deuseztatzeko nazioarteko eguna» ipintzeko. Gainera, Udaletxeak, plaza horretan eraikitzeko oroigarria egiteko lehiaketa bat antolatzea eskatzen dugu. Holan, oroitze leku sinbolikoa sortuko dugu, bertan indarkeria sexistaren biktimei gorazarre eta beren bizitzaren jabe izateko borrokan egin duten emakume guztiei omenalditxoa egiteko.

Matxismoaren zigorrik ezaren kontra, indarkeria sexistaren biktimen errekonozimenduaren alde, nik ez dut eraso egiten, ezta emakumeen kontrako indarkeria onartzen edo baimentzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.