Giza krisiaren kontrako mobilizazioak Kolonbiako kartzeletan

Cesar Augusto Prada
2013ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Kolonbiako segurtasun handiko eta erdiko lau kartzelatako presoek Kartzela Mugimendu Nazional bat iragarria dute duela astebete, herrialde hartan askatasunaz gabeturiko pertsona guztien eskubideen alde, eta, atzo, apirilak 17, Preso Politikoen Nazioarteko eguna izaki, beren arrazoiak ezagutarazi nahi dizkiete Euskal Herrian eta Europan kolonbiarren giza eskubideen alde dihardutenei. Mugagabe ekin diote, berriro ere, desobedientzia baketsua egiteari, hainbat jarduera bertan behera uzteari eta, zenbaitetan, gose greba egiteari, ikusirik duela urte batzuetatik egiten ari diren beste hainbat protesta baketsuk ere ez dutelako inolako emaitzarik ekarri eta, aitzitik, Estatua modu sistematikoan ari dela areagotzen zapalkuntza tresnak.

Etengabeak dira bisita egitera doazenen kontrako tratu txarrak; emakume eta haur askok jasan behar izan dituzte negar gasak erabiltzearen ondorioak; neskatoek ere ukipen laidogarriak jasan behar izaten dituzte; txakurrentzako positibo faltsuak sortzen dituzte —alegia, drogaz igurzten diete gorputza bisitari guztiei, sarrerako txakurrek droga usna dezaten eta kanpoaldean atxiki ditzaten—; erregistroak mantso egiten dituzte, denbora erdira bihurtzeraino bisitaldi lehendik ere laburra; toki umiliagarriak eta ez batere duinak paratzen dituzte ezkontideen topaketarako, koltxonetarik gabeko logelak eskaintzeraino; kontrol neurri faxistak erabiltzen dituzte, esaterako, NUI zenbakia, horixe izaki izendapenetan identifikatzeko zenbaki bakarra, zeinetako datu baseek familiartekoen eskubideak urratzen baitituzte.

Inpec-ek (Espetxe Institutu Nazionala) ez ditu bermatzen gutxieneko bizi-baldintzak pabiloietan — Guantanamon baino okerragoak ere gertatzeraino—; oraindik ere, makila eta gasa erabili ohi dituzte, gatazkei erantzuteko neurri nagusi gisa eta erresistentzia oro apalarazteko; berriro ere, biluzarazi egiten dituzte ikuskatzeetan, eta kokoriko jarrarazten, eta sexu organoak ukitzen dizkiete; osasun arretarik ez diete eskaintzen buruko nahasmenduak dituztenei, eta, epaileen zabarkeria dela-eta ez dituztenez zentro egokietara lekualdatzen, egunero bada bere buruari erasotzen dion presoren bat —objektu zorrotzak erabilita—, baita ziegan sua pizten duenik, edota nonbaitetik zintzilikatzen denik ere.

Espetxe horietako bakoitzak bere galdekizun eta arrazoi propioak ditu, baina guztiek eskabide berberak egiten dizkiote Estatuari, zeinaren erantzukizuna baita presoen eskubideak begiratzea. Laburbildurik, honako hauek eskatzen dituzte:

1. Ikusirik larria dela kartzela barruko giza krisia —tratu laidogarriak jasaten dituzte, bai arretarik eza eta duintasuna deusestatzeko hainbat modu direla bitarteko, bai zaintzaileek indarkeria neurrigabea darabiltelako—, adierazten dute beren protestaren bidez Gobernuari galdegin nahi diotela ez izkin egiteko arazo larri horiek konponbide bat emateari, eta kartzela larrialdia deklaratzeko eta hitzarmen baterako mahai nazionala ezartzeko, espetxeratuen eledun eta guzti.

2. Osasuna: agian, kartzeletako alderdirik eskasena, ez baitago ez botikarik eta ez arreta espezializaturik. Larrialdiak, berriz, pabiloi zaintzailearen apetaren araberakoa dira. Osasun zerbitzua eskatzen dute, espetxeratu guzti-guztientzat, eguneko 24 orduetan eta asteko egun guztietan. Urari dagokionez, administrazioak utzikeria handiz jokatzen du ur sistema sanitarioak bermatzerakoan. Hobekuntza erabatekoa galdegiten dute, halaber, jakien kalitateari, kantitateari eta aurkezpenari dagokienez.

3. Komunikabideei dagokienez, eskatzen dute, batetik, telefonoak jartzeko patioetan, edo transistore txiki bat behintzat eduki ahal izatea, eta familia nahiz prozesua hurbiltzeko politika bat ezartzeko, presoak sorterriko eskualdera edo familia gunera lekualdatzeko. Eta, bestetik, administrazio oztopoak eragozteko, zigorren deskontuak zertu daitezen, eta barruko dendatxoetan eskuragarri jartzeko hainbat material, gero etekin handiago atera diezaioten tailerretako ekoizpenari. Ez dago inolako planik presoak gizarteratzeko eta lanbideren batean trebatzeko; ikasgela eta tailer birtualak baino ez dituzte. Ez dago konpromiso benetakorik ere, hainbeste lege-hausle ez pilatzeko erdiko segurtasuneko patioetan, eta segurtasun handikoetan ere pilaketarik izan ez dadin.

4. Zigorra %20 jaisteko, eta zigor subrogatuak eta administrazio onurak, bai askatasunaz gabeturiko pertsona guztiei, konponbideak bilatzen ahaleginduz gero —haiexek izaki kartzelako arazoak ongien ezaguzten dituztenak—, bai Estatuaren politika kriminaleko erreformetan, 1993ko 65 Legean jasotakoetan (Espetxe eta Kartzela Kodea); kolonbiarrik ez estraditatzea, eta Kolonbiako kartzelarik ez bihurtzea pribatu, herriaren kontrako errepresio tresna gisa erabiltzen baitituzte, baita negozio etekintsu gisa ere; horrexegatik, hain zuzen, edozein konponbide saiatzen delarik, etorkizunean kartzela dorre gehiago eraikitzeko kontratuen baldintzapean geratzen dira.

5. Bake elkarrizketak: kontuan izanik askatasunaz gabeturiko pertsonak hala daudela Kolonbiako gizartean dauden gatazken ondorioz, eskatzen dute Habanako negoziazioetan sartzeko herrialdeko kartzela arazoari konponbide bat ematea; adierazten dute itxialdian daudenek ere bat egiten dutela Paz con Justicia Social bakearen aldeko Kolonbiaren martxarekin: izan ere, «Bakeak ere preso politikoak askatzea behar du» —familiartekoek lelo horixe erabiliko dute bihar, Bogotako egonaldian—, Estatuak eragindako pobreziaren eta desberdintasunaren kontra borrokatu izana baita haien delitu bakarra; gehienak modu baketsuan borrokatu ere, eta, hortaz, komunitateko borrokalariz josita daude kartzelak, jatorri apaleko herritar xumez beteak.

Azkenik, jakinarazi nahi dute datorren ostiralean eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egingo dela euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzea, eta hantxe tarte bat hartuko dutela Kolonbiako kartzeletako errealitatea aurkezteko, preso politikoen eskubideak urratu egiten baitira bai hemen, bai han, eta bai munduko beste hainbat tokitan ere, eta horrek nazioarteko elkartasuna eskatzen du.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.