Anuntxi Arana antropologoak bere Animalia bereziak artikuluan (Berria, 05/XI/22) Jon Sudupek idatzitakoa (Gizakia, animalia berezia, Berria, 05/XI/16) erantzun nahi izan du, animalien artean gizakion lekua zein ote den eztabaida izanik. Sudupek, Gomez Pin filosofoaren planteamenduen berri ematen digu, berarekin ados dagoelarik. Ez naiz ausartzen ni, ez Gomez Pin ezta Sudupe ere defendatzen, gauza baitira beraiek euren burua defendatzeko nik baino askoz hobeto, baina nire iritzia ere plazaratu nahi dut, Aranak planteatutako hainbat punturekin ez bainago batere ados.
Aipatzen du Aranak eboluzionismoak kontserbadorismoaren arlo batzuetan sorraraziko ikara eta gaitzespena, Elizan hain zuzen. Dena dela, ahaztu egiten du teoria eboluzionista bera kontserbadorismoaren beste arlo askok erabili izana. Izan ere, eboluzionismoak animalia espezie desberdinen arteko jarraitasuna azpimarratzen duenez, ez ziren gutxi emakume askapenaren aldeko argudioak indargabe utzi nahi izan zituztenak, emakume eta beste ugaztun emeen arteko etengabetasuna defendatuz. Baina teoria zientifikoen egiatasuna eta egokitasuna gaitzetsi edo frogatzeko ez genituzke erabili beharko teoria horien erabilera politikoak zein ondorio kaltegarri edo onuragarriak gizartean, hauek zilegitasun osoz ikertu ahal baditugu ere. Horrela eginez gero, gustu guztietarako adibideak topatuko baitigu.
Horregatik ez dut ulertzen ez Linneo ez eta Aristotelesen aipamena ere, antza Aranaren iritziaren alde, eurek egindako bizidunen sailkapenetan Aranak defendatutako animalia eta pertsonen arteko etengabetasuna aurkitzen delako. Oso erraza litzateke naturalista zein filosofo ospetsuaren astakeria ugari mahai gainera ekartzea. Emakumeei buruzko Aristotelesen burutapenak sexismoaren aldeko «argudio» gisa onartu beharko ditugu orduan? Aranak kontrakoa erantzungo duelakoan nago. Hala ere, lerro batzuk aurrerago aldrebesko ariketa egiten du Aranak: oraingo honetan Descartes filosofoak esandakoa animalia eta pertsonen arteko jarraitasunaren kontra aipatzen du argudioa bailitzan zorioneko jarraitasunaren alde. Hau da: autoritate «argudioak», inoiz ez direnak baliozkoak, eta gainera baliozko hartuta gure alde zein gure kontra direnean. Kontraesan gehiegi, ezta? Batzuek eta besteek esandakoaren kasuistika amaiera gabe zabaldu daiteke. Gogoratu, bestela, orain urte batzuk komunikabideetara zabaldu zeneko Madrilgo psikologian katedradun baten kasua, liburu batean (bere ikasleek irakurri behar zutena) esaten zuena ez dakit zenbat tontakeria emakume, homosexual eta beltzen gainean.
«Natura eta kulturaren arteko zedarriak oso mugikorrak izan dira historia eta geografian zehar». Ados gaude. Baina seguru asko, Aranak onartuko du zehatzagoa dela esatea natura eta kultura kontzeptuen arteko muga dela mugikorra izan dena denboran eta espazioan zehar. Natura ez baita, besterik gabe, gure aurrean dagoen datu hutsa. Ez dute modu berean ulertzen natura ez soilik kultura desberdinetako kideek: kultura beratik atera gabe hippiek, ingeniariek, ekologistek, askatasun sexualaren aldekoek, apezpikuek, feministek eta abarrek oso modu diferenteetan interpretatzen dute natura kontzeptua. Edota Errenazimenduan eta Erromantizismoan, Erdi Aroan eta Ilustrazioan..., garaia desberdinetan indarrean egondako naturaren kontzeptuak oso bestelakoak izan dira. Natura zelan ulertu gizakiok erabakitzen baitugu, ez ustezko naturak berak (ez landareek ezta gizatiarrak ez diren animaliek ere). Kontzeptuak guztiak giza eraikuntzak dira, natura kontzeptua barne. Natura (eta kultura!) kontzeptuaren edukia idealizatu egiten da ikuspegi batzuetan, mespretxatu besteetan, tartean erdiko jarrera asko egonik.
Aranak bere burua eta txinpantze baten artean dagoen diferentzia, txinpantze eta barearen artekoa baino txikiagoa dela dio. Berak jakingo du, baina ez da hori hartzen dugun irizpidearen araberakoa? Logaritmoak egiteko gaitasuna edota Quevedoren hamalaurkunez gozatzeko ahalmena irizpide hartuko bagenu, barea eta txinpantze (beste ikuspuntuetatik morfologia esateko hain desberdinak direnak) zaku berean leudekeelakoan nago, eta ez gurekin batera.
Bestaldetik, ez da Arana lehenengoa arrazoiak ikusi dituena gure espeziea definitzeko maneiatu diren irizpideak kolokan ipintzean. Ilustraziotik hona, mendebaldeko gizarteetan feminismoa izan da zeregin horretan aitzindari. Gizatasuna definizio gehienak (orain gutxi arte guztiak ez esateko) baztertzaileak izan dira modu anitzetan. Baina nora eroaten gaitu konstatazio honek? Nire ustez, baztertzailea ez den definizioa bilatzera, ez beste inora.
Ulergarria da gure aldarrikapenak zientifikotasun eta objektibitate osoaren babespean aurkeztu nahi izatea. Baina eztabaida honen atzean ez dut uste nik zientifikotasuna denik auzian dagoena. Zientziaren zeregina mundua nola funtzionatzen den zehazki deskribatzea izanik, ezin du zientziak gure apustu etiko eta politikoaren aldeko argudiorik eskaini. Hain zuzen ere, batzuek egiten dugun apustua gure espezie kide guztien parekatzearen aldekoa baita, gainontzeko izaki bizidunengatik bereizita, ondo ulertuta horrek ez duela derrigorrean inplikatzen gure animaltasunaren ukapena: animaliak gara, bai, baina aldi berean, animaliak baino gehiago. Hortik «pertsonak ezin dira ganaduaren modura tratatu» bezalako aldarrikapen etikoak (badaezpada argituko dut hortik ezin dela ondorioztatu ganadua edozein modutan tratatu daitekeenik). Baita ere, ganadua pertsonen modura tratatzen dutenen patetismoa.
GOGOETA
Giza naturarekin gora eta behera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu