Jon Maia Soria.

Gure aukeren jabe eraikiz

2016ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Gertaerek gertaerak eragiten dituzte eta ezer ez gertatzeak gauzak bere horretan jarraitzea dakar. Eta gaurkoa gertaera bat da, berrikuntza bat, mugimendu bat aspaldion apenas mugitu den xake taulan. Gaur 150.000 biztanlek bere lurraldearen subiranotasunari buruzko herri kontsultetan parte ahal izango dute. Baina emaitzen sinbolismoaz haratago, azken erreferendumaren bidean goazela prozesua bera da balio handiena duena. Elkarrizketa, adostasuna, elkarlana, aurreiritziak eta estereotipoak gainditzeko ahalegina, herrietako betiko sektarismoak eta urteotako gerra mekanismoak gainditzearen prozesua.

Ilusio bat, ipar bat, desblokeatze sentipenak eta egindako lanaren emaitzak ikusteak ematen duen satisfakzioa azaleratzen hasi da herri zauritu honen epidermisean. Gure Esku Dago-k urteotan pozoindu eta koagulatutako zornean egiten ari den drenaje lanaren emaitzak ikusten hasi gara. Oraindik tamaina honetako ariketarik ikusi gabeak ginen, gure bizitzak —eta heriotzak— hainbeste baldintzatu dituen gai korapilatu honetan, subiranotasunaren gaian.

Ez da Egun Handia izango, baina bai Egun Handiaren bidean egun handia. Orain ahalduntzearen kontzeptua hainbeste entzuten ari garenean, aspaldion ikusi dugun ahalduntze ariketa egituratuena eta antolatuenagertatzera doa. Egitura politiko profesionaletatik kanpo eta aske, bulego ala legebiltzarrei hamarkada gehiagoz itxaroteari utzi eta euskal biztanleriaren zati batek bere norabidearen lemazain izan nahi duela argi izanik, lemari heldu, bere burua gaitu eta ematen ez zaiona hartu du.

Gure Esku Dago-k urteotan egindako (eta amaitzetik urrun dagoen) sukalde-lan, girotze eta pedagogia prozesuaren lehen kimu berri praktikoak dira kontsulta hauek.

Noraino iritsi daiteken bide hau, planteamendu hau? Ikusteke gaude, beste batzuk frogatu ditugu dagoeneko.

Biharamunak esango digu zenbateraino mamitua eta barneratua dauden batetik, erabakitze eskubidearen ideia eta bestetik, kultura parte hartzailea. Ausartzen naiz aurreratzera nahi baino txikiagoa izango dela emaitza. Baina kontua da, honez gero galdeketak antolatzea eta gauzatzea bera kontzientzia eta gaitasun gradu baten adierazle direla. Hemen, arazoen aurrean ezer ez egitea, blokeatzea edo besterik gabe kritikatzea izaten da errazena. Zailena aldiz pauso berritzaileak ematea, alternatibak bilatzea, zure denborari kendu eta horri ematea, antolatzea, lan egitea... Bejondeizuela beraz, ezer jakin baino lehen oker edo zuzen, arazo enkistatu hau deskorapilatzeko lanean gogo onez ari zaretenoi.

Galdeketa hauen atzetik galdeketa gehiago etorriko dira. Zirkuluka ibiltzeari utzi eta aurreranzko bidean abaila hartzera goaz.

Mediatikoki traba egin badezake ere, badu bere garrantzia galdeketa hauek bi hauteskunderen bezperatan gauzatzeak. Erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak talde politikoen agendak behartu behar ditu, kontrakoena eta alde daudenena.

Hau elur bola bat da, gero eta handiagoa. Erronka handiak datoz aurretik eta zenbat eta handiagoak, orduan eta handiagoa ilusioa. Erreferendum handiaren eguna ez da amets bat, ez da utopia bat. Gaurtik aurrera askoz hurbilago egongo gara eta denbora gutxi barru hatzekin ukituko dugu. Gure Esku Dago etorkizunaren errelatoa egiten ari da, iragana errepika ez dadin antidoto zuzenena.

Euskal jendartea ez dago soilik euskal abertzalez osatua, ez soilik espainiar nazionalistez osatua ere. Eta horien baitan ere talde berezituak daude, zatiketak. Horrez gain bi estatu eta hiru administraziopean bizi gara. Hori da herri honen orubea, konplikatua, hori da errealitatea. Errealitate horren baitan, bakoitzak bere proiektua du, eta denak gara euskal herritar. Denok elkarrekin bizi behar badugu, eta gertatu zaigun guztiaren ondoren gauden lekura gauden bezala iritsi bagara, soluzio berriak behar dira errealitate zahar honentzat. Espainiar sentitzen den euskal herritarrak, bai hemen jaio eta lan egiten duen espainiar sentitzen den euskal herritarrak, independentzianahi duenak bezainbateko zilegitasuna du bere proiektua gauzatzeko. Ez da iraganak ematen dion zilegitasuna (militarra, politiko-juridikoa, gerra bat irabazi izanak eta abar), gaur egungo euskal herritarra izateak ematen diona baizik.

Hemen ez dago kanporatu beharreko migratzailerik ez kolonorik. Bi norabidetan elkarri proiektuak inposatzeko garaia pasa zela uste dugu askok eta teilatu bereko etxebizitzetan bizi diren etsaiak elkar zapaltzearena ere bai. Ikusi ditugu estrategia horien emaitzak. Lortu behar dugu egungo nazionalitate inposatuarekin amaitzea, eta datorrena demokratikoki irabazia izatea. Gure esku dagok horretarako bermeak ematen ditu, sustatzailea bera, herri mugimendua delako eta subjektu erabakitzailea euskal lurraldetara dakarrelako.

Mendeetako gertaerek, baldarkeriek, garaipenek eta porrotek, huts egindako aukerek, interesek eta interes faltak, estrategia desberdinek errealitate honetara ekarri dute lurralde hau eta egun bertan bizi den jendea. Hemen arazo handi bat dago konpontzeke. Gure ardura da behingoz konponbide bat aurkitzea denok bizi dugun eta garen errealitate honi, eta ez hamarkada edo mende gehiagoz iraun dezan uztea.

Egungo eta beraz, etorkizuneko subiranotasun maila aldatzeko interesik ez duen euskal abertzalegoaren, espainiar edo frantziar nazionalistaren edo desinteresatua den jendartearen zati handi horrek ariketa honetan parte har dezan aurrez esan beharreko gauzak, eman beharreko pausoak, egin beharreko lanak ez dira gutxi. Eta hori ez da izango inorentzat makurtze bat. Independentzia zalea da egungo inposaketa eta demokrazia gabeziaren egoera honen jasaile nagusia eta, beraz, demokratikoki ukaezina den eskubidea gauzatzeko ariketa parte hartzaile honetan interes handienaerakutsi duena. Baina maila berean behar luke edozelango inposaketen aurka dagoen independentziaren aurkakoaren interesa ere. Topagune berri honetan euskal jendartean gehiengo bat sortzen bada, errealitatearen emaitza izango denez, jendartearen gehiengoak erabakitzen duena onartuko dugu. Eta erakundeek gobernatzen duten jendartearen gehiengoaren mandatua betetzeko obligazioa izango dute, baita emaitza estatu subirano bat osatzea bada ere. Lehenengo urratsak egiten ari gara. Inoren zain egon gabe, heldutasunez, arduratsu, Xabier Leteren esaldi hura gogoratuz, beren aukeren jabe eraikiz ari dira euskal herritarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.