Paul Bilbao Sarria.

Gure deiadarra: ofizialtasuna

2015eko urriaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nahi baino gehiagotan atera behar izan dugu karriketara, bai. Nahi baino gehiagotan aldarrikatu behar izan dugu euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu behar zaigula. Nahi baino gehiagotan lau haizeetara zabaldu behar izan behar dugu izan bagarela. Guk euskaraz bizi nahi dugu, duintasunez bizi nahi dugu eta, horretarako, botere publikoek tresnak jarri behar dituzte nahi hori egiazko izan dadin.

Nazioarteko instituzioek hainbat aldiz esan diote Frantziako Gobernuari ezin diola jarrera jakobino horri jarraitu. Hamaika aldiz ditxosozko égalite kontzeptua ezin dela hizkuntza-komunitate gutxiagotuetako herritarrei aitortza ez egiteko baliatu. Eta, bai, nahi baino gehiagotan esan diote jarrera aldatu behar duela, nori eta liberté haizatzen duen Estatuari.

Azken hilabeteotan sirena-hotsen moduko kantuak zabaltzen ari dira Paristik. Horrela, enegarren aldiz Erregio edo Gutxiengoen Europako Ituna berresteko urratsak egiten ari direla esaten ari dira. Askotan aldarrikatu izan dugu Estatuak Itun hori berretsi beharko lukeela. Halere, gogora dezagun Itun hori Europako oinarri demokratikoetan kokatzen den dokumentua dela, eta beraz, oraindik berretsi ez izanak Gobernuaren benetako jarrera besterik ez duela islatzen.

Izan ere, oinarri demokratikoez haratago jo beharko luke Gobernuak. Gureari eta gurea bezalako hizkuntzei estatus egokia esleitu behar die, ofizialtasuna, hain zuzen ere. Hizkuntza baten berreskurapen prozesua erdiesteko agintariek arkitektura juridiko egokia eraiki behar dute, hizkuntza-plangintza egokiak abian jarri eta bitartekoak eskaini, hizkuntza-politika eragingarria, alegia.

Eta, bai, Ulisesek entzuten zituen sirena-hotsen modukoak direla esango nuke. Izan ere, egunerokoan beste praxi bat eramaten dute aurrera. Agintari horiek beroiek ukatu zioten Uztaritzeko Herriko Etxeari euskarari ofizialtasun estatusa esleitzea. Agintari horiek beroiek, berriki, Hiru Saretak salatu bezala, institutuetan euskarazko irakaskuntza arriskuan jarriko duen erreforma abian jarriko dute. Agintari horiek beroiek gogorarazten diguten behin eta berriro frantsesa dela Errepublikaren hizkuntza bakarra.

Halere, eta hori guztia gertatzen ari bada ere, Ulisesen itsasontzian zihoazen marinelen gisa, argizaria dugu belarrietan eta horri esker euskarazko proiektuek aurrera egiten dute, euskarazko irakaskuntzan gero eta ikasle gehiago dago, euskarazko hedabideez goza dezakegu… Euskararen herri mugimenduak haizeak kontrara zakar jo arren, aurrera egiteko determinazioa duela erakutsi du. Halere, hori ez da nahikoa, edozein hizkuntzaren normalizazio-prozesua soziala ez ezik, politikoa ere badelako.

Nahi baino gehiagotan atera behar izan dugu karriketara, bai, Frantziako instituzioek entzungor egiten diotelako milaka herritarrek duintasunez bizitzeko eskubidea bermatzeko tresnak jartzeari. Horrexegatik guztiagatik, hain zuzen ere, ez gara geldirik egongo. Urriaren 24an Montpelhièr, Aiacciu, Karaez eta Baionako karrikak bete behar ditugu. Liberté, egalité eta fraternité kontzeptuak ikurritza dituen Estatuari bere printzipioei kasu egin eta entzungorrarena egiteari utz diezaiola exijituko diogu. Eta, bai, beste behin, euskaraz, bretoieraz, okzitanieraz, alsazieraz, katalanez… bizitzeko nahiak kaleak beteko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.